Aimar ETXEBERRIA

ITALIAREN «BIGARREN MAILAKO» BURUHAUSTEAK

Hauteskunde deialdiak, bere horretan, nahikoa egonezin sortu du Italian, politika bera arazo den herrialdean. Italiarrek, baina, badituzte zita elektoralaz gaindiko beste hainbat problema. Horien artean, besteak beste, euroeszeptizismoa, zor publikoa eta gazteen langabezia aipa daitezke.

Italia ataka batean aurkitzen da. Batetik, hitzordua dauka hauteslekuetan datorren martxoaren 4an. Bestetik, baina, baditu hainbat arazo estruktural bere baitan, botoek eman edo (eta) kentzen dutenarekin zerikusirik ez dutenak. Hainbat inkesta-etxek azken asteotan egin dituzten zundaketen arabera, hiru familia politiko nabarmenduko diren legebiltzarra aterako da bozetatik: Silvio Berlusconiren eskuineko koalizioa, Bost Izar Mugimendua eta Matteo Renziren Alderdi Demokratikoa. Hauteskunde-lehia ororen gainetik, baina, herrialdeak baditu perspektibaz eta epe ertain-luzera begira konpondu beharreko zenbait arazo.

Esaterako, Bruselarekin du arazoa Italiak; zehatzago izateko, Europar Batasuna da arazo hainbat italiarrentzat. Behinola Batasunaren sortzaile izan zen hori, nonbait, mesfidati agertzen da 27en taldeak hartu duen norabidearekin. Elite politikoaren kontua baino herritarren sentipena da; helduena baino gehiago gazteena. Europar Legebiltzarrak berak egindako inkesta baten arabera, italiarren %39k baino ez dute uste herrialdeari Batasunaren parte izaten jarraitzeak merezio diola. 2017 amaieran eginiko inkesta da eta, nabarmen, Italia da partaidetza horrek zalantza gehien eragiten dituen herrialdea –Batasuna uztea erabaki duen Britainia Handian, esaterako, herritarren %55ek diote kide izatea merezi duela–.

Gazteenak dira Batasunarekiko mesfidantza handiena agertzen dutenak, eta immigrazioa da euroeszeptizismoa gehien indartzen duen faktorea. Sentipen nahiko hedatua da italiarren artean errefuxiatuen krisiari aurre egiteko momentuan salduta geratu izanarena. Eta saldu, noski, Europak saldu ditu. Egoera, baina, baretzen ari dela dirudi, Gobernu italiarrak Libiako erakunde ofizial eta ez-ofizialekin erdietsitako akordio zalantzati bati esker, hein batean. Zenbakiei erreparatuta, nabarmen egin du behera herrialdera iritsitako migrante kopuruak: 181.000 izan ziren 2016an; 120.000, aldiz, iaz. Salduta geratu izanaren sentipenak, ostera, bere horretan dirau, eta baldintza lezake modu batean edo bestean hauteskundeen hitzordua. Hala ere, nabarmen apaldu da euroeszeptikoak diren alderdien jarduna eta, adibidez, euroaren erabileraren inguruan zeuden erreferendum proposamen guztiak baztertu dituzte –Bost Izar Mugimenduak egin legez, esaterako–.

Arazo ekonomiko sistemikoak

Arazoak topatzeko, baina, ez dago Bruselaraino joan beharrik, etxean tamaina berekoak edo handiagoak dituzunean. Izan ere, badirudi ekonomiaren motorrak ez duela behar bezala funtzionatzen Italian; horren erakusle, herrialdeak duen defizit publiko maila edo hazkunde ekonomiko aurreikuspen eskasa. Europako Batzordeak 2017ko azaroan eginiko azterketa baten arabera, barne produktu gordinaren (BPG) %132,1eko zorra zuen Italiak iragan urtean, %130,8koa espero du urte honetarako eta %130ekoa datorrenerako. Batasunaren barne-arauen arabera, herrialde baten zor publikoak ezin du BPGaren %60 baino handiagoa izan.

Euroguneko herrialdeen baitan hirugarren ekonomiarik indartsuena da Italiarena; zor publikoa, baina, bigarren handiena dauka, Greziaren atzetik. Alderaketa bat egitearren, eta iragan urrian Italiako Bankuak argitaratutako datuen arabera, 2,3 trilioi euro zor ditu herrialdeak, biztanleko 35.000 euro gutxi gorabehera. Greziak, berriz, 320 bilioi euro zor ditu, 29.000 euro biztanleko. Gainera, ez dira positiboak Europako Batzordeak Italiako ekonomiaren inguruan dituen aurreikuspenak: 2018rako aurreikuspenen arabera, Batasuneko kideen baitan hazkunde ekonomiko motelena lukeen herrialdea litzateke Italia, %1,3ko proiekzioarekin.

Langabeziarekin ere arazo handia dauka Italiak, gazteei eragiten dien langabeziarekin batez ere. %35en bueltan kokatzen da gazte langabeen kopurua; Batasuneko herrialdeen baitan hirugarren ehuneko altuena da, Grezia eta Estatu espainiarrekoaren atzetik. Eta lanean dauden gazteen egoerari erreparatuta, aldi baterako kontratu prekarioak dira nagusi. 16-30 urte bitarteko hamar italiarretatik zortzik uste dute herrialdeak pairatu duen krisi ekonomikoak beren egoera ekonomikoa kaltetu duela, baita euren bizitza sozialean negatiboki eragin ere. Izan lezake honek nolabaiteko eraginik herrialdearen ‘bamboccioni’ kopuruan, hau da, ez lanik ez ikasketarik egiten ez duten gazteen zenbatekoan. Eurostat-en azken ikerketaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazte italiarren %65 gurasoen etxean bizi dira, Batasuneko batez besteko ehunekoa %48koa denean. Honetan ere, podiumetik kanpo izan arren, liderren artean dira italiarrak. Renzik, baina, badu nonbait egoera honi aurre egiteko sendagaia: hileko 150 euroko diru-laguntzak agindu dizkie ‘bamboccioni’-ei.