Amalur ARTOLA
FILMATEGIAK 40 URTE

HERRI BATEN OROIMENA FOTOGRAMAZ FOTOGRAMA

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu, nola neur liteke Euskadiko Filmategiak gure iragana dokumentatze aldera duen balioa? 40 urte betetzen dituen honetan une gozoa bizitzen ari da Filmategia, baina ez dira konformistak: hobetzea da beti erronka.

Hartu jertsea, hemen hotz egiten du-eta», esan digu Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendariak. Tabakalerako 0. solairuan gaude, 2015etik erakundearen funtsak hartzen dituen biltegian: 845 metro karratu eta milioika metro fotograma. Behingoz apalategietan txukun, behingoz guztiak batera.

1978ko maiatzaren 1ean Peio Aldazabalen ekimenez euskal ikus-entzunezko ondarea biltzeko lanak abiatu zituztenetik, artxibook Irungo Urdanibia jauregian, Oñatiko herrialde artxiboan eta Donostian –egoitza Antso Jakitunaren kalean eta biltegia Intxaurrondon– barreiatuta egon dira. 2015. urtean, Donostiako Tabakaleran hartu zuen egoitza Filmategiak, eta eraikinak funtsak bateratzeko aukera eman zien. «Guretzat oso garrantzitsua izan da. Batetik, joan-etorrietan ematen genuen denbora hori guztia aurreztu eta beste zeregin batzuetara bidera dezakegulako. Bestetik, espazio honetan kontserbazio egoerak hobeak direlako. Euskal Herrian dugun klima hezea ez da zintentzat egokiena...», ziurtatu du, behatzaz biltegi txiki bat erakusten digula. Bertan gordetzen dira “ozpinaren sindromea” duten zintak: hondatzen hasiak daude eta, “osasuntsu” dauden zintak ez kutsatzeko aparte gordetzen dituzte.

Txartel magnetikoa irakurgailuari erakutsi eta lehen biltegira sartu gara. 11 graduko tenperatura. Hezetasuna, %33,2an. «Ez da egoera bikainena, baina onargarria da», argitu digu Fernandezek. Apalategi zerrenda luzea dugu begi bistan, euskal ondarea gordetzen duten milaka eta milaka zintaz gainezka. Biltegi guztia aintzat hartuta, 35 milimetroko 6.963 kopia, 1.416 bilkari film-negatiborekin, 16 milimetroko 1.091 kopia, 9,5 milimetroko 250 bilkari, 8 milimetroko eta Super-8 milimetroko 665 film gordailu, 4.678 VHS zinta, 1.364 Betacam SP zinta eta 2.226 kartel gordetzen dira 0. solairuan.

Altxor nagusia, baina, hurrengo atearen atzean dugu zain: euskal zinema. «Hauek dira benetako altxorra», zehaztu du Fernandezek. Biltegi honetan daude, 6 graduko tenperaturan eta %40ko hezetasunarekin, euskal zinemagintzaren zutoin diren obrak. «XX. mendeko lehenengo hamarkadakoak dira Euskal Herriari buruzko lehenak, eta hemen daude baita ere azken urteetan ikertzaileek egin dituzten deskubrimendu handiak: Josu Martinezek aurkitu zituen ‘Euskadi’, 1936an filmatua, eta Andre Madre-ren ‘Gure Sor Lekuak’, baita Andoni Elezcanok aurkitu zuen ‘Sinfonía Vasca’ ere, Suediako zinemagileek Euskal Herriari buruz egindako film bat...». Zaharrena, aldiz, Georgez Meliesen zinta bat da: «ETBko langile batek ekarri zigun kopia. Kalean aurkitu zuen... edukiontzi batean! Kataluniako filmategiarekin elkarlanean zaharberritu genuen. Oso pelikula motza da, baina sekulako altxorra», azaldu du. Begiek dir-dir egiten diote zinema hizpide duenean, baita azken urteetan ikertzaile kopuruak gora egin duela baieztatzean ere: «Zalantzarik gabe. Eta nik zoriondu egin nahi ditut gainera, egiten duten lan izugarriagatik».

60ko hamarkadan Marc Ferro zinema eta historia uztartzen hasi zenetik zazpigarren arteak ondare estatusa bereganatu eta unibertsitatean ere lekua egina duela dio. «Orain badakigu zinema oso garrantzitsua dela gure historia, gure nortasuna ulertzeko, baita memoria gordetzeko ere eta, orduan, unibertsitatearen iturri bilakatu da». Filmategiaren ikuskatze gelan –lau ordenagailu dituzte ikertzaileek digitalizatutako materiala kontsultatu ahal izateko– ikertzaileen kopurua igotzeaz gainera, sareko katalogoan ere bisitek gora egin dute. «120.000 ikustaldi izan ditugu, kopuru izugarria da», baieztatu du. Momentuz, 1910 eta 1980 arteko materiala dago ikusgai, «baina asmoa katalogoa elikatzen jarraitzea da».

Ilusioa eta nekea

Berrogei urte hauek ilusioz eta izerdiz betetako urteak izan direla dio, baina baita nekez eta zailtasunez beteak ere. Orain, «ilusioz betetako une batean» daudela uste du. Tabakalerak artxiboa bateratzeko eta kontserbazioan hobetzeko aukera eman die. Baita, «Tabakalerako ekosistema»-ko kide bilakatzeko ere: Filmategirako sarreraren alboan dago Zinemaldiko bulegoetarako atea, eta eraikin berean daude Zineuskadi, Etxepare Institutua eta laster eskolak hasiko dituen Elias Querejeta Zine Eskola ere. Erakunde gisa, Tabakalerak berak ere badu zinemari eskainitako arloa eta eraikinean bi zinema areto daude. «Horrek guztiak emaitzak emango ditu etorkizunean. Ziur nago. Zer edo zer sortzen ari dela sumatzen dugu hemen gabiltzanok, zinemari buruzko savoir faire izugarria dago eta nik uste baikor izateko arrazoiak baditugula», ziurtatu du.

Orain, eskura dituzten baliabideak aprobetxatu eta erronka berriei eutsi nahi lieke Fernandezek. «Nazioarteko hedapena sustatu nahi dugu eta uste dugu, Etxepare eta Zinemaldiarekin batera, une aproposa dela horretarako, gure zinema une historiko potente batean baitago», iritzi dio. “Madrilerako exodoa” deitu zenaren urteak urrun daudela eta Euskal Herrian bertan kalitatezko zinema egin daitekeela frogatutzat ematen du. «Gero, digitalizazioan eta zaharberritzean badugu erronkarik». Euskarri digitalen kontserbazioan egun dauden zalantzak direla-eta, artxibo digitala bikoizten dihardute: Tabakaleran geratuko da kopia bat, Gasteizera doa bestea. «Programazioaren arloan, gazteak erakarri behar ditugu», horretarako eraikineko zinema aretoetan haiei bideratutako programazioak sortuz. Eta, azkenerako utzi badugu ere, agian garrantzitsuena: Kimuak. «Kimuak izan da tresna izugarri bat. Zinema egiteko talentua beharrezkoa da, noski, baina baita politika publikoak ere eta hori erakutsi du Kimuak-ek. Isabel Herguera, Ion Garaño, Jose Mari Goenaga, Bego Vicario, Asier Altuna, Telmo Esnal, Koldo Almandoz, Borja Cobeaga... Hogei urte pasa eta gero, orain ari gara sumatzen benetako emaitzak eta, zalantzarik gabe, euskal zinema dagoen lekura iristeko garrantzizkoa izan da Kimuak». Aurrera begira, Kimuak programak eraginkorra izaten jarrai dezala sustatu nahi luke Filmategiak, jakitun baita hor dagoela euskal zinemagintzaren etorkizuna.