Aitor ASPURU
ESTRASBURGO
Entrevue
KENDAL
YPG-KO BOLUNTARIOA

«Heroiak ginen eta Turkiaren aurrean abandonatu gaituzte»

«Kendal» izena hartu du gazte honek, euskaraz zekien eta duela gutxi hil zuten YPGko boluntario bretoi batengandik eta haren oroimenez. Bera duela gutxi itzuli da Siriatik, eta elkarrizketa honetan azaldu digu nola trebatu zen politikoki eta militarki, Estatu Islamikoaren aurka borroka egiteko.

Kendal euskaraz zekien boluntario bretoi bat zen YPGn, Siriako Indar Demokratikoetan, kurduek lideratzen duten aliantza politiko-militarrean. Duela egun batzuk Turkiako armadak hil zuen borrokalaria Afrinen, Siriako kantoi autonomo kurduan. Orain, estatu espainoleko bere lagun eta borroka kide ohiak bere izena hartu du, beraren oroimenez. Gazte hau duela gutxi itzuli da Siriatik eta bere esperientzia azaldu digu.

Ez zara ez abenturazalea eta ez militar profesionala, zergatik jo zenuen Siriara?

Motibazio anitz nituen. Oso oinarrizkoa zen Estatu Islamikoaren aurka borrokatzea, ez Daex bakarrik, baizik eta islama aitzakiatzat hartzen duen terrorismoa. Bestalde, herri kurduari nire elkartasuna adierazi nahi nion; burujabetza eta antolatzeko gaitasuna ukatu zaio hainbat aldiz eta, historialaria izanik, argi daukat injustizia historikoa egin dela berarekin. Gainera, ni iraultzailea naiz eta kurduena proiektu iraultzailea da: sozialista, demokrazia erradikalaren aldekoa, feminista eta inperialismoaren aurkakoa. Ez bakarrik atzerriko indarren kontrakoa, baita Siria barruan nagusitasun etnikoa ezartzearen kontrakoa ere talde guztiak integratzeko helburuarekin: arabiarrak, kristau siriakoak, yezidiak, kurduak… Munduko iraultzaileen unea da elkartasuna adierazteko, 1936an bezala.

Horregatik sartu zinen YPGn, Herriaren Babeserako Talde kurduetan?

Maiatzean heldu nintzen Siria Iparraldeko Federazio Demokratikora, eta berehala batu nintzen. Politikoki eta militarki trebatu ninduten. Irakasten duten lehenengo gaia ideologia da, kurduentzat ezinbestekoa da boluntarioek jakin dezaten zergatik borrokatzen ari diren.

Eta zuzenean borroka zelaira bidali zintuzten?

Beharren eta zure ideien eta motibazioen arabera kokatzen zaituzte. Nire kasuan, heldu nintzenean Raqqa (Estatu Islamikoaren hiriburua) hartzeko kanpaina abian zegoen. Aste eta erdian operazioak egiten hasi nintzen. Esaten duenak arrunta egiten zaiola hori, gezurretan ari da. Bonbak, leherketak, hildakoak eta zaurituak egunerokotasuna bihurtzen dira. Ekialde Hurbileko jendea oso abegikorra da eta borrokalari arabiarrek, kurduek edota asiriarrek jakinarazten zizuten ongietorria zinela eta pozik zeudela zurekin. Horrek dena errazten zuen. Hala ere, komandante batek esaten duen moduan; «gerra asperdura da %90ean eta ikara %10ean».

Nolakoa da Daexen hiriburuan borrokatzea?

Aintzat hartu behar da ezaguna zela bataila hori gertatu behar zela. Herritar ugarik utzi zuten hiria aurretik eta barruan gutxi zeuden. Gerra etxez etxe eta auzoz auzo izan zen. Zibilekin arazoa agertu zen borrokaren azken fasean. Auzo gutxi zeuden hartu gabe eta islamisten senideak zein bahitutako zibilak hor zeuden. Estatu Islamikoak erabiltzen zituen babes moduan eta ihes egiten saiatzen baziren, tirokatu egiten zituen. Zailagoa egiten zen aurrera egitea, gure lehentasuna baitzen zibilik ez hiltzea, hortaz, artilleriaren eta hegazkinen babesa ezin genuen baliatu.

Herritarrek zer-nolako jarrera zeukaten zuen aurrean?

Siriako Indar Demokratikoek (SID) ahalegina egin dute zibilak ez kaltetzeko, gerra ikus dezaten askapenerako borroka gisa, eta ez konkista moduan. Edonola ere, herritar batzuk ohitu ziren Daexen menpe bizitzera, baina askotan ikusten genituen emakumeak derrigorrezko arropa beltzak kentzen eta botatzen. Kasu horietarako oso garrantzitsua zen gure artean borrokalari emakumezkoak egotea, euren maitasuna jasotzeko eta laguntzeko.

Nolakoa da iraultzaile batentzat AEBen laguntzarekin borrokatzea?

Hara joatean, badakizu kontraesan horri aurre egin beharko diozula. Guda zelaian zaudenean ulertzen duzu, babes horrek zure kideen eta zure bizitza salbatzen baititu. Horrexegatik soilik, ulergarria da. Hala ere, SIDek autonomia mantendu du militarki eta politikoki, eta ahal izan duenean Errusiarekin ere akordioak lortu ditu. Ez da lehenengo aldia historian mugimendu iraultzaile batek une jakin batean zenbait potentziaren interes berberak dituena. Babes horri uko egitea suizidioa litzateke. Sirian indar guztiek babesak dituzte. Nik ez dut onartzen inperialismoari buruz aritzea eta ukatzea Errusia bere interes inperialisten mesederako jokatzen ari dela, edo Turkia, edo inguruko herrialdeak.

Duela gutxi itzuli zara, baina egoera okertu egin da.

Bai, utzi nuenean uste genuen politikaren eta diplomaziaren unea helduko zela, baina Afringo erasoa gertatu da eta nazioarteko kideak hil dituzte. SIDek erresistitzeko gaitasun handia du, baina lotsagarria da nazioarteko komunitatearen isiltasuna Afrinen gertatutakoaren aurrean. Daex garaitzen ari ginenean, heroiak ginen, eta orain abandonatu egin dituzte Turkiaren aurka.

Al Assadekin akordioa lortzeko aukerarik ba al dago?

Erregimenak benetako borondatea badu Siria zatitu ez dadin, barneratu behar du SID sistema federal eta demokratiko baten alde borrokatzen ari dela eta Siria ez dela gerra aurretiko egoerara itzuliko. Horretara ireki behar da. SIDeko kideek badakite bakarrik ezin dutela egin eta negoziatzeko prest daude. Hori da nire itxaropena.