Ariane KAMIO
DONOSTIA

«Frogatu gabe dagoen zerbait eraman nahi dute auzitara»

Arabako Foru Aldundiak eta Fiskaltzak Iruña-Veleia auziko akusatuen aurkako eskaerak aurkeztu dituzte. Aztarnategiko zuzendari izandakoarentzat zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra galdegin du lehenengoak, ondarearen aurkako delitua eta iruzur delitua leporatuta.

Iruña-Veleia auzian beste urrats bat eman da azken egunetan. Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak haien akusazioak aurkeztu dituzte Arabako I. Instrukzio epaitegian. Bi aldeek, ordea, eskaera desberdinak egiten dituzte akusatuen aurka. Aldundiak zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du aztarnategiko zuzendari izandako Eliseo Gilentzat –3 urte eta 9 hilabete ondarearen aurkako delituagatik eta beste 3 urte eta 9 hilabete iruzurragatik–. Oscar Escribano arkeologoarentzat ondarearen aurkako delituagatik zigortzea galdegiten du–3 urte eta 9 hilabete–. Fiskaltzak, aldiz, hiru urteko zigor eskaria egin du Eliseo Gilentzat ondarearen aurkako delituagatik eta bi urte eta erdiko espetxealdia iruzurragatik. Escribanori, ordea, ondarearen aurkako delituaz gain, iruzurra ere leporatzen dio eta eskaera zigorra bost urte eta erdikoa da, Gilen aurkako berbera.

Ruben Cerdan fisiko nuklearraren kontra hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigor eskaera egin du Aldundiak, eta bi urte eta erdikoa Fiskaltzak, bi kasuetan iruzur delitua egotzita.

Eskaera ekonomikoak ere egin dituzte, baina onuradun desberdinekin. Instituzio foralak ia 300.000 euroko kalte-ordaina eskatzen die Gil eta Escribanori berarentzat. Fiskaltzaren arabera, ordea, 285.600 euro ordaindu beharko lizkiete Lakuako Gobernuari eta 12.490 Aldundiari. Azken kopuru hori Cerdanek ere ordaintzea eskatu du.

Zigor eskaerak desberdinak izan arren, bi aldeak bat datoz ondorioetan. Eliseo Gil eta Osar Escribano lirateke Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsutu zituztenak; eta Ruben Cerdani iruzur egitea leporatzen diote haien egiazkotasuna defendatzen zuen txostena idazteagatik.

«Astakeria»

SOS Iruña-Veleia plataformako kide Juan Martin Elexpuruk gogor salatu zituen zigor eskaerak eta «astakeria» direla ohartarazi. Instrukzio fasean inolako froga fisiko-kimikorik ez dagoela azpimarratu zuen, filologian oinarritutako txostenak soilik hartu baitira kontutan. «Badira hogei bat txosten benetakoak direla esaten dutenak». Bere iritziz, «frogatu gabe dagoen gauza bat eraman nahi dute auzitara. Instrukzio fasean egin dute ahal zuten guztia eta ez dute ezer aurkitu eta gainera ez dute besteok eskatzen genituen probak egitea onartu».

Bere aldetik, Euskeraren Jatorria elkarteari onartezina iruditzen zaio «Cerdan datazioak Parisko CNRS laborategian ez egiteagatik akusatzea eta Aldundiak berak kasuak dirauen hamar urteotan datazio horiek egin ez izana». Era berean, akusatuak «grafitoak zientifikoki datatu gabe dauden bitartean» epaitu nahi izatea salatu du. Eliseo Gil eta Oskar Escribano «aurretik grafitoen aldeko 29 txosten egin dituzten adituak deitu barik» epaitu nahi izatea ere deitoratu du. Aditu horien txostenetan «grafitoak faltsuak» direla dioten «sei txostenetako argudio gehienak» ezeztatzen direla gaineratu du elkarteak.

Euskeraren Jatorria elkartearen ustez, «epaitegiak duen froga zientifiko bakarra Madrileko Kultura Ministerioaren Instituto de Patrimonio Cultural de Españak egindako grafitoen azaletako analitikak dira. Horiek frogatu dutena da grafitoen azaletan metal modernoak daudela, baina ez letrak estaltzen dituzten karbonato, ke edo sedimentuen azpian, gainean baizik. Hau da, grafitoak gaur egungo eskuilekin garbitu direla frogatu dute, ez testuak egin berriak direla. Orain hamar urte Lurmen kanporatu zutenean gauza bera esan zuten: osagai kimikoak zeudenez faltsuak zirela. Eta grafito apurtuak itsasteko erabiltzen zuten kola aztarnak baino ez ziren».

Euskeraren Jatorria elkartearen ustez epaitegiak ez du auziaren atzean zer den argitu nahi. «Izan ere, itxuraz ez daki munduko faltsutzaile guztiak espero den emaitza lortzen saiatzen direla. Nola faltsutu unibertsitatean irakasten diren gauza askoren kontra joanez?». Azkenik, hauxe dio: «Epaitegiak ez du EHUko Arkeologia Saila ikertu nahi. Eliseok eta Oskarrek ez zuten inolako interes ekonomikorik ezer faltsutzeko, zeramika, plater eta gisakoak aztertzen urte luzetako lana segurtatuta zutenean. Lurmen erditik kentzeko interesa zuen bakarra EHUko Arkeologia Saila zen, Gil kanporatu ondoren dirutza kobratzen dutelako».