Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Ipuin erromeria

Erromeria beti musika, dantza eta nolabaiteko parrandarekin lotzen dugu. Egun-pasa polita, bazkaria eramanez, mendi aldera buelta bat eginez. Gaur egun erromeria urbanoak ere badira, garai batekoen irudikapena ekarriz. Eta beste garai batzuetan «bilerak» deitutakoek «erromeria» izena hartu ere. Bere garaian erromeria gazteen arteko ezagutza “intimoagoak” jartzeko bidea zen. Aspaldi zaharrean, errepidean ia autorik ez zegoenean, bilerak eta erromeriak ziren gure diskotekak. Egun-pasa, musika, bertsoak, dantza, otordu konpartituak, erroskillak…; ipuinik kontatuko ote zen, ordea? Bertsolariak bezala, izango ote zen kontalaririk?

Beharbada, halako zerbait pentsatu zuen kontalari euskaldunak eta biarnesak biltzen dituen Chaîne de Conteurs Pyrénées Val d’Adour taldeak, eta 2007. urtean Ipuinaren Festa antolatzen hasi ziren. Ideia sinple bezain erakargarria da. Mendialdeko herri txiki batean edo mahastien artean egun-pasa egin, ipuinak eta musika lagun. Otorduak, bakoitzak ekartzen duena besteekin banatuz egin eta lagun artean eman eguna. Aurten Pautik gertu dagoen Gan herriko Domaine Latapy upeltegian zuten deia. Euriak lagundu ez, eta mahastien artean baino, bertako eraikinen aterpean ospatu zen festa, ukuilu handian, dastatze gelan, ukuilu zaharrean… Nahi zuenak izena eman eta egokitutako lekuan konta zezakeen. Eta egun amaierarako Kamel Guennounek emanaldi bikaina eskaini zuen. 300 lagun inguru bildu ziren, eguna kaskarra eta lekua aparte izanik ere. Ipuin erromeria ederra.