Ariane KAMIO
DONOSTIA

Ekaitzaren osteko barealdia

Krisi ekonomikoak «ekaitz perfektua» sortu zuen Alberdania erdian hartuta, justuki argitaletxea zabalkunde garai betean sartuta zegoenean. Finantzak bere onera ekartzen eman ditu azken urteak. Ikasturte bakoitzean 50 ale argitaratzetik bizpairu liburutako apalaldia izan du 2017ra arte. Azken Durangoko Azokan hiru argitalpen berri aurkeztu ditu eta 2018an mende laurdena ospatzekotan da, biziberrituta, burua ur artetik ateratzea lortzen ari denean.

1993ko maiatzaren 27an egin zuen lehenengo liburuaren aurkezpena Alberdaniak, Donostiako Trinitate plaza gainean dagoen Gastronomika elkartean. Hogeita bost urte beteko dira laster argitaletxeak bere lehenengo urratsa eman zuenetik, baina mende laurdenean gorabehera asko jasan behar izan ditu. Euskal literaturaren panoraman indar handia izan duen etxea izan bada ere, azken urteetan egunerokotasun literariotik zerbait aldenduta aritu da. «Krisiaren eragin handiena 2008an sumatzen hasi ginen. Hortik aurrera, justu hain zuzen gure zabaltze planik sendoenean sartuta geundela, gertatu zitzaigun ekaitz perfektua», azaldu du Alberdaniako editore Jorge Gimenezek. Konpromiso ekonomiko sendoena zuen garaian, merkatuaren erantzun kaskarrena jaso zuen editorialak. Literatur lanak katalanez argitaratzeko argitaletxe txiki bat sortua zuten Bartzelonan. «Eta justu zabaltzeko asmo bete-betean geundenean etorri zen merkatuaren gainbehera ikaragarria eta oso azkarra. Horrek ekonomikoki nahiko zaurituta utzi gintuen, nahiko kolpe handia jaso genuen», jarraitu du.

Alberdaniaren lehenengo eginbeharra finantzak onbideratzea izan zela ohartarazi du. «Lortu genuen 2013an hartzekodunen lehiaketan ez sartzea, baina aurre-lehiaketan izan ginen. Lortu genuen azkenean lehiaketan ez sartzea eta, beraz, ez galtzea enpresaren kontrola. Ahalegin ekonomiko handi bat egin zuten bazkideek eta zorionez hori ekidin genuen. Horren ondoren onbideratze programa batean sartu ginen».

Apalaldia

Krisi ekonomikoaren eraginak Alberdaniaren argitalpen kopurua apalaldira eraman zuen. Urtean 50 liburu argitaratzetik bizpairuren ediziora igaro zen. Baina, Gimenezen arabera, argitaletxea ez da merkatutik kanpo egon urte hauetan guztietan. «Ez du etenik izan. Izan duena izan da apalaldi bat bere argitalpen erritmoan. Urtero argitaratu ditugu nobedadeak, gutxienez bi urte bakoitzean, 2013tik 2017ra, biak barne. Baina gu gentozen 2010, 2011, 2012an bataz bestean urteko 50 liburu argitaratzetik. Eta hortik bi-hiru liburu argitaratzera aldea dago. Horrek ez du esan nahi, ordea, argitaletxea merkatutik desagertu denik». Bere funtsarekin lanean jarraitu du orain arte Alberdaniak, berrargitalpenak egiten eta «funtzionamendu komertzial normal batekin», argitalpen kopurua dezentez apalagoa izan bada ere.

Berpiztea

Krisialdi ekonomikoak utzitako galerei aurre egin ondoren, Alberdaniak gurpilean sartzeko asmoa agertu du berriro. Eta maiatzaren 27an beteko den 25. urteurrena izango da horretarako aitzakietako bat. «Orduan egin genuen lehenengo liburuaren aurkezpena Donostiako Gastronomikan, Trinitate plaza gainean dagoen elkartean. Data horretan bertan ez bada inguru horretan egingo dugu ospakizun publiko bat, apala, baina ez dugu ospatu gabe utziko», zehaztu du Gimenezek.

Argitalpen erritmoan abiatzen hasia da argitaletxea. Iazko Durangoko Azokarako hiru lan berri argitaratu zituen. Jeff Kinneyk idatzitako “Gizajo baten egunkaria” serieko zortzigarren alea zen bata, “Txango zoroa” deitutakoa –gazte literatura–. Eta honekin batera “Jim Botoi eta Lukas tren gidaria txangoan doaz” –Beate Dolling eta Mathias Weberrena– eta Irene Nemirovskyren “Gaizki ulertua” –Joxe Antonio Sarasolak itzulia–.

Aurtengorako bada gehiago. «25. urteurrena ospatzeko eta Alberania berriz ere merkatuan era sendoago batean jartzeko, aurreneko urratsa izango da nagusiki gure funtseko liburu eta idazle seinalatuenen edizio berrituak egitea. Horien artean daude Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Juan Cruz Igerabide eta Jokin Muñoz. Asmo horretatik bada ale berezitu bat; Anjel Lertxundiren “Otto Pette”, 2019an 25 urte beteko dituen lana. Bi hitzaurre berrirekin berrargitaratuko da, Ibon Sarasola eta Beñat Sarasola osaba-ilobek egingo dituztenekin. Udazkenerako kaleratzea espero du argitaletxeak.

«Horrez gain izango ditugu argitalpen erabat berriak, baina lantzen ari gara eta ez dauzkagu erabat itxita. Nahiago nuke oraingoz ez aipatzea, baina izango dira bai haur literaturan eta baita heldu literaturan ere. Eta azken horretan, nagusiki narrazioaren alorreko nobedadeak ikusi ahal izango ditugu».