Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Bando bi

Munduko gobernurik feministena ezarri duela Pedro Sanchezek irakurri dugu han-hemenka azken egunetan, ministro-sorta «harrigarri, berritzaile eta distiratsua» osatu duela, eta, batez ere, femeninoa –zeinak, ez gaitezen pozak zoratzen egon, ez duen zertan izan feminista, hortxe dauden norbanakoak izan ala ez gorabehera–. Bada, Gobernu berriak dilema izugarri larri eta urgentea eragin du Espainiako Estatuko hainbat estamentutan: nola izendatu behar orain, Consejo de Ministros y Ministras ala Consejo de Ministras, emakumezkoen kopurua nabarmen handiagoa izanik kasu honetan; lehen, betidanik, nagusiki gizonezkoek osaturiko taldeari Consejo de Ministros lasai asko esatean zitzaionean bezalaxe? Eztabaidak, ika-mikak, batzuen aldeko argudioak, horiek barregarri uzteko besteen saiakera ohikoak… gaztelania hizkuntza inklusiboa bihurtzeko, edo, hobeto esanda, gaztelania bere horretan modu inklusiboan erabiltzen hasteko ekimenak dakarren gatazka bizian.

Gatazka bizi horrek, jende askori kontu ez larriegia, baita ergelkeria hutsa ere, iruditzen zaionaren gainekoak, ederki jartzen du ikusgai jendartean zer dagoen, oinarri-oinarrian, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunari dagokionez: bi borondate irmo, bata hura erdiesteko egin beharreko aldaketa oro egitekoa eta bestea hura sabotatzeko egin beharreko guztia egitekoa, esparruak edota pertsonak oztopatuz, nahasiz, galaraziz, debekatuz. Bi borondate tinko, mundua ulertzeko bi ikuspegi erabat desberdinetatik sortuak, eta ondoriozko arrakala zabal-zabala bien artean: pribilegio-mota oro desagertu egin behar dela uste dugunok alde batean, pribilegio-mota orori eusteko desesperatuak bestean; justizia, elkartasun sozial eta ekonomikoa hobeto praktikatzen eta hedatzen ikasteko desikasteko prest gaudenok eta horretan dihardugunok ezkerrean, jendartearen egungo nolakotasunean –kapitalismoan, heteropatriarkatuan, pobreekiko mespretxuaren sustapenean…– ezer bilaka ez dadin borrokatzen direnak eskuinean.

Bando bi, argi eta garbi, jendarteko esparru guzti-guztietan egunero izan baden gerra honetan, nahiz eta, batzuetan, bat-bateko berritasun eta distira eta keinuei esker garaituta dugula pentsatu (nahi). Muina, baina, ez da izena, izana eta jardunbidea baizik; garrantzitsuena ez da heltzea, heldu zarenean egingo duzuna baizik: zure bandoaren alde berarekin batera benetan borrokatu ala huts egiten jarraitu.