Amalur ARTOLA
«SOINUJOLEAREN SEMEA»-REN FILMAKETARA BISITA

3, 2, 1... ALASKA HOTELEKO SUTEA

BERNARDO ATXAGAREN LITERATURGINTZAN ARO BAT IXTEA EKARRI ZUEN «SOINUJOLEAREN SEMEA» ELEBERRIA ESKU ARTEAN IZAN ZUEN LEHEN UNETIK LILURATU ZEN FERNANDO BERNUES. ANTZERKIRA ERAMAN ZUEN DUELA ZAZPI URTE ETA, ORAIN, ZINEMARAKO FILMAKETAN DABIL.

Kamerak, figuranteen joan-etorria, garaiko jantziak, kafe termoak, makillatzaileak... eta, guztiaren erdian, Fernando Bernues, Bernardo Atxagaren “Soinujolearen semea” zinemara eramatearen erronka bere gain hartu zuen zuzendaria. Osteguna da, eguzkiak behingoz ateratzeko erabakia hartu du eta Donostiako Miramar jauregia prest da Alaska hotela bilakatzeko. «Egia esan, lehen aldia da hiru egun lokalizazio berean gaudela eta eskertzen da», aitortu digu. Izan ere, Abra Prod eta Tentazioa ekoiztetxeek sostengatutako proiektuak Opakua, Urbasa, Irun, Bera edota Lesakara – azken biek irudikatuko dute Obaba– eraman ditu, baina pozik dago Bernues, epeak betetzen ari direla-eta. «Film korapilatsua da, denbora jauziak dituelako, lokalizazioak... baina, aurreikusi bezala, filmaketa ekainaren 27an amaitzea lortuko dugula uste dut», esan du.

Hiru denbora narratibotan banatuta, Obaba herriko Daviden eta Josebaren arteko harremana da obraren ardatza. 36ko Gerraren amaieratik XXI. mendearen hasierara arteko Euskal Herriko errealitate soziopolitikoak zeharkatzen du kontakizuna eta, pertsonaien haurtzarotik abiatuta, testuinguruak euren erabakietan duen garrantzian sakontzen du obrak.

«Bizi izan dugun errealitatearen dimentsio sozial, politiko eta kulturala horren argi islatzen duen material bat esku artean hartzen duzunean, zure historia, gure historia dela sentitzen duzu. Hori gertatu zitzaidan niri. Arimak oihukatzen zidan material horrekin zerbait egin beharra nuela, nire lengoaietatik kontatzeko beharra nuen», azaldu digu. 2006. urtean “Kutsidazu bidea, Ixabel” amaitu ostean “Soinujolearen semea” zinemara eraman nahi izan zuela nabarmendu du, baina Atxagak jada egile eskubideak esleituta zituenez, ezin izan zuen. Dena den, orain zazpi urte antzerkira eraman zuen, arrakasta handiz: «Ausartzea era baki nuen, nahiz eta banekien zaila izango zela. Zinemara eramateko ezintasunetik etorri zen oholtzako bertsioa, eta Atxagak aurreko baimena iraungita zegoela esan zidanean proiektua berrartzea erabaki genuen, uste baitut gure historiari heldu egin behar diogula».

Istorioaren ardatza adiskidetasuna bada ere, testuinguruak «ñabardurak, berezitasunak» ematen dizkiola uste du: «Badu gure jatorriaren DNA, ez bakarrik gure belaunaldiarena, baita ondorengoena ere. Zergatik gertatu zen 60-70eko hamarkadetan gertatu zen guztia? Nola lerratzen dira gizon hauek militantziara? Zergatik ez dira elkartzen baten bizitza amaierara iritsi den arte? Horrek guztiak egiten du kontakizun hau istorio handi bat izatea».

Barne eta kanpo suteak

Aitor Beltran eta Iñaki Rikarte dira protagonisten rolak jokatuko dituztenak, baina antzezle taldean daude baita ere Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoy.

Miramarreko saioetan, Alaska hoteleko pasarteak filmatu dituzte. «Obabako espazio soziala da, narrazioaren zati asko gertatzen dira hemen eta Teresaren, obrako pertsonaia garrantzitsuetako baten, bizilekua ere bad a . Berak emango dio Davidi bere aitaren iragan kolaborazionistaren berri. Gaur hotela erre egingo dute Joseba eta bere kolaboratzaileek, eta plano batean altzariak ateratzen ikusiko ditugu. David, Teresa eta Josebaren elkarrizketa interesgarri batzuk ere grabatuko ditugu; David hasiko da errealitateaz jabetzen, bere aita soinujolea da hotelean eta ohartuko da beraren eta hoteleko jabearen arteko harremana adiskidetasunetik harantzago doala, atzean badela iragan ilun eta mingarri bat», zehaztu digu.

Joseba Apaolaza da Anjel, soinujolea. «Istorioan badaude pertsonaia batzuk ni bezala bando nazionalaren alde egin zutenak, baina horien artean esango nuke nirea dela ez hain konbentzitutako pertsona, agian ez da damu, baina bizi ditu gauzak ez hain eroso, ez da halako faxista tinko bat», zehaztu du.

Teresaren papera, Miren Arrietari egokitu zaio. Kameren aurrean “Goazen!” telesailean aritua bada ere, hau du zinemako lehen lana. «Niretzat berria da hau, baina oso pozik nago. Zazpi filmaketa saio ditut eta bitxia egiten zait kronologikoki ez grabatzea; pertsonaia landu, eraiki eta muntatu ostean, desmuntatzera behartzen nau horrek, baina oso pozik nago», ziurtatu du.

Pertsonaia lantzeko, etxekoen oroimenaz eta Internetez baliatu da. «Asko ikertu behar izan dut. Teresa pertsonaia potentea da. Daviden bidean badu eragina, hartzen dituen erabaki askotara bideratzen du Teresarekin daukan harremanak. 70eko hamarkada ezagutzen ahalegindu naiz, familian-eta gure historiaz xehetasun gehiagorekin galdetu dut, herriak sufritu duenaz… batez ere herri txikietako gizartea interesatzen zitzaidan. Nire pertsonaia falangista baten alaba izanda, jakin nahi nuen nola sozializatzen ziren pentsaera hori zuten pertsonak».

Teresa eraikitzeko bertsio eszenikoan pertsonaia hori antzeztu zuen Amancay Gaztañagaren laguntza izan du: «Berak esaten zidan ez nuela Teresa salbatu behar, bere kondizioagatik asko sufritu duen pertsonaia baita. Hari entzutea klabea izan da niretzat, hortik abiatuta gero nik nire Teresa sortu baitut».

Bingen Elortzak bere pertsonaia «egina» iritsi zaiola azaldu digu. “Joseba gaztea” da bera, 18-29 urte bitarteko Joseba. «Prestakuntza handirik ez dut behar izan, ‘Joseba heldua’ eta ‘David heldua’ direnek [Iñaki Rikarte eta Aitor Beltran] egin zituzten paperak antzerkian eta lan guztia egina etorri zaigu». Istorioa «oso ohikoa» bada ere Euskal Herriko egoera soziopolitikoak traman pisua baduela uste du eta horrek «zerbait oso identifikagarria» bilakatuko duela filma. Anbizio handiko proiektua dela ere uste du. «Oso obra ezaguna da, bere garaian antzerkiak arrakasta handia izan zuen, eta horrek errespetua ematen dizu, baina hemen batuta duenarengan konfiantza izatea da garrantzitsuena, eta Fernandok oso argi daukanez zer nahi duen lantaldea oso lasai gaude. Konfiantza izan, eta aurrera».

Eta, Bernuesek kontatu digunaren arabera, momentuz, iruditeriarekin bederen asmatzen ari direla dirudi: «Ultzaman filmatzen ari ginela Atxaga etorri zen eta, une batean, arnasa sakon hartu eta ‘barkatu, barkatu’ esan zuen. Hitzak haragi bilakatuta ikusi zituela esan zigun».