Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Olatutik erori ziren surflariak:lau film, lau istorio, lekuko asko

Andy Ironsen bizitzari buruzko filmaren antzeko beste lau lan. 70eko hamarkadako garai psikodelikoetatik 90eko hamarkadako sasoi ilunetara, Hawaiiko ur beroetatik Kalifornia iparraldeko ur hotzetara, drogen gehiegizko erabilerak suntsitutako surflarien istorioak.

Pasa den astean “Andy Irons: Kissed by God” filma izan genuen hizpide. Ordea, Ironsena ez da gazte hil zen surflari ezagun baten bizia kontatzen duen film bakarra. Hona gai bera jorratzen duten beste lau film.

«Bunker 77» (2017)

Bunker Spreckels surflari estatubatuar berritzaile bat izan zen; «inork hartzen ez zituen olatuak hartu eta inork surf egiten ez zuen lekuetan surf egiten zuen», dio filmean agertzen diren lekukoetako batek. Sasoi hartan erabili ohi ziren baino askoz taula motzagoak erabiltzen zituen eta arrain ipurdiko taulen lehen diseinua berak egin omen zuen. Familia oso aberatsekoa zen; Claus Spreckles baroiaren biloba zen eta bere ama Clark Gable aktore famatuarekin ezkontzean oraindik eta aberatsago bilakatu zen.

Hawaiiko Oahu uhartean bizi zen surflari ezagun bilakatu zenean. Bere argazkiak maiz agertzen ziren “Surfer” aldizkarian, uretatik kanpo ere asko nabarmentzen zen pertsona baitzen. Adinean aurrera egin zuen neurrian, munduko rock izar ezagunenekin harremanak egiten hasi zen, industria pornografikoan sartu zen eta 70eko hamarkadako mugimendu psikodelikoaren ikur bilakatu zen. Horrela, pixkanaka, drogatzen zen pertsonaia bitxi bat izatetik, drogazale bitxi bat izatera pasa zen. 1977ko urtarrilaren 7an hil zen heroina gaindosi baten ondorioz, 27 urterekin hildako “izarren klubeko” kide bihurtuz.

Skate mugimenduak indarra hartu zuen unea irudikatzen duen “Lords of Dogtown” filmean, Tony Alvary nahi adina diru ematen dion babesle bat agertzen da; emakumez inguratuta agertzen da babeslea limusina batean, larruzko jaka deigarri bat jantzita... Bada, errealitatea ere horrelakoxea zen, pertsonaia hori Bunker Spreckles zen.

«Inork ez zion esaten, ‘Bunker, gelditu hadi!’. Alderantziz, ‘gauza bera egin al dezakegu?’ galdetzen genion elkarri. Bada, jarrera hori lagungarria al zen? Ez dut uste», dio filmean hizketan agertzen den Phil Jarratek. Eta honakoa gehitzen du: «Norbait suntsitu nahi duzu? Eman iezaiozu sekulako dirutza eta bera bakarrik hondoratuko da».

«Searching for PT» (2008)

Norbanako orok omen du modu bateko edo besteko desoreka, mendekotasun fisiko edo konpultsio emozionalen bat. Gizaki orok egin behar dio aurre deabru edo arazo multzo bati. Eskizofrenia paranoidea, ordea, beste maila batean kokatzen da, lurtarron mundutik harago. Bada, horixe erakusten du “Searching for Michael Peterson” (Michale Petersonen bila) filmak.

Jolyon Hoff gidoilariak Michael Peterson surflariaren kondaira berreskuratzen du. Sasoiko psikodelia giroan, askok uste zuten Petersonek irudi deigarria eman nahi zuela, baina ez zen horrela: bere buruan gaitz beldurgarri bat hazten ari zen eta droga gogorrek ez zuten lagundu, alderantziz, endekapen prozesua azkartu zuten. Rabbit Bartolomew surflari australiarrak honela kontatzen du filmean: «Hiruzpalau urtez beldurra ematen zuen. Autoan eserita egoten zen, Darth Vader zirudien [Star Wars filmeko robot gaiztoa]. Bibrazio hori igortzen zuen eta benetan astuna zen. Ez ginen ohartu gaixo zegoenik».

1983ko abuztuan, sona handiko jazarpen baten ostean atxilotu zuten Michael Peterson. Gibelean, hogei polizia autoren sirenak lehertu beharrean, eta bera, beti bezala, kontrako norabidean, ziztu bizian, Brisbane ibaiari itzal egiten dion Story zubiko pasabidean, beste hamabost polizia autoz osatutako barrikada topatu zuen arte.

Poliziak ospitale batean atxiki zuen. Handik atera ostean ez zen gehiago lehengoa izan, eta, aurrerantzean, amaren zaintzapean bizi izan zen, 2012ko martxoaren 19an, 59 urte zituela, bihotzeko batek jota hil arte.

Garaiko munduko surflari onenetakoa. Hiru bider jarraian irabazi zuen Petersonek Bell's Beacheko txapelketa famatua (1973tik 1975era). Egun batzuk geroago egin zioten elkarrizketako azken galderan, lortutakoarekin gustura al zen galdetu zioten. Brisbango zubian atxilotu ostean epailearen aurrean esan zituen hitz berberak errepikatu zituen: «Merezi nuen».

 

«Archy: Built for speed» (2008)

Matt Archbold, Archy, 80ko hamarkadan nabarmendu zen surflari estatubatuar bat da. Egun ez ditu zima luze horiak eta ez ditu bere sasoian erabiltzen zituen kolore deigarriak eramaten. Baina gorputz osoan tatuatuak dituen hitz, marrazki eta zauriek, kanpoko itxuraz harago ezer gutxi aldatu dela erakusten dute. Lehen bezain erradikala izaten jarraitzen du.

Gainontzeko filmetan drogen erabilerak ekar ditzakeen kalteak agerian uzteko nahikeria bat agertzen da, ez, ordea, film honetan. Izan ere, Archyk berak, drogekin izan dituen arazo larriak aitortzen dituen arren, erradikala izateak dakartzan ondorioen baitan kokatzen du arazoa, eta ez du amore eman nahi; drogarik gabe ere erradikala izaten jarraitzen duen arren, ez du drogen erabileraren kontrako diskurtsorik.

Garondoan du tatuatuta Archyk “Built for speed” (abiadurarako jaioa) leloa, eta, filmaren goiburuan, “Born to ride” (olatua zamalkatzeko jaioa) esaldia gehitu zioten. Izan ere, txapelketan inoiz puntako lehiakidea izan ez zen arren (parrandarako bere zaletasunaren ondorioz), munduko surflari esanguratsuenek haien surflari kutunenen artean kokatzen dute maiz. John John Florencek bi besoak atzerantz botata egiten duen bira esaterako, Archyrena da.

Garth Tarlow sasoi bereko beste surflari erradikal batek filmean kontatzen duenez, «garbitze prozesuen ostean bidaia bat egiten zuen eta, ia 80 kilorekin abiatutako tipoa, 50 kilorekin itzultzen zen; berriz erortzen zen, hilotz ibiltari bat zirudien». Elkarrizketatuek behin eta berriz errepikatzen duten esaldia honakoa da: «Mirari bat da Archy oraindik bizirik egotea».

«The Westsiders» (2010)

Surf munduan itzal handia duen Kaliforniako Santa Cruz hiriaren beste aurpegi bat erakusten du film dokumental honek. 90ko hamarkadaren hasieran surf aldizkarietan Kalifornia iparraldeko surflari trebeak agertzen ziren. Bertako surflariak olatu handietan ezagun egiten hasi ziren sasoia zen. Surfaren gorakada horrekin batera, ordea, drogen kontsumoak ikaragarri egin zuen gora eta guztia pikutara joan zen.

Metanfetamina kristalak surflari gazteen artean egin zuen triskantza lehen pertsonan pairatu zuten hiru surflari ezagunek hitz egiten dute filmean. Shaun Barron, Barney, olatu handi zein txikietako surflari ezaguna, 2015eko maiatzean hil zen, 44 urte zituela. Jason Collins, Ratboy, txapelketetan aireko ikusgarriak egiten zituelako egin zen ezaguna. Eta Darryl Virostko, Flea, olatu handietako surflari ezaguna zen. Hiru bider irabazi zuen Maverickseko txapelketa eta 2004an Waimean izan zuen erorketa bat “hamarkadako erorketa” bezala bataiatu zuen “Surfer” aldizkariak.

Lekuko askok hitz egiten du dokumentalean, baina elkarrizketa deigarriena garai hartan gaizkile nagusienetako bat zenak eskaintzen du. Vince Collier, The Godfather (aitajauna), surflari bortitza; urautsitik jendea kolpeka ateratzen zuen gazte zela, eta, pixkanaka, delinkuentzia munduan sartu zen, gaizkile arriskutsu bilakatu arte. Ez zuen, ordea, bere semeak balira bezala zaintzen zituen surflariekin kontaktua galdu. «Basoan zuhaitz bati lotuta nuen tipo bat torturatzen ari nintzen, eta, ordu bat geroago, mutilekin surf egiten nengoen», kontatzen du dokumentalean.

Filmean biolentzia (gaizkile taldeen arteko biolentzia, drogekin lotutakoa, eta abar) oso presente dago une oro. Filma oso iluna da, baina hori da egileak nahi zuena: «beste surflariek akats berak ez egitea».