A.A.
DONOSTIARRA

Hiriburuko taldeak pausoz pauso hazi nahi du

Denbora askoan itxarondako urratsa eman duDonostiarrak Igor Makazagaren eskutik.

Hiriburu bateko taldea TKE Ligan. Hainbat aldiz amestutako irudia aurten beteko da lehen aldiz, Donostiarrak iaz lortu zuelako denbora luzez bilaturiko igoera. KAE-1 Ligako talderik onena izan ostean, Igor Makazagaren eskutik gorengo mailan ere lehiakorra izatea da gipuzkoarren helburua orain.

«Helburu jakinak baino, nik uste TKE Liga erronka bat dela Donostiarrarentzat. Arraun elkartearentzat erronka bat maila eta atal guztietan. Aspalditik bilatu den gauza bat da, azkenean lortu dena, eta orain erronka hor goian ere maila ona ematea da», dio pasaitarrak.

Maila ona ematea eta bidean gozatzea. «Uste dut osagai oso bereziak ditugula gozatu ahal izateko. Taldeko arraunlarien hiru laurdenak donostiarrak dira, 8-10 bat arraunlarik lehen aldiz egingo dute arraun TKE Ligan, behetik gazteren bat igoko da... Testuinguru interesgarria dela uste dut gozatu ahal izateko, estropada onenetan eta aurkari onenen kontra».

Alde horretatik, egia da jarraikortasuna izan daitekeela taldearen ezaugarri nagusia, iaz egindako lan onari jarraipena eman nahia. Sei baja izan dituzte –Ander Iriarte patroiarena agian aipagarriena–, eta beste hainbeste berrikuntza daude –Kaikutik heldu den Ioritz Orbegozo eta San Juandik iritsitako Joxe Leibar izenik ezagunenak–.

Santurtzirekin gertatzen den moduan, Donostiarra ere bikain ibili da denboraldi-aurreko estropadetan: hirugarren Ondarroan eta Lekeition, eta laugarren Mutrikun. Baikortasuna nabari da taldearen inguruan eta elkartea ere lan oparoa egiten ari da ilusio hori jarraitzaileen artean zabaltzeko.

«Elkarteko pertsona guztiak oso inplikatuta daude, eta hori nabaritu egiten da. Lanerako giro oso ona daukagu eta taldeak urratsak ematen segitzen du, nahitaez eman beharrekoak, lan horri esker», azaldu du Makazagak. Donostian pozik dabilela antzematen zaio.