GARA
GASTEIZ

«Eraldaketa. SortzaileON afera», artea emakumeen optikatik

«Eraldaketa: SortzaileON afera» proiektuak sorkuntza prozesuari erreparatzea du helburu, emakume sortzaileen sorkuntza jarduera oinarri hartuta. Irantzu Lekue artista garaikidea, Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinemagilea ari dira proiektua gidatzen.

Egitasmo berria abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak: “Eraldaketa: SortzaileON afera”. Gasteiztarrak berak azaldu zuenez, proiektuak sorkuntza prozesuari erreparatzea du helburu emakume sortzaileen sorkuntza jarduera oinarri hartuta, eta xede nagusia da erakustea «kontzeptuak, sorkuntza prozesuaren inguruko irudi eta aurreiritziak, kultura, kulturak, artea, arteak bizitzeko moduak, eta kulturgileen irudia».

Ekimenak Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzea ere badu helburu, bi fasetan: batetik, oinarri teorikoan sakonduz; bestetik, euskarazko ikus-entzunezko muntaketa esperimentala sortuz, zehazki bideo-arte pieza bat.

Lekuek Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatutako “Gazte sortzaileak” beka eskuratu du egitasmoa bururaino eramateko eta Olatz Alonso kazetariarekin eta Maider Oleaga zinemagilearekin ari da horretarako lanean. Proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna landuz aurretik, sormen prozesua bigarren eta erakusketa publiko batekin azkenik.

Lekueren hitzetan, «handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko?», galdegin zuen. Ildo beretik hitz egin zuen Alonsok ere: «Zer egin daiteke kulturgileak eta publikoak gerturatzeko? Sorkuntzari, sorkuntza faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko?».

“Eraldaketa: SortzaileON afera” proiektuak sormenari erreparatuko dio, bereziki sorkuntza prozesuari, gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. «Kultura garaikideaz ariko da, garaiko belaunaldiekin», azaldu zuen Lekuek.

Alonsok azaldutakoaren arabera, «kulturaren berezko balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste, eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa, nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina hau guztia sorkuntza prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren garapena bigarren fase batean utzita».

Oro har, kontsumitzaileari «bukatua dagoen produktua» eskaintzen zaiola uste dute eta logika horrek sorkuntza prozesua artistaren isilpeko lan eta, beraz, «pribatu» bilakatzen duela. «Uste da produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile bihurtu?», galdetzen dute sustatzaileek.

Ahozkotasuna zutoin

Helburu horiek erdiesteko ahozkotasuna izango du oinarri proiektuak. Horretarako, zazpi kultur saio antolatuko dituzte, kulturaren eta artearen munduan dabiltzan emakumeekin. «Guztiekin, sormenaren inguruan solastatuko gara, eta emakumeen lanak mahai gainean jarriko ditugu», azaldu zuen Alonsok. Nabarmendu zutenez, proiektu honek emakumeen autonomiaren eta ahalduntzearen garapena bultzatzearen alde egiten du, hala nola genero kontzientzia hartzearen eta balio aldaketa sustatzearen alde, kulturaren arloan ere genero aniztasunari eta identitateei dagokienez rol, estereotipo eta aurreiritzi sexistak erauzita.

Bestalde, Lekuek azaldu moduan, «bada garaia ere kultura eta artea Gasteiztik ateratzeko eta haien gaineko hausnarketak herrialde osoan zehar egiteko. Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko. Horregatik eta horretarako, sortzaileekin baterako saioak Arabako eskualdeetan egingo dira».

Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi: «Horrekin guztiarekin, bideo-arte bat osatuko dut, hainbat istorio muntatuta», azaldu zuen Lekuek. Modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasotzea da asmoa, haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri izateko. «Nork bere burua gainditzeko mezua zabalduko du, sareko lanaren, irmotasunaren eta emakumeek eginiko artea, haien lan didaktiko, kritiko eta artistikoa ikusgai jartzeko beharraren aldeko mezua. Hori guztia esperimentazioan oinarrituta eta izaera aldarrikatzaileaz», nabarmendu zuen.

Ekimenean parte hartuko dute, besteak beste, Zuriñe Hidalgo abeslariak (Hesian), Izaskun Urkijo arte zuzendariak (“Errementari”), Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak, Blanka Gomez de Segura Euskal Zeramika Museoaren arduradunak, Garazi Lopez de Armentia koreografoak (Baratza), Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariek edota Huntza taldeko Josune Arakistainek.