Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Esku Hutsik banda du bidaide Markos Untzetak «Eguzki gorri bat» diskoan

Azken urteetan bidaide izan dituen musikariekin taldea egonkortu eta Markos Untzeta & Esku Hutsik izenpean argitaratu du «Eguzki gorri bat» (Gaztelupeko Hotsak), bere ibilbideko bosgarren diskoa, Eibarren jaiotako abeslariak. Rock amerikarra, folk, country eta zenbaitetan soul ukituekin zipriztinduz, denboraren iraganari eta haurtzaroko askatasun sentipenari begira jarri da Untzeta. Ukitu nostalgikoak dituen disko ez-nostalgikoa dela azaldu du.

Esku hutsik. Horrela sentitu ohi da Markos Untzeta disko bat argitaratzen duen aldiro. «Bosgarren diskoa dut hau. Grabatzen duzu bat, kristoren esfortzuarekin eta jendearen inplikazioarekin, eta uste duzu oinarri zabal eta sendoa edukiko duzula, baina hasten zara bigarren diskoarekin eta esku hutsik ikusten duzu zure burua, berriro hasten da prozesua. Nire musika ibilbidean beti sentitu izan naiz horrela», esan zuen Untzetak Gaztelupeko Hotsakekin argitaratu berri duen “Eguzki gorri bat” diskoaren aurkezpenean, baina ikuspegi horri kontrapuntua ere jarri zion: «Horrek behartzen zaitu gauzak lortzera: esku hutsik sentitu bai, baina gauzak lortzeko gogoz gaude».

Hala, bosgarren honetan aldaketekin dator. Batetik, ez dator bakarrik: azken urteetan bidaide izan dituen Anjel Ituarte (baxua), Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa) eta Iñaki Belaustegi (bateria) musikariekin taldea egonkortu eta Markos Untzeta & Esku Hutsik izatera pasatu dira. «Azken bost urteetan taldea finkatu egin da, identitate bat garatu du eta izen bat behar zuen», azaldu zuen Untzetak. Bestetik, “Seinaleak” (Gaztelupeko Hotsak, 2014) bakarkako diskoaren ostean bestelako atmosfera bat zuen obra sortu nahi zuen: «Aurreko diskoa gordina zen, biluzia, akustikoa eta kutsu ezberdineko abestiak sortu nahi nituen, inguruko mundua begirada baikorragoaz hartu». Disko argitsuago eta itxaropentsuagoa, azaldu zuenez, denboraren joanari erreparatu eta inguruan duguna balioan jartzera daramana: «Konturatzen naiz zelako erraz egiten diguten ihes atsegina ematen diguten gauza horiek, eta zelako garrantzia duten lagunek, maitasunak, baita haurtzaroko askatasun sentipen horrek ere. Nostalgia puntu bat duen diskoa da, baina ez disko nostalgiko bat», ziurtatu zuen.

Zuzeneko grabazioa

Diskoa Tio Pete estudioan grabatu dute Unai Mimenza soinu teknikaria lagun dutela, eta zuzenean. «Horrek freskotasuna, trinkotasuna eta zuzenekotasuna ematen dio diskoari. Agian kalitatez zerbait galtzen du, baina zuzentasunean eta freskotasunean irabazi dugu, trinkoagoa da diskoa», iritzi zion. Estilo aldetik, Untzetak ohikoa duen rock amerikarra ezagutuko du entzuleak, blues, country eta zenbaitetan soul ukitu batekin. «Gure betiko soinua», laburbildu zuen Untzetak.

Lehen emanaldietarako datak ere badituzte jada: ekainaren 1ean, Bilboko Cotton Club tabernan akustikoan ariko dira Untzeta eta Zanon, eta diskoaren aurkezpen formala ekainaren 22an egingo dute, Ondarroako Beikozinin. «Hori izango dugu talde osoarekin lehendabiziko kontzertua», zehaztu zuen Untzetak.