GARA
Reykjavik

Legez, lan beragatik emakumeei eta gizonei soldata bera dagokie Islandian

Urte berriarekin, lan bera edo balio bera duen lana egiteagatik gizon eta emakumeek soldata bera jasotzea lege-betebehar bihurtu da Islandian. Genero desberdintasun txikiena zuen herrialdea munduko lehena da soldata berdintasuna egikaritzen duen protokoloa ezartzen.

Indarrean sartu da dagoeneko Islandian –Ipar Atlantikoan kokatua dagoen 323.000 biztanleko uharteko nazio txiki baina ekonomikoki indartsuan– lan bera egiteagatik gizonezkoei emakumezkoei baino soldata handiagoa ematea debekatzen duen legea. Horrenbestez, soldata berdintasuna asmo on izatetik ekintza gauzagarria izatera pasatu da, lege-betebeharra bihurtu baita eta ez betetzeak isunak jasotzea baitakar.

“The Equal Pay Standard” deituriko sistema Islandiako sindikatuen, enpresa konfederazioen eta gobernuaren arteko negoziazio luzeen fruitua da. Boto eskubideak mendea bete, genero berdintasunaren aldeko sei hamarkadako legedi bat izan eta mundu mailako herrialde berdinzale eta aurreratuena izan arren, Islandiako emakumeek %7-19 soldata txikiagoa jasotzen dutela egiaztagarria dela oharturik abiatu ziren negoziazioak, hain zuzen.

Sistema horrek, funtsean, arau eta jokabide sorta bat jartzen du indarrean, mekanismo bat: 25 langile baino gehiagoko enpresak gobernuak emandako soldata-berdintasun ziurtagiria eskuratzera behartzen dituena. Nolabait, konpainiek eta produktuek “ekologikoa” edo “bidezko merkataritza” ziurtagiriak eskatzen eta jasotzen dituzten bezala, orain soldata berdintasunarena eskuratzera behartuta daude. Behin ziurtagiria lortuta, aukera izango dute horren publizitatea egiteko, eta kontsumitzaileak hautatu ahal izango du gizon eta emakumeei berdin ordaintzen dieten enpresen produktuak erostea.

Merkatuaren indarrekin bat

Mekanismo honek gobernuaren eta oposizioaren babesa jaso zuen, ia legebiltzarkideen erdiak emakumezkoak diren Parlamentuan. Soldatetan genero arrakala arazo sistemikoa dela, berdintasunaren aldeko kontzientzia soziala aski hedatuta bai baina legediak ez zuela berdintasuna bermatzen iritzita, 2020. urterako lan beragatik soldata bera ziurtatuko duen anbizio handiko plan nazional baten parte bat baino ez da abian jarritako ekimen hau.

”The Equal Pay Standard” mekanismoa, nazioarteko ISO ziurtagirien praktiketan oinarritua dago, eta, nazioarteko estandarrak diren neurrian, beste herrialde batzuetara helarazi eta ezarri ahal izango dela uste du Islandiak.

Berdintasunari eta justiziari bide emanda, munduari eredu bat eskaintzen dio. Erabat sinistuta daude genero desberdintasunaren kontrako tresna bat jarri dutela martxan, eta merkatuaren indarrekin batera praktikan jarria bada ere, sozialki oso aurrerakoia dela.

Eta, horrenbestez, enpresei berdintasuna praktikatzeko pizgarria emanez, aurrerantzean soldata ezberdintasunaren bidez negozioa egiten duten konpainia publiko eta pribatuei kontuak eskatzeko orduan gauzak asko erraztuko dira.