Arantxa MANTEROLA
BAIONA
Entrevue
DANIEL OLTZOMENDI
EUSKAL ELKARGOKO TURISMO ARDURADUNA

«Euskal Herria hobekiago ezagutzeko gakoak eman behar dizkiegu turistei»

Izura-Azmeko auzapez den aldetik Euskal Elkargoko kontseilaria ere bada Oltzomendi. Turismoaren ardura du bertan eta oraintsu onartu dute Ipar Euskal Herrian turismo politika gauzatuko duen egituraketa. Politika horren nondik norakoak lantzen ari dira eta udazkenerako prest izango dute euskal lurraldearen, kulturaren, ondarearen eta bizimoduaren errespetuan oinarritutako «egiazko turismo politika».

Ahalmen handia aitortzen dio Daniel Oltzomendik Euskal Elkargoak abian jarritako Euskal Herriko Turismo Bulegoari, turismo alorrean era bateratuan eta osagarrian jardutea ahalbidetuko duelako.

Euskal Elkargoak, orain urte eta erdi sortu zenean, bere gain hartu zuen turismoaren eskuduntza. Nola zegoen eratua ordura arte turismoaren kudeaketa erakundeetan?

Baziren turismo bulego batzuk hainbat herri-elkargotan, esaterako, Baionan, Amikuze-Iholdi-Oztibarren edota Baigorri-Garazin. Baina ez zen loturik heien artean eta bakoitzak bere lan-ildoa zeraman. Euskal Elkargoa abian jarri zenean, legeak eremu hori bere gain hartzera derrigortzen zuen, betiere salbuespen aukera batzuk onartuz turismo mailan ezaugarri bereziak dituzten herriei. Adibidez, Baionak hautatu du elkargo mailako politika turistikoaren parte izatea hitzarmen baten bidez, baina, aldi berean, udalerri mailakoa ere mantentzea eta bere turismo bulegoa atxikitzea.

Eta gainerako herriek?

Herri turistikoen labela dutenen artean, Angeluk, Biarritzek, Bidartek, Hendaiak eta Kanbok turismo politikaren eskumena atxikitzea eta beren turismo bulego propioa izatea deliberatu dute. Donibane Lohizunek eta Urruñak ere bazuten aukera berbera, baina Euskal Herriko Turismo Bulegoaren baitan integratu dira. Joan den apirilaren 14an sortu genuen egitura hori. Horren bitartez, Euskal Elkargoak 152 herritako politika turistiko bateratua kudeatu eta finantzatuko du, gehi Baionakoa Elkargoko jarduerari dagokionez. Esan gabe doa turismoarena eskumen partekatua den heinean, egitura guztiak Pirinio Atlantikoetako eta Akitania Berriko kontseiluekin harremanetan aritzen garela.

Turismo politika bateratua lantzen ari zarete, beraz. Zein ardatz izango ditu?

Bai, hala da, eta lanketa horretan lehen aipaturiko bost herri horiek ere parte hartuko dute. Lantaldeek proiektua adostu ostean, datorren larrazkenean kabinete baten laguntzarekin idazteko moduan izango garela espero dugu. Gure turismo politika gidatuko duten ardatz nagusien artean dira, esaterako, turismoa lurralde osora eta urte osora hedatzea, soilik udara mugatu gabe. Ez dugu bilatzen udan jende gehiago erakartzea kostara, gure kostaldeak topea jo du: aski du. Turismo pedagogikoa eta iraunkorra sustatzea ditugu gure ardatzen artean.

Zer esan nahi duzu turismo pedagogikoarekin?

Adibide bat jartzeko: orain ibilaldiak egiteko ez da dokumentu komunik. Lurralde bakoitzak egiten zuen bere promozioa eta denak zatikaturik ginen. Hurrengo sasoirako [Euskal Herriko Turismo Bulegoa ofizialki urriaren 1ean hasiko da martxan] gure helburua gauzak amankomunean egitea da. Ibilaldi horietako plangintza bateratua lantzen ari gara: ibilaldiak hautatu, zein zaindu eta mantendu beharko diren erabaki, zein paisaia erakutsi behar diren, zein diren egokienak oinez edo bizikletaz egiteko... Orain, guztiok elkartuta badugu aho batez mintzatzeko aukera eta gurera datozenei eskaintza komuna egiteko. Orain arte, etortzen ziren kanpotarrek mendira joatea nahi zutenean, denak Larrunera bidaltzen genituen! Eta kontua ez da hori. Guk lurralde osoko aukerak proposatu nahi ditugu eta pedagogia egin Euskal Herrian gauza franko egin daitezkeela erakutsiz. Jendeak esparru anitzetan informazio ahalik eta osatuena izan dezan da gure helburua: garraioari buruz, non har dezaketen ostatu... Eta horrekin batera, egiazko turismoa proposatu.

Egiazko turismoa?

Euskal Herria hobeto ezagutzeko gakoak eman behar ditugu, finean, gutako askok beste lurraldeetara joaten garelarik bilatzen dugun gauza bera: hango kultura, bizimodua, pentsatzeko modua ezagutu, tokiko moneta baldin badute erabiltzeko aukera izan... Hitz batean, hango bizitza ulertzea eta partekatzea. Euskal Herria ederra da, bai, baina badira biztanleak, bada gizarte bat, identitate eta nortasun zehatzarekin, bere problematikak dituena... Hori dena nahi dugu partekatu, eta, ongi azaltzeko ahalegina egiten badugu, ulertuko dute, adibidez, zergatik bigarren etxebizitza izatearen kontra gauden.

Etxebizitzaren espekulazioaz ari zara...

Bai. Baditut lagunak oso gustura eta askotan etortzen direnak, eta, maiz esaten didate, urtero etortzen direnez, zerbait erosiko luketela bertan. Nik ezetz esaten diet beti. Zatozte Euskal Herrira, ateak zabalik dituzue, baina ez erosi etxerik, ez desorekatu gure gizartea espekulazioa indartuz. Eta ulertzen dute. Zentzu berean, ahalegina egin behar da gure hizkuntzaren egoera zertan den, gure eguneroko problematikak... azaltzen. Badakit zaila dela eta badela turista asko horretaz futitzen direnak, soilik itsasoarengatik etortzen direnak, baina badira beste asko ezagutu nahi gaituztenak.

Turismo Bulegoko beste partaideak iritzi berekoak dira?

Bai. Adibidez, Michel Veunac Biarritzeko auzapeza erabat ados da turismo berdea, iraunkorra, egiazkoa, kulturala, ondareari lotutakoa bultzatzeko. Euskal Herrian mota desberdinetako turismoen paleta dugu. Biarritzen luxuzko Hotel du Palais daukagu, baina, aldiz, barnealdean ez dugu antzeko zerbait egin behar. Han beste motako turismoa eskaini behar da, egiazkoa, lurrarekin, laborantzarekin lotua, baserritarrekin harreman zuzena ahalbidetuko duena, bertako mozkinak eta errealitatea ezagutzeko modukoa. Finean, errespetutik gurekin partekatu eta ezagutu nahi gaituztenei, garenak garela erakusteko. Guk ez dugu aldatuko gure bizimodua turistak erakartzeko.

Potentzial handia aurreikusten diozu egiazko turismo horri...

Jakina. Bertako kultura, gure mezuak, gure eskakizun militanteak ere partekatzen ahal ditugu, zergatik ez? Ezagutu dut jende asko interes handia duena gure bizimodua nolakoa den ezagutzeko, gure historiaz, gure hizkuntzaren zailtasunez, gatazkaz, ETAz, bakeaz... mintzatzeko interes handia duena. Bistan da profesionalek beren lana egin behar dutela, baina gizarteak ere prest egon behar du harreman zuzena izateko eta jende hori errezibitzeko.

Kostaldearen eta barnealdearen bereizketa oso argia da turismoaren alorrean, kostaldearen nagusitasuna bistakoa baita. Nola lortzen da oreka tratamenduan?

Hala da. Kostaldea askoz profesionalizatuago dago, eta, barnealdean, berriz, bada lan asko egiteko eta turismo politika eraginkorra eta sostengarria plantan ezartzeko beharra.

Eta, kostaldean gertatu bezala, ez zarete masifikazioaren beldur?

Kostaldeko turismoa oro har turismo “pasiboa” dela esango nuke. Jendetsua, hondartzan zentratua batez ere, gutxi mugitzen dena, ez duena interes handirik adierazten lurraldea ezagutzeko. Guk turismo “aktiboa” sustatu nahi dugu, lehen aipaturiko irizpideetan oinarritutakoa.

Ipar Euskal Herrian folklorizazio gehiegitxo dagoela ere salatzen dute askok...

Bai, baina nork folklorizatzen du askotan? Guk geuk! Adibidez, Zuberoan agorrilaren 15ean Espartinaren Festa izaten da eta oso folklorizatuta dagoen festa da. Mauleko herria bera Euskal Elkargoarekin elkarlanean proiektu bat lantzen ari da interpretazio zentro bat egiteko eta egiazko espartinen fabrikazioa erakusteko, jai horretan tailerrak ezarriz, hasieratik bukaeraraino espartinak nola egiten diren erakusteko. Ez soilik, orain gertatzen den moduan, kanpotik etorritako artisau batzuek espartinari azken joskera nola ematen dioten erakusteko. Horrela eginda, egiazko turismoa, autentikoa, partekatua, bertako ondareari lotutakoa bultza daiteke. Askotan guk geuk aldatzen dugu gure itxura besteak erakartzeko eta autokritika egin beharko genuke kanpotik etortzen direnei zer proposatzen diegun aztertuz.

Turismoko profesionalen artean, ordea, Baionako edo Hendaiako ostalari edo merkatariez harago, turismo operadore handiak ere badaude. Haiek Euskal Herriko irudi idealizatua saltzen dute turismo mota bat erakartzeko. Nola neutralizatzen da hori?

Uste dut bat eginda pisu gehiago ukango dugula fenomeno horri buru egiteko eta zer nahi dugun edo zer ez dugun nahi esateko. Orain artean barreiatuta ginen eta ez genuen turismo politika bateratua egiteko aukerarik. Orain beste posibilitate batzuk eta beste tresna batzuk izanen ditugu Euskal Herriko egiazko turismo politika egiteko eta gure mezua helarazteko.

Aspalditik entzuten da turismoarena «mugaz gaindiko» gai nagusietakoa dela. Ba al dago Hego Euskal Herriko eragileekin benetako politikarik zentzu horretan edo testimoniala da? Euskal Elkargoak harreman zuzenik ba al du Hegoaldeko turismo arduradunekin?

Egun gauza batzuk egiten dira jada Euskal Herria bere osotasunean aurkezteko. Baina mugaz gaindiko ikuspegi hori hedatzeko iniziatibak areagotu egin behar dira. Orain, adibidez, konkretuki hori lantzeko harreman batzuk ditugu Udalbiltzarekin. Baina Euskal Herriko Turismo Bulegoa abian jarritakoan, aukera ukanen dugu Donostian, Iruñean edo Bilbon izateko eta Ipar Euskal Herria aurkezteko. Lehen ez zen aski indarrik, adibidez, turismo saloietara joateko. Orain bai. Orain badugu aski indar Hegoaldeko turismo erakundeekin harreman iraunkorrak mantentzeko eta ekintza konkretuak adosteko. Zeregin bat izango litzateke, adibidez, Euskal Herriko mapa turistiko bat adostea eta egitea, kanpotarrei ez ezik, euskal herritarrei ere beren herriaren ezagutza errazteko.

 

«Turismoaren behatoki indartsu bat beharko genuke alor horretan politika eraginkorra egiteko»

Baionako festak erreklamo handia izan ohi dira kanpotarrentzat. Aurten sarrera ordaindu behar izateak jendea atzeratuko duela uste duzu? Arazoa litzateke?

Nik errespetatzen dut Baionak hartu duen deliberoa, batez ere segurtasun mailan den kostua ikusita. Botere publikoek ez dute dena estaltzerik ahal. Alta, maila horretan gero eta gehiago eskatzen zaio udalerriari eta dirua, jakina, mugatua da. Halere, uste dut gauzak sinbolikoki soilik aldatuko direla, sarreraren diru-zama, festa egitera doazenentzat oro har, ez baita izugarria. Ez dut uste hori oztopo izango denik jendearentzat bestara joateko.

Aurtengo uda sasoia ez omen da, turista kopuruen aldetik, ondo hasi. Badituzue datuak?

Hala dirudi. Aurtengo lehen datu gordinek, behintzat, turista gutxiago dabiltzala erakusten digute. Eguraldi txarrak uda sasoiaren hasiera atzeratu duela uste dugu, baita, beharbada, Munduko Futbol Txapelketak ere. 2016an urte izugarria izan zen turisten kopuru mailan, seguru asko Nizako atentatuaren ostean, euskal kostaldera etortzeko joera handitu zelako. Iaz, berriz, kopuru normalagoak izan ziren, baina urte ona izan zen. Gai horrekin lotuta, jakin behar da ez ditugula ezagutzen Euskal Herri mailako zenbaki zehatzak. Behatoki azkar bat beharko genuke –turismoarena eskumen partekatua denez, beharbada Departamenduarekin adostuta– zenbaki zuzenak, zehatzak ezagutzeko, jendeak zer egiten duen, nora joaten den jakiteko. Turismo politika eraginkor bat plantan emateko datuok beharrezkoak dira, turisten eskakizunak aldatzen joaten baitira eta ezinbestekoa baita joerok zientifikoki neurtzea eta jasotzea.

 

Ezpeletan bederen pozik izango dira Tourraren etorrerarekin...

Bai, seguru asko jendetza etorriko da. Lehen esandakoaren haritik, interesgarria deritzot une hori profitatzea mezu batzuk hedatzeko. Nik oso ondo ulertzen dut, adibidez, Seaskak aukera hori baliatzea beren eskakizunak helarazteko eta egun Hezkuntza Ministerioarekin dituen arazoak ezagutarazteko turistei eta bertan izango diren mundu osoko hedabideei. Euskal Elkargoak berak ere komunikazio sailetik egiazko Euskal Herria aurkezteko baliatuko du une hori: enpresak, laborantza... A.M.