Haritz LARRAÑAGA
baiona
Entrevue
MARILOU LAPEYRADE
BAIONAKO ZIZPA GAZTETXEKO KIDEA

«Bilan positiboa eta gerorako dugun gogoa ospatuko dugu»

Etxepare Lizeoko barnetegian lan egiten du, euskarazko kurtsoak ematen ditu Itsasuko AEKn, eta laster ingurumenaren animatzaile gisara eskoletan lan egiten hasteko asmoa du, baina artean, Baionako Zizpa gaztetxean xahutzen ditu bere denbora librean dituen orduak.

Gaupasa eginda agertu da Marilou hitzordura, baina ez parrandan ibili delako, Etxepare Lizeoko barnetegian begirale gisa gauez lan egiten duelako baizik. 23 urteko angeluarrak Zizpa gaztetxearen bigarren urteurrenaren nondik norakoen berri eman digu.

Nola hasi zinen gaztetxeko gauzetan parte hartzen?

Duela urte eta erdi hasi nintzen, zeren hemen dabiltzan asko gertuko lagunak ditut, hastapenetik jakin nuen gaztetxea sortzen zela, baina sasoian ez nintzen libre, beraz, denbora ukan dudanetik engaiatu naiz.

Aurreko gazte asanbladen berri zuzenik izan duzu?

Ni hona etorri nintzenean jada gaztetxea martxan zen, baina transmisioa ematen da, sarri entzuten ditugu izan diren esperientzia desberdinen kontakizunak. Horrez gain, ekitaldi potolo bat egiten den bakoitzean sarrera hitzaldi bat egiten da, zertarako garen, nor garen eta nondik gatozen esplikatzeko.

Eta nondik zatozte?

Aurrez izan ziren beste gazte asanbladak, baina oraingoa 2007. urtean sortu zen Baionako Gazte Asanbladaren segida da. Urte luzez izan ziren lokal bat eskuratzeko Udalarekin bildu nahian, baina ez zuten erantzunik jasotzen, beraz Justizia Jauregia zena okupatu zuten 2013ko uztailean. Ekintza hari esker Herriko Etxearekin komunikazio hari bat ireki zen eta harreman haien emaitza izan zen egungo lokala.

Zer moduzko harremana duzue Herriko Etxearekin?

Harreman ona dugu. Aski askatasun handia dugu gure proiektuak aitzinatzeko, ez gaituzte hurbiletik zaintzen. Duela bi urte, Herriko Etxeak hiru urterako utzi zigun lokal hau, baina ez gara datorren urtean lokala kenduko diguten beldur, zeren auzoan erreferentzia bilakatu gara, ikusi da gaztetxea beharrezkoa dela, eta baliagarria dela, guretzat eta elkarte aunitzentzat.

Bigarren urtemuga. Bada ospatzeko arrazoirik?

Bai, badugu gauza anitz ospatzeko. Urteko bilana biziki positiboa da. Guretzat lorpen garrantzitsuena da gaztetxea hain bizirik atxiki izana urte osoan. Badira gunearen erabilpen desberdinak, etortzen dira elkarte batzuk eta beraiek antolatzen dituzte beren ekitaldiak. Urtean zehar astean behin etortzen direnak ere badira, tango edo kapoeira tailerrak kasu. Horrez gain, guk beste batzuekin elkarlanean eramaten ditugun proiektuak daude eta Udalarekin ere egiten ditugu gauzak.

 

Zenbat gazte biltzen dira Gazte Asanbladan?

Zizpan jende aunitz ibiltzen da, baina tresna bat da. Zizpa biziarazten duen taldea Gazte Asanblada da eta iraunkorki hamabost bat lagun elkartzen gara. Hala ere, zizpakide gehiago xerkatzen dugu. Ateak irekiak dira.

Zeintzuk dira orain esku artean dituzuen proiektu esanguratsuenak?

Orain urteurrenaren antolaketan zentratuak gaude, egun osoko antolakuntza baita, eta horrek alimaleko lana suposatzen du, baina horren ostean, denbora bat hartu nahi dugu gogoeta bat egiteko, aurrera begira lehentasunak finkatu eta jorratu behar ditugun gaiak zeintzuk izan daitezkeen zehazteko.

Zer topatuko du urtarrilaren 27an Zizpa gaztetxera gerturatzen denak?

Kristoren giroa, besta giroa, poz giroa, musika, dantza, poteoa, bazkaria... Gonbita igorria da email bidez elkarte desberdinei, auzokideei eta Herriko Etxeari, baina deialdi zabala egiten dugu, denentzat irekia da.

Egitarauaren nondik norakoak argituko dizkiguzu?

Goizeko 11.30ean abiatuko da eguna aperitifarekin. Herriko Etxea eta beste zenbait elkarte gonbidatu ditugu, baina denei irekia da; eta gero, poteoa abiatuko da Bidarteko trikitilariekin.

Prest izanen garelarik mahaira pasatuko gara. Bazkaria gaztetxean izango da eta txartelak Cafe des Pyrenees ostatuan erosten ahal dira. Bazkariaren ostean Baiona aldera abiatuko gara. Giroa bizitzeko poteo-joko batzuk egingo ditugu eta gauean itzuliko gara gaztetxerat, kontzertuak entzutera: Joseph Le Hibou, Su Ta Gar, eta Dj Bull.