Ariane KAMIO

ERREFERENTZIALTASUN AITORTUA

EUSKAL KULTURAREN ALORREKO AURPEGI EZAGUNAK IGARO ZIREN ATZO JOXANTON ARTZEREN HILBEILATIK. BATEZ ERE MUSIKAREN MUNDUARI ATXIKITAKO LAGUNEK EMAN ZIOTEN AZKEN AGURRA ARTZERI. GUZTIEK SORTZAILE USURBILDARRAREN ERREFERENTZIALTASUNA GORETSI ZUTEN, POETIKATIK HARAGO JOANDAKO IBILBIDE LUZEAREN ONDOTIK JORRATUA.

Donostiako Errekalde auzoan, eguerdiko 12.30etik aurrera ezarri zen atzo JoxAnton Artzeren hilbeila. Arratsaldeko lehen orduetatik aitzin jende ugari hurbildu zen idazle usurbildarrari azken agurra ematera. Batez ere musikaren alorrean aritzen diren aurpegi ezagunak ikusi ahal izan ziren tanatorioan, baita literaturaren munduan aritzen direnak ere. Kazetarioi egokitzen zaigun lan zailenetako bat egiterakoan –hil berri den norbaiten inguruko adierazpenak lortu nahian guardia egitearena– askok eta askok ezin izan zuten Artzeren inguruko hitz bakar bat ere eskaini, haren heriotzak sortutako hunkidura dela-eta. Elkar argitaletxeko hainbat lagun izan ziren arratsaldeko lehenengo orduetan, Olatz Osa edo Anjel Valdes editore musikala, kasu, azken hau Artzeren heriotzagatik guztiz atsekabetuta. Argitaletxearen izenean Jose Mari Sors buruak eskaini zituen hitz batzuk: «Asteartean egin nion bisita. Ez genuen uste halakorik hain azkar gertatuko zenik. Buruan zituen proiektuez aritu ginen hizketan, musikaz, poesiaz... baita prosaz ere. Prosa idazten hasia zela esan zidan, prosa azkarra zuela... Ustekabekoa izan da bere heriotza».

JoxAntonen bizitza pertsonalean eta profesionalean garrantzi berezia izan zutenen bisita ere izan zen atzo Errekalden. Mikel Laboa zenaren alargun Marisol Bastida izan zen beilatokira hurreratu zenetako bat. Baita Jose Luis Zumetaren alaba Usoa Zumeta ere. Artista usurbildarra atzerrian da eta ezin izan zuen Errekalderaino hurbildu. Biek ala biek ere uko egin zioten hedabideen aurrean adierazpenak egiteari, Artzeren heriotzagatik lur jota. Egoera berberean zen Eñaut Elorrieta musikari eta abeslaria.

Katebegia

Arratsaldeko orduak aurrera joan ahala, bisitari oldea areagotu zen beilatokian. Ubeda anaiak (Joni eta Imanol) gerturatu ziren Errekaldera, Artzeren sendia agurtu eta harekin izan zuten harremana gogoratzera. Bide Ertzean taldeak poeta usurbildarraren poemetan oinarritutako ikuskizuna egin zuen 2014. urtean Metrokoadroka kolektiboko kide Oier Guillan eta Asier Sarasolarekin batera. Imanol Ubedak halaxe gogoratu zuen Artzeren irudia: «Musikaren alorrean ikuspegi luzea zuen sortzailea zen eta ekarpen handia egin zuen. Bere herriak, Usurbilek, gainera, omenaldi bat eskaini zion bizirik zegoen bitartean eta hori oso garrantzitsua da. Txalapartaz harago, euskal musikagintzan garrantzi handiko sortzailea izan zen».

Musikagintzan instrumentu azpimarragarririk bada Artzeren bizitzan txalaparta da hura. Donostiaraino gerturatu ziren atzo Oreka TX taldeko kideak. Harkaitz Martinezek ekarri zituen gogora Artzeren inguruko ideia zenbait. «Katebegi garrantzitsu bat izan da, guretzat erreferentzia bat», aipatu zuen instrumentuaren berreskurapenari eta biziberritzeari erreferentzia eginez. «Txalaparta berreskuratu egin zuten –berak eta Jexux anaiak– geratzen ziren txalapartari bikote urriengandik, eta instrumentu garaikide bilakatu zuten».

Errekaldera gerturatu ziren askok izan zuten ahotan belaunaldi jakin baten amaiera, eta haien gogora etorri ziren JoxAnton Artzerekin ibilbidea elkarbanatu zuten sortzaileak. Mikel Laboaren irudia ahotan erabili zuen Iñaki Salvador piano jotzaile donostiarrak eta biek ala biek osatzen zuten taldea goretsi zuen. «Sekulako ekarpena egin zuen Artzek, ikaragarria. Eta eragin handia izan zuen beste sortzaile askorengan». Berak utzitako ondarea, urteetan ondutako lanak, indar handikoak izan zirela jarri zuen azpimarran.

JoxAnton Artzek poesian egin zuen ekarpen garrantzitsuena literaturari dagokionez, eta Errekalden izan ziren azken agurra ematen hainbat idazle, horien artean, Yolanda Arrieta, Xabier Mendiguren eta Pello Elzaburu. Zerrenda luzea litzateke aipatzekoa bisitariei dagokienez, hainbat izan baitziren Errekaldetik igarotakoak. Gehiago aipatzearren, Joseba Tapia musikaria edo Markel Olano ahaldun nagusia.