Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Estitxu gogoan, Robles-Arangiz sendiko hamabi kide taula gainean

Baionan karrika eskaini zioten duela urtebete Estitxu Robles-Arangiz kantariari. Bilbon emanaldi berezi batekin gogoratuko dute etxekoek duela 25 urte hil zen Beskoitzeko abeslariaren figura. Margolariak, dantzariak eta kantariak batzen dituen familia da robles-arangiztarrena. Loraldia festibalean omenaldi berezia eskainiko diote martxoaren 17an BBK aretoan Estitxuri. Bera ondo ezagutu zuten Niko Etxart eta Gontzal Mendibil ere bertan izango dira.

Hiru gauza maite zituen bereziki Estitxu zenak: kantua, irria eta Euskal Herria. Robles-Arangiz familian hirurak mantentzen dituzte belaunaldiz belaunaldi. Aspaldi ez dela plazaratu zuen Agorila diskoetxeak “Robles Arangiz-tarrak” diskoa. Bertan 50eko hamarkadaren bukaeratik gaur arte etxekoek kantatu dituztenak batzen dira. Soroak laukotea, Aritzak taldea, Estitxurenak, Naia eta Gorkak plazaratutakoak, eta iloba gazteen kantuak ere bildu dituzte.

Datorren martxoaren 17an, larunbatarekin, familia bereko hamabi kide izango dira taula gainean. Dantza egingo dute, sortutako margolan eta afixak erakutsi, kantuan egin eta batez ere duela 25 urte hil zen «Euskal Herriko emakume ahots lirikoena» ekarriko dute gogora. Bilbotarrak dira sortzez, baina 1937an Lapurdira ihes egin zuten Robles-Arangiz familiako kideek. Beskoitzen kokatu ziren, eta geroztik harat-honat ari dira, beti kulturarekin eta abertzaletasunarekin lotuak. Kantuan eta kulturgintzan.

Ekitaldia aurkezten Irkus eta Iker anaiak, eta Naia iloba izan ziren. Naiak ondo gogoan du Estitxurekin Baionan kantatu zuen lehen aldia, 13 urte besterik ez zituela. «Bere ahotsa gogoratzen dut, bere kantatzeko manera eta nik bere kantu batzuk eskainiko ditut Bilboko kontzertu honetan, bereziki gogoan dut haren ‘Estitasuna’». 3 entsegutan erraza izan zaie kantu zerrenda osatu eta prestatzea, «beti kantatu ditugulako, eta haur ttipiek ere maite dituztelako halako kantuak», gogoratu du biziki kontent Naiak. Egun kantagintzan diharduen kideetarik bat da Baionan bizi den Naia Robles-Arangiz.

Robles-arangiztarrekin batera Gontzal Mendibil eta Niko Etxart izango dira emanaldian. Bi kantariekin harreman estua izan dute beti familian. «Hauekin ikasi nuen nik dantzan eta Estitxurekin hiru kontzertu behintzat eman nituen», gogoratzen du Gontzal Mendibilek.

Irkus Altzürükün suertatu zen azkenengoz Niko Etxart kantariarekin. «Ari nuk, ari nuk, untsa eginen diat», bota zion Altzaikoak. Eta ziur da Irkus bera ere Zuberoako rockero eta abeslariak ondo prestatuko zituela Bilboko emanaldian eman beharrekoak.

Beti kantuan

Manuel Robles-Arangiz ELA sindikatuko buruak bere emazte eta haurrekin itsasoz alde egin zuen Bilbotik 1937an. Maria Luisa Bernaola eta zortzi seme-alabak ondoan zituela Beskoitzeko Leku Ederra baserrian bizi izan ziren aurrerantzean. Beste hiru ekarri zituzten ostean, tartean Estitxu, gazteena. Dantzariak denak, kantuzaleak, margolariak… euskal kulturarekin harreman sendoa izan dute robles-arangiztarrek luzaroan. Ikerrek gogoratzen du: «Anaiekin aritu nintzen kantuan 1958an Soroak laukotean». Gogoan du, gainera, Mikel Laboak 1964an lehendabiziko diskoa kaleratu zuenean gogoratu zuela «kantu herrikoiak harmonizazio eder batekin» sortuak zirela Beskoitzekoen kantuak. Izan ere, Mixel Labegerie berak euskal kantuen sorkuntzari ekin aurretik harremana ukan zuen robles-arangiztarrekin, hauek aitzindariak baitziren euskal kantuak gitarrarekin ematen. «Orduan entzun behar izan genituenak!», gogoratu du irribarretsu Ikerrek. «‘Hau behar nuen nik’, esaten zigun orduan Labegeriek Kanbon, ‘hori da behar dena egin’», mintzo da Iker, Labegeriek gero euskal kantagintzan izan zuen erreferentzialtasunaz mintzatzean.

Etxeko neskek Ainarak taldearekin ere eskaini zituzten emanaldi batzuk. Estitxu nazioartean entzutetsua izatera iritsi zen, Parisen aritu zen, Venezuelan ibili, Euskal Herrian barna kantaldiak eskaini, 1993an eritasun larri batek bere ahotsa amatatu zuen arte.

 

Azukre koxkorrak Bilbon Ruper Ordorika omentzeko

Izar & Star zikloaren baitan Ruper Ordorikaren kanturik esanguratsuenak goxatuko dituzte gaur egun musikan buru-belarri dabiltzan hainbat musikarik. Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta Mice arituko dira. Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien ere bertan izango dira, antolatzaileek aurreratu ez dituzten zereginetan.

Javier Corral Jerry da Izar & Star zikloaren antolatzailea, ehun emanaldi ezberdin egin dituzte jada, kantari edo talde ezagunen bertsio gauak eginez. Oraingoan Ruper Ordorikaren txanda izan da, eta Oñatiko abeslariak Bilbora agertuko den esan ez badu ere, gogotsu daude musikariak Ruper kantuz omentzeko. Hamasei kantuk osatuko dute “Rupertorioa”.

Dagoeneko hogei diskotik gora ditu plazaratuak Ruper Ordorikak, eta musikariek aitortu dutenez erraza izan zaie horietatik beraiek kantatuko dituztenak aukeratzea. Kantu ezagunenak eta beste kuttunago batzuk entzun ahal izango dira martxoaren 14an, asteazkenez, Bilboko Kafe Antzokian Ruperri eskainiko dioten kontzertu berezian.P.G.