Maitane ALDANONDO
Bilbo

Pedalkadaz pedalkada hazten doan merkatua

Bizikleta elektrikoen erabilera Europan oso zabaldua badago ere, mantso ari da sartzen Hego Euskal Herrian. Bibóo enpresa bilbotarrak horien aldeko apustua egin zuen 2015ean. Txirringak diseinatu, muntatu eta saltzeaz gain, berezko sistema garatzen ari dira ere.

Bizikleta garraiobide ohikoa bilakatu da azken urteotan, eta gutxika bada ere, txirringa elektronikoak ere tartea egiten hasi dira. Hauek garatu eta saltzen ditu Bibóo enpresa bilbotarrak. Oraindik oso ezaguna ez dela onartu arren, probatzen dutenei gustatzen zaiela eta errepikatzen dutela dio komunikazio eta marketin arduradun Maria Ribatek. «Hasi ginenean hemen ia inork ez zuen bizikleta elektrikoa probatu, eta ikusi, Interneten edo... Ez ziren oso ezagunak. Uste dut bi urteotan askoz gehiago ikusten direla, interesa handitzen doala eta jende gehiago animatzen ari dela».

José Ramón Ribate eta Pretty Sangrona sustatzaileek 2015an erabaki zuten merkatu nitxo horretan sartzea Eurobike azokan –bizikleten alorreko Europako garrantzitsuena– egon ondoren. Biak ala biak beti egon dira bi gurpilen munduari lotuta, era batera edo bestera. Ribate, esaterako, zalea izateaz gain, Titanium High Technology lasterketa bizikleta enpresaren sortzaileetako bat da. «Aukera bat zegoela ikusi zuten eta hala hasi zen abentura», argitu du ordezkariak. 50.000€-ko kapitalarekin, urte hartan bertan hasi zuten ibilbide berria.

Lehen hilabeteak modeloak diseinatu, hornitzaileak aurkitu, marka landu... eta beharrezko guztia prestatzeko erabili zituzten. Bilbon diseinatzen dituzte txirringak, baina osagai gehienak atzerrikoak dira. Sistema elektrikoak eta bateriak Europako edo Japoniako «marka ezagunenak dira, fidagarritasuna eta bermea ematen digutelako». Koadroak, aldiz, Taiwanen egiten dituzte, «ez hemen ez Estatuan ez dagoelako koadrogilerik maila industrialean». Bestelako osagaietan aukera zabalagoa da, eta esaterako, Gurpil enpresa euskaldunaren gurpilak erabiltzen dituzte. Guztia hona ekarri, margotu eta hemen muntatzen dute. Epe laburrera begira, esku artean duten erronketako bat sistema elektriko propioa garatzea da. Laster izatea espero dute. Bertan berrikuntza batzuk gehituko dituzte egungoekin alderatuta; eta horrekin, modelo gehiago ateratzea aurreikusten dute ere.

Ezusteko merkaturatzea

Hiru motatako txirringak egiten dituzte: urbanoak, errepidekoak eta mendikoak. Erabilera bakoitzaren araberako moldaketez gain, alde nagusia, asistentzia modalitatea da. Urbanoen artean, bi modelo dituzte: Gekko fixiea –piñoi finkokoa–, hirian ibiltzeko aproposa, eta Yak, trekkinerako ere egokia. Garatu zuten lehena Gekko izan zen eta bereziena da. Ribateren hitzetan, «ikusita ez da igartzen elektrikoa denik, oso sotila da». Bluetooth bidez konekta daiteke sakelako telefonora ibilbidea, abiadura... ikusteko edo gurpila blokeatzeko. 50 kilometroko autonomia du gutxi gorabehera, beste modeloen sistemek dutenaren erdia inguru; baina atzeraka pedalei eraginez sistema karga daiteke, «ez da ehuneko ehun kargatuko, baina ez zara bateria gabe geldituko».

2016ko irailean webgunea abiarazi zuten, eta horrekin, lehen salmentak hasi zituzten. Piñoi finkokoak dira salduenak, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, horiekien eman zuten ezagutzera enpresa, eta bestetik, iazko uda arte ez dituzte merkaturatu errepidekoak eta mendikoak. 1.500 eta 4.000 euro arteko salneurria dute, modeloaren arabera. Edonola ere, katalogoan dituztenez gain, beharren edo gustuen arabera pertsonalizatzeko aukera ere ematen dute. Hirikoen kasuan, estetikari lotuak dira, kolorea aldatu edo izena jarri koadroan; mendiko eta errepidekoetan, aldiz, zabalagoa da moldagarritasuna. «Berak nahi duen bizikleta edo duen aurrekontuaren araberakoa egingo genuke».

Internet bidez saltzearen aldeko apustua egin zuten sorreratik. «Online saltzen dugu malgutasuna ematen baitigu prezio hobeak eskaintzeko kalitatea galdu barik eta kontaktu zuzena izateko bezeroagaz», zehaztu du Ribatek. Salerosketen %90 webgunearen bidez egiten dituzte, izan ere, Bibóo Point delakoak ere badituzte. Bertan, bizikletak probatu eta eros daitezke. Egun, hiru dituzte, bana, Bilbon, Galizian eta Madrilen. Gutxi dira eta hala izatea nahi dute. «Gehiago izango dira, baina kontrolatuta» aurreikusi du ordezkariak. Eroslearen profila txirringa motaren arabera aldatzen den arren, gizonezkoak eta 30-35 urtetik gorakoak dira gehien ba; errepidekoen kasuan, adin nagusiagokoak, 50 urtetik gorakoak.

Estatuko merkatuari begira ekin bazuten ere, ezusteko bat izan zuten; Italian, Frantzian, Belgikan... saltzen hasi baitziren. Ordezkariak argitu duenez, «eman nahi genuen pauso bat zen. Taldean geunden kide guztiak nazioarteko alorretik, esportaziotik, gentozen, baina gutxika joan nahi genuen: webgunea beste hizkuntzetan jarri, estrategiak aztertu...». Arineketan egin behar izan zuten hori guztia, baina emaitza ona izaten ari dela dirudi. 2017a bukatu dute 350.000€-ko fakturazioa gaindituz eta %40a Europan saltzen.

Esportazioen kopurua hazten joango dela uste dute, aukerak ez baitzaizkie falta. Izan ere, AEBtatik eta Japoniatik ere heldu baitzaie interesa, baina bidalketa gastuak tarteko, zaila da eskariak gauzatzea. «Europan oso konpetitiboak dira eta edonora bidal daiteke, baina haietara bidaltzea garestiagoa da. Ezin gara gastuen kargu egin eta bezeroa atzera botatzen da», azaldu du Ribatek.

Estatuari dagokionean, berriz, Mediterraneo aldean dute bezero gehien, Bartzelona edota Valentzian, eta urbanoak, Madrilen ere ondo saltzen dituzte. Bilbon eta inguruan gero eta ezagunago dira, eta horri esker, «hemen ere hasi gara pixka bat hazten».