Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bakaikoa, «motzera» begira, bide luzea egiteko

Aurten jokatutako 32 partidetatik 23 irabazi ditu, azken zortziak jarraian, baina ez du presarik izan nahi.

Beste zenbait kiroletan bezala, azkenaldian ohikoa bilakatu da pilotan ere eskailerak binaka edo hirunaka igotzea. Berari ere egokitu zitzaion, profesionaletan egonkortzeko astirik gabe, debuta Binakako Promozio txapelketan egin behar izatea, baina Joanes Bakaikoak oso argi dauka bidaiarik luzeenak ere pauso txiki batekin hasten direla esaten duen esaera hori, eta horretan ari da, luze eta oparoa izatea nahi duen bere ibilbidean, bere kasa, presarik gabe, urrats sendoak egiten.

Pilotariak kantxan hitz egin behar omen du eta Etxarrikoaren emaitzek pozik egoteko motiboak ematen dizkiote. Jokatutako azken zortzi partidak irabazi ditu, udaberrian ere izan zuen hamar garaipeneko bolada bikain bat eta hortik urteko balantze ezin hobea, jokatutako 32 partidetatik 23 irabazi baititu, hots, %71,87 irabazi ditu.

«Uda hasi zenetik, bolada luze batez, oso ongi ikusten ari naiz neure burua. Emaitzak oso onak izaten ari dira eta, egia esan, Buruz Burukotik jarraikortasunarekin nabil, lesiorik ez dut eta horrek konfiantza gehiago izatea ekarri dit. Gogoz nago pixkanaka-pixkanaka hobetzen jarraitzeko eta hau hasiera baino izan ez dadin», azaldu zuen.

Urte eta erdi da Labriten debuta egin zuenetik eta oso gustura dago izan duen garapenarekin. Bereziki, «partidetako erritmora» egokitzen jakin izan duela nabarmentzen du, «baina gora iristeko oraindik asko hobetu» behar omen du.

«Nire bidea egin»

Pilatutako garaipen horiekin guztiekin esan daiteke bere mailan egonkortzea lortu duela eta gora begira jartzeko motiboak ere pilatu dituela, baina berak nahiago du «nire bidea egiten saiatu. Enpresan dauzkagun aurrelariak oso onak dira, beteranoek sekulako maila dute eta gazte gehienak ere oso onak dira. Esan dudan bezala, nire bidea lasai-lasai egiten saiatuko naiz. Noski badudala estelarrak eta jokatzeko gogoa, hori pilotari guztiek dugu, baina pilotariek gure eskuetan dagoena egin behar dugu eta gure eskuetan kantxan ahalik eta hobekien aritzea dago, mailarik onena eman eta ahalik eta gehien entrenatu».

Gainera, onenekin aritzeko aukera hori berandu baino lehen helduko zaio, Erasunen aurka Promozio mailako Buruz Buruko finala irabazi ostean, lehen mailakoan arituko baita hurrengo udaberrian. «Horrek ere ilusio handia egiten dit, baina nik uste asko falta dela eta, luzera begiratu gabe, motzera begiratu behar dela. Eta motzera begiratzeak hobekuntza ekarriko du luzera begira».

Bitartean, bideaz gozatzea tokatzen da eta hala egin zuen igandean. Urepeleko pilotalekuan, Peio Ospital trinketeko txapeldunaren aurka jokatu zuen, eta 22-13 irabazi. «Oso esperientzia polita izan zen, pilotalekua ez da handia, baina beteta, oso giro polita egon zen».

Errebantxarako aukera Bilbon

Bizkaia torneoko finalak emango dio hasiera, gaur arratsaldean, Bilboko eskuzko pilota feriari. Kolitza eta Anboto taldeek jokatuko dute uztailean hasi zen torneo honetako azken jaialdia, eta bertan, igandean Zarautzen jasotako porrotaren errebantxa hartzeko aukera izango dute Irribarria-Rezustak Iñaki Artolaren eta Jon Ander Albisuren aurka.

Aspaldiko partidarik onena jokatu zuten Asegarcekoek Aritzbataldeko kantxa berezian eta ikusi egin beharko da gaur Bizkaia pilotalekuan jokatzen dutenak igandekoaren antzik duen.

Baina hori, jokatuko diren hiru partidetan bat baino ez da. Txapelketa irabazteko bi puntu behar dira eta buruz buruko beste bi lehia interesgarri ere jokatuko dira. Lau eta Erdiko kaiolaren barruan, Ezkurdiak eta Victorrek maila handiko lehia izango dute, eta kantxa osoan Darioren eta Erasunen artekoak emango dio amaiera, erabakigarria izan daitekeen partidan. J.O.