Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Baxoa euskaraz egiteko nahia agertu dute aurten ere Seaskako ikasleek

Pirinio Atlantikoetako 4.000 ikasle inguruk izan zuten atzo baxo azterketaren lehenengo proba; horietarik erdiek, Ipar Euskal Herrian. Aurten ere euskaraz soilik Historia eta Matematika azterketak egin ahal izanen dituztela salatzeko protesta egin zuten Baionan.

Goi ikasketak egiteko asmoa duten ikasle anitzek liburutegietan edota etxeko logelan sartuta eman dituzte azkeneko egunak. 4.000 ikaslek baino gehiagok eginen dute aurten baxo azterketa orokorra eta teknologikoaEuskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Horietarik erdiak Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikasleak dira.

Iragan astean hautazko hizkuntza proba egin ostean, atzo baxoari irekiera ofiziala eman ohi dion azterketa izan zuten; hots, Filosofiakoa.

Gaia sakon jorratu behar izan zuten ikasleek: “Ahal diogu egiari muzin egin?” edota “Behin betirako egiarik ba ote dago?”. Horra hor aurtengo gogoeta gaia. Egiari zor, galderari erantzuteko orduan ikasle guztiek ez zituzten aukera berberak izan; Seaskako ikasleek ez baitzuten azterketa euskaraz egin ahal izan.

Filipe Laskarai, Seaskako hezkuntza aholkulari nagusia, «egoera ezohiko» hori salatzeko Rene Cassin lizeoaren aitzinean antolaturiko elkarretaratzera hurbildu zen, atzo eguerdian.

«Duela lau bat urte aitzinamendua lortu genuen, Historia eta Geografiaz gain Matematika azterketa euskaraz egiteko aukera onartu zigutelako», azaldu zion GARAri. Garaian, «baliabide teknikoak falta» zirela argudiatu zuen Hezkuntza Ikuskaritzak, azterketa hori euskaraz ez egin ez zedin. «Finean, esperimentazio fasea zabaldu zen eta agerian geratu zen ministerioak erraten zuenaren kontra Matematika azterketako zuzenketak ziurtatzeko arazorik ez zegoela», gaineratu zuen Laskaraik.

Alta, Seaskako ordezkariak aitortu zuenez, geroztik baxoa osorik euskaraz egiteko eskakizunak ez du aurrera egin.

Berdintasun falta

Seaskako ikasleek eginiko elkarretaratzean parte hartu zuen Arantza Egigurenek hau nabarmendu zuen: «Aurten ere eskutitzak igorri ditugu, baina Erretoretzak betiko erantzuna eman digu; beraien ustez, azterketa euskaraz egiteak ezberdintasun bat sortzen du beste ikasleekiko eta beren ikuspuntutik hori ez da onargarria».

Ikasle hendaiarren iritziko, ordea, ikasturtea osorik euskaraz egin dutenek pairatzen dute «legalitate falta handia». 60 bat lagun hurbildu ziren –gehienak ikasleak baina baita irakasle eta gurasoak ere– Rene Cassin lizeora, alegia, baxo proba egiteko Baionan hautatu dituzten hiru lizeotatik ikasle gehien jasoko duen ikastetxera.

Seaskako zuzendari Ur Gorostiaga ere mintzatu zen: «Estatuak erraten du Hezkuntza kodeak ez duela ahalbidetzen brebet eta baxo azterketak frantsesa ez den beste hizkuntzan egitea, baina hori ez da horrela, legea ez da oztopo, borondate falta da traba nagusia».

Maluruski, azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena ez da Seaskak gaur egun Hezkuntza Ministerioarekin zabalik duen gatazka bakarra.

Ikasturte berriari so

Heldu den ikasturtean izanen duen matrikulazio hazkundeari erantzuteko 25 irakasle postu berri behar ditu Seaskak. Hezkuntza Ministerioak, ordea, 5,5 postu baizik ez dizkio aitortu. Azkenaldian, euskal parlamentariek ikastolen aldarrikapenak defendatu dituzte Parisen. Alta, Gorostiagaren ustez, «orain arte Hezkuntza Ministerioak afera gibelatzera jokatu du».