Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
DANELE SARRIUGARTE (... ETA KATTALIN MINER)
IDAZLEA

«Jar nintekeen berriro baleztarekin eta egurra banatzen hasi, baina ez zen nahi nuena»

Bigarren nobela du «Azala erre» (Elkar) Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989), «Erraiak» arrakastatsuaren ondorengo jauzia. Desberdina, ustekabekoa eta distantziatik egindakoa da idazlearen lan berria. Aire apur bat biriketan. Hurrengoetarako hauspo bat.

Gustura geratu zara?

Bai eta ez, baina bai.

Zergatik bai eta ez?

Prozesua garatu den modua eta nengoen modua eta eskaini ahal izan diodan denbora kontuan hartuta, iritsi nintzen puntu batera non benetan nahi nuen kontatu istorio hori eta ikusi nuen ez nintzela lotsatzen horretaz eta ez nintzela damutuko publikatu izanaz. Eta gustura geratu nintzen.

Baina beste alde batetik, gauza piloa daude publikatu eta gero ikusi ditudanak. Ezezko horretan uste dut gauza asko ez nituela ikusiko publikatu ez banu. Hau da, beharrezkoa zela publikatzea gauza horiek ikusi ahal izateko. Ikasgai horiek hurrengo lanetarako aprobetxatzeko modukoak izango dira, ez dira hutsean geratuko.

Hemen ez dago «Erraiak»-eko Danele.

Ez… Bueno, hein batean, bai. Gauza batzuk badaudela uste dut, baina aldatu da. Kontzienteki nahi nuen beste zerbait kontatu. Helburu batzuk jarri nizkion neure buruari, ez besteari uko egiten diodalako, baizik beste zerbait egin nahi nuelako eta ni neu ez nintzelako sentitzen toki horretan. Jar nintekeen berriro baleztarekin eta egurra banatzen hasi, baina ez zen nahi nuena. Orduan, uko egin gabe, beste zerbait egin nahi nuen. Kontzienteki bai egon dela beste zerbait egiteko nahia.

Erlaxatuagoa?

…. Bai, izan daiteke. Aldi berean askoz errazagoa izan zen “Erraiak” idaztea hau idaztea baino. Askoz. Eduki aldetik askoz bortitzagoa egin daiteke, baino gehiago sufritu dut pertsonalki hau idazten. Aurrekoarekin oso ondo pasa nuen eta denbora izan nuen. Gauza batzuez ez nintzen hain kontziente, lehenengo aldia zen nobela bat idazten ari nintzena eta ardura handiagoa sentitu dut oraingo honetan, ez kanpoko presioarekiko, baizik nirekiko. “Erraiak”-en ez nion neure buruari halako galderarik egin; igerilekura jauzi egin nuen.

Denbora dezente eman duzu hau idazten. Kosta egin zaizu?

Kostatu zait eta aldi berean ez zait kostatu. Kostatu zait idazteko denbora hartzea. “Erraiak” publikatu eta gero, zurrunbilotik aldentzeko beharra nuen eta neure burua “Erraiak” idatzi zuen pertsonaz aparte ikustea, beste modu batera –profesionalki esan nahi dut–. Itzulpen batzuk egin nituen eta kazetaritza lan batzuk ere egin nituen eta horrek eman dit zama hori gehiago banatzeko aukera. Nola, beste gauza batzuetan sentitzen nintzen errekonozitua, bai nire buruaren aldetik eta bai kanpotik; zenbat eta garrantzi gutxiago eman, zenbat eta sakabanatuago egon zama hori, gehixeago idazten hasi nintzen. Baina aldi berean idazteko bulkada hori baneukan.

Zaila izan zen heldu niolako hari horri eta hasi nintzelako hari horri tiraka, oraindik garbi eduki gabe norantz joan nahi nuen. Intuizioz idatzi behar dela uste dut eta ez naiz izango ni nobela osoa aurrez pentsatua izango duen idazle bat, baina uste dut gauza batzuk argi edukitzea komenigarria dela. Horretarako behar da denbora, ez bakarrik ordenagailuaren aurrean esertzeko, baizik paseatzeko, gauzak irakurtzeko… Eta hori oso gutxi eduki dut, batez ere 2015-2016 ikasturtean, eta baita hurrengoan ere. Oso tarteka idatzi dut. Parte batzuk idaztea asko kosta zait eta gero ja pasa den urrian-edo harrigarriki berrirakurri nuen eta oso argi ikusi nuen zer zen esan nahi nuena. Badut sentsazio hori; sasia apartatu gabe joan naizela egiten, eta oinarriak sasi artean egon direla, eta gero ja argi ikusi nuela eta argiago ikusten dudala publikatuz.

Bi sariketetara aurkeztu zenuen proiektu hau. Joseba Jaka bekara eta Irun Hiria sarira. Justifikazio bat behar zenuen?

Uste dut luzaroan besteen oniritziaren beharrean egon naizela; kanpoko norbaiten oniritziak bultzada handia emango zidan, zeren pisu handia jartzen nion neure buruari. “Erraiak”-ek nahiko oihartzun handia izan zuen eta gazte harrapatu ninduen ni, ez nuen mundu hori ezagutzen… Momentu batean pentsatu nuen ez nuela merezi, neurriz kanpokoa zela. Horregatik, alde batetik bilatu nahi nuen atentzio guztia ez jartzea hor eta beste gauza batzuei begiratzea, baina aldi berean herrenka igartzen nintzen eta kanpoko norbaiten oniritzia behar nuen.

Kutxa Irun Hiria sarira nobela oso bat aurkeztu nuen, lana egina neukan, baina arrazoi nagusia sari ekonomikoa zen. Oso tentagarria zen zentzu horretan.

Joseba Jakarekin ere prestatu nintzen ezezkorako. Eta gero pentsatu nuen hobe zela saririk ez jasotzea, ez nuelako agian argitaratuko nik nahi nuena. Eta gero horrela gertatu denez, pozik nago bide hori egin izanagatik.

Orain ere kritikak eta iritziak jasotzen ditut, baina uste dut hobe dela ez guztiz asmatu izana eta ez esatea zerbait ez zenuena esan nahi. Uste dut bata dela ofizioaren eta praktikaren ondorio naturala. Eta bestea bada igual nork bere buruari traizio handiago bat egitea. Ezezko horiei esker topatu dut nondik nahi nuen kontatu.

Kritika asko jaso dituzu?

Ofizialak bi publikatu dira eta, egia esanda, poztu naiz, zeren beldurra neukan; “Erraiak”-i buruz kritika batzuk idatzi ziren eta niri buruzko komentarioak asko agertzen ziren eta hauetan ez, liburuari buruzkoak agertzen dira. Eta asko eskertzen dut. Kritikoek irakurri dute liburua eta horri buruzko iritzia eman dute. Eta nire inguruko jendearengandik iritsi zaizkit iritzi batzuk ere, baina oso lasai momentuz.

Erraza zen, halere, «Erraiak»-ekin kritika pertsonalizatuak egitea.

Izan daiteke. Agian, halako liburu bat bakarrik idatz daiteke lehenengo liburua denean eta ez dakizunean zer etor daitekeen. Liburu honetan ere badaude gauza batzuk niretzat idazteko zailak izan direnak, kontua da ez daudela hain nabarmen jarrita.

Gazteenganako gerturaketa bat egin duzu liburuan…

Egia esanda, gazteengana esaten dut, baina nire belaunaldiarenganako gerturaketa bat da.

Danele!

Ados, egia da, gaztea naiz! [Barreak]. Orain nago momentu batean ni baino gazteagoa den jendea ezagutzen ari naizena eta nire inguruan dabilena. Ni ibiltzen naizen tabernetan, hitzaldietan edo gauzetan badago ni baino bost-hamar urte gazteagoa den jendea eta ja helduak dira, edo behintzat adin nagusikoak. Niri beti gustatzen zait nire errealitateari eta ni barne hartzen nauen klaseari erreparatzea; hortik idazten dut, eta “Erraiak”-en kasuan ere belaunaldi hori zela uste dut, baina kuriosoa egin zitzaidan 40-50 urteko emakume askok esan zidatela identifikatuak sentitu zirela eta horrek harritu egin ninduen.

Ez da izan saiakera bat. Hori neukan kontatzeko. Zerbait baldin baneukan kontatzeko, hori zen.

Arrakasta da lantzen den gaietako bat. Izan zintezkeen zu protagonista duela lau urte?

Izan nintekeen, bai. Banaiz eta ez naiz. Gauza batzuk badaude, Estrategia batzuk garbi daude. Baina ni egon nintzen…. [isilunea] Esango dut sentipenetako batzuk nireak direla, bizi izan ditudan sentipen batzuk nireak direla, gero konpartitu izan ditudanak beste pertsona batzuekin, eta gero beste gauza batzuk… Ni ideologizatuagoa nengoen maila guztietan. Miren jarri dut inozenteago, eta inozenteago jartzearen zantzu bat da, adibidez, borroka feministarekin egin duen film labur horrek ez duela hainbesteko kargarik bere buruan. Ez nuen hainbeste sartu nahi horretan.

Distantzia bat eman diozu pertsonaiari?

Bai, saiatu naiz. Batez ere, nahi nuena erakutsi zen hau ez zitzaidala niri gertatu, baizik eta gure kulturan hau gertatzen dela. Sare sozialena ere horregatik sartu dut, batez ere erakusteko zeren bitartez sortzen den arrakasta hori. Hau Kattalinek (Miner) esan izan du askotan: Bere etxe azpiko okinak ez dakiela nor den bera. Badaki dela ogia erostera joan den hori, baina ez daki dela ez dakit zein. Nahi nuen islatu zein den arrakastaren neurria, ez da Hollywoodeko aktore batek izan dezakeen arrakasta handi hori. Baina erlatiboan bizi garenez... Kulturaren alorrean zentratu dut, interesatzen zitzaidalako horri buruzko kritika bat ere egitea. Arrakasta hori neurtzeko modua da, estatus hori ipintzea jende horri. Lanetik harago ez du hainbeste inporta zer idatzi duzun, zer grabatu duzun, da gehiago jartzen dizuten etiketa ‘moloi’ hori. Ez ziren beti guapoenak ligatzen zutenak, bazen bere xarma zuen jendea ere.

Bukaerako eranskina opari bat bezala har daiteke?

Opari bat zuentzat?

Irakurlearentzat, bai.

Izan zen niretzat. Opari bat baino gehiago. Bukatu nuenean buelta pila bat ematen ari nintzaion testuari, ia obsesiboki. Konturatu nintzen behar nuela beste zerbait. Esker ona beti idazteko pendiente neukan. Ez nion hitzaurre bat egin nahi, horregatik jarri dut bukaeran, zeren liburuarekin batera doan gauza bat da. Liburua bukatu nuenean pasa nion Kattalini (Miner) ja ‘maketatuta’ zegoenean eta asko gustatu zitzaion. Beste batek esan zidan, adibidez, zalantzak sortzen zizkiola. Zintzoki egin dut. Ez dut egin ezer inongo medailarik jartzeko. Niri baketzeko balio izan dit.

Esker ona aipatu duzu. Ez dago esker txarrik liburu bat argitaratzen denean?

Bai, eta gainera esker txar disimulatu bat dago esker on horretan. [Barreak]. Ea topatzen duzuen zein den, bat baino gehiago ere badagoela esango dizut.

Idazle bakartiaren mitoarekin ere hautsi nahi izan duzu. Ez dakit posible den sinadura bakarreko liburu kolektibo bat?

Dudarik gabe, kontraesan bat dago. Egoa elikatzen du nahi eta nahi ez, zeren ni agertzen naiz hor. Eta zentzu batean nik parte handi bat dut liburu horretan eta nire izena hor agertzen da, baina era berean lehengo urtean Kattalinek (Miner) “Nola heldu naiz ni honaino?” publikatu zuenean, elkarrekin ibili ginen eta berak asko aipatzen zuen nola militantziarekin konparatuta zein indibidualizatzaileak ziren liburuarekin lotutako gauzak. Nahiz eta berak bere talde feministaren izenean hitz egin, ez zela bera bakarrik. Eta horrek atentzioa eman zidan. Jarri nion idazle bakartiaren mitoa haustearen izenburua, askotan idazle bakartiak direnek ere denek dutelako inguru bat eta askotan sare potente bat, eta gero honetan nola idazketa bera oso gorabeheratsua izan den, igual ez dut beka baten laguntzarik, baina izan dut lagunen hauspo hori eta askotan oso beharrezkoa izan da. Baina sinadurarena bai, kontraesana da, sinatzen dugunean ere lan piloa dago eta horrela ikusarazi egiten da. Aurkezpen askotara Kattalinekin (Miner) joaten naiz eta, nahiz eta nire liburua izan, ja era desberdin batean noa. Zerbaiten parte bezala sentitzen naiz.

Zeure buruari karga kentzen diozu Kattalin Minerrekin?

Konfiantza handia dut eta bai. Baina “Bakarrik ez, lagunekin bai” horretan Kattalinekin ez ezik, norbaitek elkarrizketa bat egiten badizu edo irakurle talde batean norbaitekin egotea desberdina da. Karga kentzen du horrek.

Agian, Kattalin gonbidatu behar genuen elkarrizketara…

Nahikoa ekarri dut nik dagoeneko [barreak].