Mikel ZUBIMENDI
BERGARA
Entrevue
PAKO SUDUPE
IDAZLEA

«Beso zabalik onartu zen HBn bihotzez eta ideologiaz kristau demokrata zena»

Euskal Ikasketetan doktore den honek (Azkoitia, 1969), Telesforo Monzonen biografia mamitsua idatzi du. Abertzaletasunaren eta, oro har, Euskal Herriko politikaren bilakaera ulertzeko ezinbestekoa da Monzonen ibilbidea: EAJrekiko konpromiso goiztiarra, gero ETAko errefuxiatuekin bat egin eta azkenik HBren lider karismatikoa bihurtu artekoa.

Berez, Monzoni buruzko lan dezente egin dira, Koldo Izagirreren "Langosta baten inguruan" bilduma ederra edo Anai Arteak argitaratutako "Hitzeko gizona" liburua adibidez. Baina orain arte ez da egon biografia osorik. Hutsune hori betetzera etorri da Pako Suduperen lan mardula. Olaso dorrean egin dugu berarekin hitzordua, eta ahots pausatuaz Monzonen bizitzaz eta ekintzez gako eta pasadizo asko konpartitu ditu GARArekin.

Estatu gabeko nazio bezala beharrezkoa den tentsiotik behera gabiltzala diozu, eta Telesforo errepasatzea ez zaigula kalterako izango.

Perspektiba historikoa inportantea da. Duela 40 urte, justu 40 urteko diktaduratik atera ondoren, Telesforok-eta ze ikuspegi zuten jakin behar da, handik honakoak gero perspektiba horrekin ikusteko. Hausturaren alde zegoen, diktaduratik aterata ezin genuela Madrileko joko arauak hartu, hauteskundeak egin eta Madrileko Kongresura jotzera mugatu. Hauteskundeak egin behar ziren hemen, lau herrialdeetan, gobernu eta konstituzio probisional bat egin, horrela jokatu behar zela. Aurretik, Madrileko Kongresuan esperientzia txarra zeukan, II. Errepublika aldian oso gogoan zeukan han esan ziotena: «Zuek espainolak bazarete, joko arauak errespetatu behar dituzue, eta espainolak ez bazarate, ze egiten duzue hemen?». Beti esaten zuen: «Bakea, euskal estatuaren ordainetan». Alegia, hemen bakea nahi eta behar dugu, baina autodeterminazioa behar dugu eta herriak erabakitzea. Beraz, euskal demokrata zen, baina demokrata hemen, ez espainol.

Jelkideen artean euskarari balio politiko benetakoa eman zioten gutxien artekoa dela diozu. Hala al zen?

Telesforo euskaldun berria zen, eta berarentzat euskara denetan inportanteena zen. Gerraostean, 60ko hamarkadan, oso argi zuen: hemen euskal estatua kohesionatzeko erlijioak ez du balio. Gerraurrean izan zitekeen jainkoa eta lege zaharra, baina eraberritu egin behar zen hori: euskara zen kohesiorako giltzarria. Bere metaforekin argi esaten zuen: «Guk kantatu behar dugu kardantxiloak bezala, ez kanarioak bezala». Euskaldunena kardantxiloaren kantua zen, ez kanarioena.

Zubigilea zen, ezta? Gerra aurreko eta osteko gudariak, tendentzia abertzale ezberdinak…

Dudarik gabe. 60ko hamarkadan hasi ziren ETAren iheslariak iristen Iparraldera, lehenik Txillardegi eta horiek, gero beste batzuk. Orduan berak esan zuen: 25 urte pasatu dira gerratik eta beste belaunaldi abertzale bat dago, hauek ere abertzaleak dira, gu bezala, alegia, jelkideak bezala. Hauei lekua egin behar zaie, eta denon artean egin behar dena da Euskadi askatzea. Hor sekulako aldea egon zen Monzonen eta Irujo, Leizaola eta horien artean. Hauen planteamendua zen erbesteko Eusko Jaurlaritza mantentzea Franco hil arte, baina abertzale berriekin ez zuten nahasi nahi, ez zuten harremanik nahi.

Hil arte beti sentitu zen jelkide. Telesforo jelkidetasunetik aldentzeko baino gogo gehiago al zuen EAJk Monzon alderditik botatzeko?

Horrela da. Berarentzat jelkide izatea ez zen ur geldotan ibiltzea, urmael batean bizitzea, ur-lasterretan aritu behar zen, garaiari egokituz, beste abertzaleei leku eginez. Berarentzat hori egin behar zuen EAJk, alderdi zabal bat, bere korronte ezberdinekin, jelkidetasuna gaurkotzea, eguneratzea. Humanismoa, elizaren doktrina soziala, eta aberriaren askatasuna ardatz.

Multifazetikoa zen: mitinlaria, aberriaren propagandista, antzerkigilea, kantugilea. Politikari atipikoa izan zen, ezta?

Ez zen batere intelektuala, alegia, ez zen bere bulegoan sartuta gauzak egiten aritzen den horietakoa. Herrian eragin nahi zuen, oso sen onekoa zen eta karisma handikoa. Iparraldean 30 urtez bizi izan zen, ikusten zuen antzerkiak arrakasta zuela, eta antzerkiak egiten zituen, batez ere bere mezuak pasatzeko, dohain handiak zituen antzerkirako. Abestiekin berdin; ikusi Pantxoa eta Peio kantuan, eta hantxe joaten zitzaien letrak eskaintzera. Bestalde, oratoria bikaina zuen, hizlari aparta zen euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Indar handia zuen, jende aurrean hazi egiten zen. Gerraurrean, dudarik gabe, Jose Antonio Agirrerekin eta Irujorekin batera, hiru horiek izan ziren denetan hizlari handienak.

Egia al da, liburuan diozun bezala, hiru horiek Nafarroan harrika hartu zituztela?

Bai. 50 hitzaldi eman zituzten, baina ez zuten esan zein herritan gertatu zen. Jose Antonio Agirrek jarri zion ekimen hari «Campaña de Conquista de Navarra» izen negargarria.

Bihotzez eta ideologiaz, Monzon kristau-demokrata zen. Halere, zen bezala, beso zabalik onartu zuten Herri Batasunan?

Arazorik gabe onartu zen. Bere kristautasunaren inguruan anekdota asko daude. Piarres Larzabalekin egunero egon zen 30 urtez eta, egun komikoa iruditu arren, Monzonek esana da erabaki politiko handiak hartu baino lehen biak elkartzen zirela izpiritu santuari argitasuna eskatzeko. Larzabalek lasaitzen zizkion ETAren ekintzekin zituen kontzientzia arazoak.

Abertzaleen arteko banaketa euskal bekatutzat jotzen zuen.

Mari-gaiztok etsaitzen gaituela zioen. Gerrak markatu zuen. 1931n, lau herrialdetako euskaldunok batuta geunden, hobea ala txarragoa, autonomia estatu baten bidez. 32an, 15 apoderatu haien traizioagatik banatu eta 36an elkarren kontra gerran ginen. Euskalduna anai-arreba zen, nahiz eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeko buru zela, Oiartzundik behera etorri eta gudariak hiltzeagatik bere aurrera preso ekarritako errekete baztandar euskaldunak izan.