GARA
DONOSTIA

Udaletxe eta aldundietako langileek lanuzteak egingo dituzte hilaren 28an

EAEko udaletxe eta foru aldundietako langileek mobilizazio eguna izango dute datorren asteazkena, hilaren 28a. Negoziazio kolektiboaren blokeoa salatu, beren lan baldintzak hobetzea eskatu eta enplegu egonkorra defendatu nahi dute «herritarrentzako zerbitzu publiko sendo» bat bermatzeko, ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez.

Udaletxe askotako langile batzarrek egun horretan lanuztea egitea erabaki dute, besteak beste, Basauri, Erandio, Bermeo, Gernika, Berriz, Zaldibar, Sopela, Hernani, Zarautz eta Azpeitian.

Iturri berberen arabera, asanbladak «jendetsuak eta parte-hartzaileak izaten ari dira eta lau orduko lanuzteak babesten ari dira orokorrean». Halaber, hiru hiriburuetako, udal handietako eta aldundietako batzarretan ere «langileen jarrera positiboa» izaten ari da eta lanuztea eta manifestazioak babestearen alde agertu dira.

Datozen egunetan informazioa zabaltzeko ekimenak indartuko dituzte sindikatuek.