Nerea GOTI

ANIZTASUN PEDAGOGIKOA ELIKATZEKO DEIA, ULIAKO BASOTIK

Bihotz Inguru baso-eskolan 3-6 urteko haurrek jolasaren bidez lantzen dituzte ikasi behar dituzten konpetentziak. Familien apustua eta egitasmo pedagogikoa sendoak dira; orain erakundeen babesa falta zaie, natura ikasgela duen egitasmo hau egonkortzeko.

Cristina Enea fundazioarekin sinatutako hitzarmen bati esker, Donostiako Ulia mendiko Interpretazio Zentroko beheko solairuan «baso jolasgunea» egokitu du familia talde batek. Ez da aisaldi jardueretarako gune bat, ezta ingurumena babesteko ekimen bat, egitasmo pedagogikoa baizik, baina zerikusi handia dauka naturan egoteko eta hazteko moduarekin. Bihotz Inguru du izena, baso-eskola bat da, eta beraiena bezalako hezkuntza eredu berritzaileek gure gizartean lekua behar dutela aldarrikatzen dute. Eredu horien beharra familiek eurek baieztatzen dute jada; orain kalean dagoen errekonozimendu hori erakundeek aintzat hartu, babestu eta laguntzea nahi dute. Proiektu sendoa da arlo pedagogikoan, baina baldintza egokiak behar ditu egonkortzeko, bai familiei begira, baita pedagogia horren hezitzaileen ikuspuntutik. Urrats berriak egin nahiko lituzkete homologazioaren arloan eta ziklo gehiago eskaintzeari begira, baina lehenengo erronka egungo ziurgabetasuna gainditzea eta proiektua sendotzea dute.

Ikasturte honetan 20 haur daude jolasgunean. Bi taldetan aritzen dira. Talde batek astelehenetik ostiralera ordutegi jarraian egiten diren saioetan hartzen du parte, 9.30etik 13.30era. Beste talde bat astean bitan joaten da Bihotz Ingurura, ostegunetan eta ostiraletan. Azken hauetako gehienak eskolatuta daude eta eredu ‘misto’ batean aritzen dira, ohiko eskola eta baso-jolasgunea uztartuz.

Baso-eskolako saioa harrera batekin hasten da, Xarmant izeneko zuhaitz handiaren ondoan. «Eguraldiaren arabera, jolasgunea aukeratu ondoren jolasteko saioa proposatzen da, ordu eta erdikoa; jolas librea da, nahierara ibiltzeko, korrika... haurrek imajina dezaketen edozer gauzagarri egiten», azaldu du egitasmoaren bultzatzaileetako Larraitzek. Hamarretakoa egiteko tartea hartuta, jolas libreko saioa ipuinarekin amaitzen da. «Normalean erdi bat-batekoa da ipuina; goizean zehar izan diren egoerak elaboratzen dira ipuinaren bitartez, eta goiz osoan beren kasa ibili ondoren umeak oso errezeptibo dauden unea» dela azaldu du ama eta hezitzaileak.

Nabarmentzen dute «haurrak hazkuntzarako duen gaitasun naturala aintzat hartzen» duen hezkuntza-eremu segurua dela baso-eskola, eta «natura bidelagun izanik, haurraren askatasuna eta erritmo indibiduala» errespetatzea daudela ereduaren oinarrian.

Curriculum ofizialean ezartzen dituzten edukien gainetik, «hemen protagonista haurra da, bere behar afektibo eta emozionalak, eta behar horien asetasunetik haurraren hazkuntza-prozesuan bidelagun bilakatzea». Prozesu horretan, jakina, konpetentzia ugari lantzen dira, «hizkuntzakoak, logikakoak, motrizitatea, sozioafektiboak, taldekotasuna... metodologia honek haurraren barne jarioa aktibatzen du».

Behar guztiak asetzen ez direnean

Bistakoa da betiko eskola eredutik urrun dagoela Bihotz Inguruk proposatzen duen bide pedagogikoa, eta hortik dator, hain zuzen ere, elkartearen sorrera bultzatu zuen beharra. «Haur Hezkuntzan hainbat hutsune ikusten genituen. Guraso eta hezitzaile moduan eredu horrek ez gintuen asetzen», azaldu dute. Oraingoz ziklo bakarra izanik, hori gaindituta ohiko eredura salto egiteak sortzen duen kezkaz galdetuta, ez dira harritzen. Argi dute, halere, eredu tradizionalera egokitzea ez dela arazoa, haurrek badituztelako «estrategia sozial eta emozionala garatzeko errekurtso eta baliabide nahikoak».

«Askotan egin digute galdera. Badago gure gizartean halako beldur bat eredu normalizatu eta arautu horretatik ateratzeko», esan du Larraitzek, eta gaineratu du «agian» pentsaera hori ez dela hain nabarmena «askatasun kultural handiagoa duten herrialdeetan». Hausnarketarekin jarraituz, Larraitzek esan duenez, bular ematea luzatzearekin antzeko argudioa entzuten dela. Argudioaren logika berdin-berdina da, «ez al da hobe ahalik eta gehien luzatzea, beranduago egokitzeko aldi bat ireki behar bada ere?».

Bihotz Ingurun daudenek haurrek sei urtetik aurrera eredu berean jarraitzea nahi lukete, baina ez da posible oraindik: «Oraingoz nahikoa lan daukagu daukaguna egonkortzen. Izugarrizko energia, ahalegina eta konpromisoa eskatzen du tankera honetako proiektu bat aurrera ateratzeak». Alde horretatik, erakunde publikoen onespena eta laguntza falta zaie. Administrazioak aniztasun pedagogikoa bermatu beharko luke, euren iritziz. Uliako familiek hau bezalako eredu bat behar dute, eta gero eta bistakoagoa da hezkuntza-sistema estandarizatuaren aurrean gero eta familia gehiagok bestelako hezkuntza-eskaintzak bilatzen dituztela. Horregatik, premiazkoa ikusten dute aniztasun pedagogikoa onartu eta horri bide ematea. Planteatzen dutenez, gauza ez da «gurea mugatzea curriculumetik pasatzeko», baizik eta «hezkuntza bera pixka bat lasaitzea aniztasun pedagogiko handiago bat onartzeko».

«Gurea bezalako egitasmoak aitzindariak, berritzaileak izanik» babestu egin beharko liratekeela diote eta sarritan berrikuntza pedagogiko orokorragoak egitasmo txikien eskutik datozela. «Hezkuntza sisteman aldaketa orokorrak ez dira egun batetik bestera gertatzen, aurretik ausardiaz jokatuta eta premiei erantzun nahian, konpromiso handiarekin eta bitarteko material eskasekin esperimentazio eremu berriak irekitzen» dira. Horien beharra, nahia eta balioa errealitatea da dagoeneko; horri erantzuna ematea da gizarteak duen erronka. Erakundeen babesari helduta, laguntza ekonomikoa behar dutela nabarmentzen dute. Egun, ekitaldiz ekitaldi eta urtez urte jasotako laguntzak dituzte, baina horrek «ziurgabetasuna» ematen dio proiektuari: «Edozein halabehar gertatzen dela guk bakarrik gure indarrekin erantzun ahal dugu» eta haurrak ekartzen dituzten familien espektatibei erantzun behar dietela gogorarazi dute.