Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Kantua neurtzen

Haur txikientzako egile ezagunen artean kokatzen da Leo Lionni. Aurreko mendearekin batera utzi gintuen Lionniren hainbat lan euskaratuta badaude ere, hainbat daude argitaratzear oraindik gure letretan. Haurrentzako obra egile hau txiripaz sartu zen haur literaturaren munduan. Bere bilobekin trenean zihoan batean istorio bat asmatu zuen hauek entretenitzeko; horrela sortu zen “Urdin Txiki eta Hori Txiki” (1959), aniztasunaren aldeko obra ezaguna. Handik urtebetera esku artean dugun “Arrarik arra” plazaratu zen. Har txiki eta bizkor baten istorioa dugu; izan ere, jan nahi duten edo jan dezaketen hegaztien artean ari da har txikia: «Egun batean, txantxangorri gose batek har bat ikusi zuen. Esmeralda bezain berdea zen eta adar batean zegoen. Harra irensteko zorian zegoela…». Irakurleak txantxangorria ikus dezake mokoa zabalik harra irensteko prest. Badirudi hortxe amaituko dela honen bizitza; alabaina, har berde bizkorrak oso baliotsua dela erakutsiko dio txoriari.

Eta horrela, irakurleak, orriak pasa ahala, ikusi ahal izango du harra txori eta hegazti ezberdinak neurtzen («Oso baliotsua naiz: gauzak neurtzen ditut» esan baitio txantxangorriari). Harrak txoriaren buztana neurtzen du hasiera batean: «Bat, bi, hiru arra bete»; ondoren flamenkoaren lepoa, tukanaren mokoa, koartzaren hanka… eta beste hainbat hegaztiren neurketak egingo ditu harik eta urretxindorrak bere kantua neur dezala eskatu arte, «neurtu nire kantua, edo gosarirako jango zaitut». Har azkarrak bere burua salbu jarriko du… neurketaz baliatuta.

Lionniren estiloa oso sinplea da; kritikari batzuen ustez, haurrek erraz identifikatzeko elementuak erabiltzen ditu irudiak egiterakoan: collageak, akuarelak, kartulinak, lapitzez egindako marrazkiak… eta sortzailearen 40tik gora liburuek estilo sinple eta identifikaerraza dute. Aspaldian ekin zion Pamiela etxeak egile honen obrak euskaratzeari (“Frederick”, “Igeritz”, “Alex eta sagu mekanikoa”…) eta ekinbide horretan kokatzen da “Arrarik arra” hau, egilearen aurrenekoetako bat izanik umore eta irudimenaren balioa azpimarratzen dituena.

Lionnirenak erraz identifikatzeko moduko obrak direla aipatu dugu arestian, eta estilo sinple horretan oinarrizko gertakarietara jotzen du, gauzen jatorrira. Eta artistaren lana ukitu poetikoz osatzen da. Gogoan izan egile honek berak nola aldarrikatzen duen artearen balioa “Frederick” lan ezagunean. Oraingo honetan collagearen bidez, erabiltzen dituen pastel-koloreen bidez, bistarako plazera den albuma eskaintzen digu; hondo zuria erabiliz, marrazturiko harra, landareak eta hegaztiak nabarmenduz.

“Arrarik arra” haur txikiei kontatzeko eta erakusteko istorio ederra dugu; irudiek ederki erakusten dituzte gertakariak; harra jateko zorian dagoen txantxangorritik abiatuta landaretzan desagertzen den har ikusezinera doan bidaia zoragarria dugu esku artean. Irakurleak, ikusleak, ikara edo pena senti dezake hasieran harra jatear daudenean, baina gero honek bere balioa agertzen duenean, hegaztiz hegazti antzeko formula erabiliz, ikusleak gozatu egingo du ateraldi eta neurketekin. Formula errepikakorra da, neurtu buztana, hanka, mokoa… kantua neurtzeko eskatzen zaion arte. Nola neurtu kantua? Edo urretxindorrak harra jan nahi du besterik gabe?

Lionnik, berriro ere, istorio erakargarri, entretenigarria, ikusteko goxoa baino gogoetarako gogorra izan daitekeena ere eskaini digu. Sinplea ematen duela, sinplea istorioa, sinplea estiloa, sinpleak irudiak. Baina sinpletasun horren azpian lanketa handia ikusten da. Ez baitago sinplea baino konplikatuagorik. Eta “Arrarik arra” edozein gauza da, baina sinplea, behintzat, ez.