Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Musuak (I)

Urtero legez, gaileta sasoia iritsi dela iragarri du ezagun batek. Girl scout talde batean du alaba eta haren bitartez gailetak erostea dagokigula esan nahi du horrek. Gaileta salmentatik jasotako dirua elkartera doa neskatoei bideraturiko programak laguntzeko, eta komunitateari zuzendutako proiektuetara ere bideratu ohi dute kopuruaren parte bat. Nahiko arrakastatsuak izan ohi dira girl scoutak gaileten salmentan, baina auskalo berdin gertatuko den aurten. Izan ere, jaiegunen harira erakundeak egindako deiak hautsak harrotu ditu hainbat esparrutan. Ospakizun ororen harira ohikoa denez neskatoak senide, ezagun eta dena delakoak musu ematera ez behartzeko eskatu zuen erakundeak beren gorputzen eta afektuen jabetzaren gaineko mezu okerra zabaltzen duelako. Halako eskaria probokaziotzat hartu dute familiaren ongizatearen zaindariek eta neskatoen buruak ideologiaz betetzea leporatu diote erakundeari.

Britaniar inperioko gerretan sasoituriko Baden Powellek eratu zituen mutikoei zuzenduriko boy scout delakoak XX. mende hasieran, ariketa fisikoa, militarismoa eta maskulinitatea lotzen zituen printzipioaren arabera. Herritar ideala, betiere gizonezkoa, gaztetatik formatu behar zela-eta boy scouten mugimenduak arrakasta handia izan zuen inperioko lurraldeetan –Irlandaren independentziaren aldeko mugimenduak bere egin zituen Baden Powellen ideia asko– zein AEBetako kolonia ohian. Girl scout-ak handik urte batzuetara antolatu zituen, kasu honetan emakume eredu jakin bat bultzatze aldera.