Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aitor Aranguren, Z belaunaldiko atzelaria

«Tokia egitea eta hobetzea, baina oraindik lasai», hori da bihar debuta egingo duen pilotariaren helburua.

Azkenaldian gero eta ezagunagoak egiten ari zaizkigu millenialak bezalako terminoak, XX. mendeko azken hamarkadan jaiotakoen belaunaldia definitzeko erabilia, baina pilota hain doanez abiadura bizian, termino moderno hauek berehala geratzen zaizkigu zahar. Bilatzen jarrita, Z belaunaldia omen da 2000. urteaz geroztik jaiotakoena eta bihar Tolosan debuta egingo duen Aitor Aranguren atzelariarekin, pilota profesionalera ere heldu direla esan genezake.

Pentsa, Aimar Olaizola, bere txikitako pilotari kuttuna izango du aginarrak aurreko koadroetan lagun bere debutean eta atzelaria jaiotzerako, goizuetarrak bi urte zeramatzan ordurako profesional bezala. Baina Aitor Arangurenen pilota ibilbidean dena doa arrapaladan, 15 urte zituela sinatu zuen lehen aurreakordioa Asegarcerekin, Aniceto Lazkanok Tolosara entrenatzera joateko eskatu eta gero. Azken urte eta erdian enpresako profesionalekin entrenatu izan du frontoian eta azken hilabete eta erdian fisikoa ere haien ondoan landu du.

Uste baino lehenago

Debutatzeko aukera ere uste baino lehenago heldu zaio atzelari gipuzkoarrari, adinez nagusi izateko bezperan, apirilaren 10ean, entrenamendu saio baten ostean, Pablo Berasaluzek debutatuko zuela esan zionean. «Ez zegoen ezer hitz eginda, entzuten nuen jendeak esaten zuela abenduan-edo aukera izan nezakeela, eta data ona iruditzen zitzaidala, baina ez nuen espero hain goiz izango zenik», azaldu zion GARAri pilotariak.

Gainera, denbora gutxian hiru izango dira profesionaletara jauzia eman edo emango dutenak; Eskirozek maiatzaren 26an egin zuen eta Jon Mariezkurrenarena uztailaren 13rako dago iragarria. «Asegarcen atzelari faltan zeuden eta aukera oraintxe sortu da eta aurrera». Kontua da, kantxetatik kanpo lau hilabete daramatzan Untoria ez dela erabat osatzen eta beste errioxar batek, Salaverrik, irailera arte ezin izango duela jokatu eta udako konpromisoak betetzeko jendea behar dutela.

Bere dohainen inguruan galdetuta, argi du berak ez duela Mariezkurrenak izan dezakeen kolpea eta «pilotari gogor» bezala definitzen du bere burua. Horixe baita, zehazki, bere hobekuntza puntua. «Eskuinarekin gozatzea kostatzen zait eta horretan ari naiz, pixkanaka kolpea hartzen ari naiz eta pilota gehiago gozatzen». Egoera berrietara moldatzeko gaia badu behintzat. Izan ere, infantilak arte, aurrelari gisa jokatu zuen. «Kadeteetan erabaki nuen atzean jokatzea. Ez zen zaila izan, klubera –Pagazpera– Exposito etorri zen eta hark aurrean jokatzen zuen eta orduan erabaki genuen ni atzera pasatzea». Horregatik, buruz buru ondo moldatzen da, batez ere Lau eta Erdian eta profesionaletan ere probatu nahiko luke.

Ugalde eta Arretxe, urtebete gehiago

Kontratuak berritzeko garaia izan ohi da uda hasi aurreko hau eta azken egunetan bi mugimendu egin dituzte enpresa handiek, bana Aspek eta Asegarcek.

Eibarkoen artean, Andoni Ugalde oiartzuarra izan da bere lan harremana urtebetez berritu duen pilotaria. 2016ko San Joan egunean egin zuen debuta pilotariak Eibarko Astelenan eta enpresak jakitera eman duenez, lehen bi urteak bete ostean, beste denboraldi batez jokatuko du vidartetarrenean.

Asegarceren kasuan, ohikoa da udako egonaldia aprobetxatzea halako lanetarako eta aurten Iker Arretxe izan da Guardian emandako egunetan bere lan harremana luzatu duen pilotari bakarra. Luzaidekoak 13 denboraldi daramatza Bilboko enpresan eta 14 ere beteko du iritsitako akordioaren baitan. Mikel Larunbe, Andoni Aretxabaleta eta Asier Agirre izango dira hurrengoak, hiru pilotari hauen kontratua abuztuan amaitzen baita. J.O.