GARA
GASTEIZ

Milaka pertsona atera dira kalera Gasteizen, indarkeria matxista salatzeko

Ostiralean gizon batek emazte ohia eta haren ama hil zituen, eta ondoren etxeari su eman zion. Horren aurrean, elkarretaratzea egin zuten egunean bertan Gasteizen, baita manifestazioa jendetsua ere atzo.

«Aski da, erasorik ez erantzunik gabe», zioen indarkeria matxistaren aurka atzo Gasteizko kaleak zeharkatu zituen manifestazioaren pankartak. Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioan milaka herritarrek hartu zuten parte, eta irmo salatu zuten ostiralean izandako bi emakumeen erailketa.

Indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko gisa hartu behar dela exijitu zuten. «Eraso berri hau bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena da, izan ere, eredu honek pertsonen artean sortzen dituen botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabide bat da indarkeria matxista», adierazi zuten. Hala, instituzioei «jarrera konplizea alboratu» eta bortizkeria sexistari aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu zieten. Bestalde, emakumeen haserrea bideratzeko autodefentsa feministarako deia egin zuten.

Ostiralean, 46 urteko gizon batek bere bikotekide ohia, 43 urtekoa, eta haren ama, 69 urtekoa, labankadaz hil ostean, etxebizitzari sua eman zion. Gizonak zortzigarren solairuko leihotik salto egin zuen ondoren, baina suhiltzaileek jarritako olana gainean erori eta onik atera zen. Egun bat ospitalean igaro ostean, alta eman zioten psikiatriako zerbitzuaren balorazioa gaindituta.

Beste hiriburuetan

Atzoko manifestazio jendetsuaz gain, ostiralean ere, gertaeraren berri jakin eta berehala, ehunka herritar atera ziren kalera Udalak berak deituta elkarretaratzea egitera.

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere mobilizazioak deitu dituzte biharko; Donostian manifestazioa Bulebarretik abiatuko da 19.30ean, eta Bilbon (Arriaga plaza, 19.00) eta Iruñean (Udaletxeko plaza, 20.00) elkarretaratzeak egingo dituzte.