Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Laurent Cantet sarituko du Giza Eskubideen Zinemaldiak

Laurent Cantet zinemagile frantziarraren filmek «Europako egungo obra interesgarri eta koherenteenetakoa» osatzen dutela ebatzita, berari esleitu diote aurtengo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria. Jaialdia apirilaren 20tik 27ra egingo da eta, askotariko gaiak jorratuz, 30 lan luze eta 23 film labur proiektatuko dira. Ekintza paraleloak ere izango dira.

Bakardadea, inkomunikazioa, migrazioak, Europako egoera politikoa, lan munduan nagusi den parekidetasunik eza eta kultura aniztasuna landu izan ditu Laurent Cantet-ek bere filmografian zehar eta, hain zuzen ere, bere azken filmarekin, “L’Atelier” (2017) itxiko da aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren XVI. edizioa.

Cantet Estatu frantseseko azken bi hamarkadetako zinemagilerik esanguratsuenetakoa dela nabarmendu zuen Josemi Beltran jaialdiko programazioaren arduradunak, eta harena «Europako egungo obrarik interesgarri eta koherenteena» dela gaineratu zuen. Horren adibide jarri zituen “Les Sanguinaires” (1997), “Ressources humaines” (1999) eta “L’Emploi du temps” (2001) filmak, eta gogora ekarri zuen “Entre les murs” (2008) dela bere lan esanguratsuenetakoa. Horretan Cantetek Estatu frantseseko auzune marjinal bateko institutu kulturaniztun baten analisia egiten du.

Bereak dira beste hauek ere: “Foxfire” (2012), AEBetako 50eko hamarkadara hurbilarazi zuena; “Retour à Ithaque” (2014), denboraren joana eta patuaren gaineko gogoeta egiten duena, eta “7 días en la Habana” (2012) film kolektiboan ere parte hartu zuen. “L’Atelier” filmean, hasierako zidorretara itzuli eta gazteen eta hezkuntzaren mundura bueltatu da.

31 herrialdetako 53 film

Canteten aipaturiko filmak itxiko du Giza Eskubideen Zinemaldia baina, orotara, 31 herrialdetako 53 film emango dira ostiralean hasi eta apirilaren 27ra bitartean. Aurkezpenean, gogora ekarri zuten aurten 70 urte betetzen dituela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak, eta emango diren filmek eskubideetan hezten laguntzeko balio izatea espero dute.

Beltranek xehatu zuen sail ofizialeko programazioa, adin txikikoen gaia jorratzen duten film multzoa nabarmenduz: “Alicia”, adingabeen harrera lantzen duen lana; “Muhi-Generally Temporary”, Gazako bizimoduari buruzkoa; “Los niños” lana, Down sindromea jorratzen duena; “Shootball”, Elizako pederastia kasuak salatzen dituena; eta “El silencio roto”, eskola-jazarpena aztertzen duen filma. Indarkeria matxistaz diharduten hainbat film ere badaude, tartean Cannes-en eman zuten “Beauty and The Dogs” eta emakumeen boto eskubideaz diharduen “El orden divino”; Siriako egoera gerturatuko dute “Alma mater” eta “City of dogs” filmek eta adierazpen eskubidearen gaineko gogoeta egingo dute “Food Coop” eta “Freedom fot the Wolf” filmek. Hain zuzen, adierazpen eskubidea eta “Mozal legea” izan zituen hizpide Amnesty International erakundeko Izaskun Fernandezek. «Etorkizunean urgentziaz defendatu beharreko eskubidea izango da eta ezinbestekoa da zinema munduko jendeak halako filmak egiten jarraitzea», esan zuen.

Ekintza paraleloak

Emanaldiez gainera, hainbat ekintza paralelo ere izango dira. Tabakalerako eta kultur etxeetako saio bereziak, haurrentzako tailerrak eta lau erakusketa: “Eskola bideak”, eskolara joateko zailtasunak dituzten haurren egoera irudikatzen duen hamar fotokazetariren erakusketa; 30 diseinatzailek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala oinarri hartuta osatutako “Giza eskubideei begira”; haur eta gazteei bideratutako “Artea eta giza eskubideak” eta “Gosearen soinua”, Beltranen hitzetan, «entzuteko» den erakusketa.