Itziar Gandarias eta Amaia Zufia
Emakumeon Mundu Martxaren izenean
KOLABORAZIOA

Arantzak eta loreak indarkeria matxistaren aurkako udaberrian

Jaietako protokoloak, autodefentsa feminista, kontzientziazio kanpainak…, eraso sexisten aurkako kanpainak loratzen ari dira aurtengo udan ere. Eta hori, urtez urte egindako lanaren emaitza da. Tamalez, bortizkeria matxistaren adierazpen anitzek ez dute etenik. Eta honi, komunikabide askotako informazioaren trataera arduragabea gehitu behar zaio: emakumeen jokabidea epaitu, biktima irudiarekin lotu edota morboan sakontzen dutenak. Batzuetan ez dago argi hainbat tertuliak jendartea sentsibilizatzeko edo beldurraren diskurtsoa indartu eta erasotzaileentzat patroi berriak sortzeko balio duten. Zenbat talde bortxaketa gertatu dira espainiar estatuan sanferminetako gertakari nazkagarri hartatik?

Testuinguru honetan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik mugimendu feministaren baitan zabaltzen ari diren indarkeria sexistaren aurreko erantzun moldeen analisi kolektiboa egiteko premia ikusten dugu.

Mugimendu feminista jendartea mugiarazten dabil aspalditik, neoliberalismoaren kritika erradikala egin, sistema patriarkalari maskara erauzi eta artikulazio politikorako duen trebezia erabilita. Zalantzarik gabe, aurtengo Martxoaren 8ak pilatua genuen amorru kolektiboa elkarrekin gorpuztera eraman gaitu.

Hala ere, makineria heteropatriarkalak aurrera egiten du biolentzia matxistaren laguntzarekin. Eta indarkeria hauek ez dira isolatutako tragediak, oso errotuta dagoen egitura baizik. Indarkeria matxista sistemaren zutabe nagusietan birsortzen eta zilegitzen da: estatuan, komunikabideetan, familian eta lan merkatuan.

«Manadaren auzia», adibidez, bost basapiztiak egindako salbuespenezko gertakari moduan saldu digute, baina eguneroko ogiaren apur bat besterik ez da. Eman zaion erantzuna, bai, hori aparta izan da. Berdintasunean bizi omen den belaunaldi bati egindako iruzurra biluztu baitu Iruñeko portale hartan eta auzitegian gertatutako bortxaketak.

Uholde honek feminismoan zabaltzen ari diren parte-hartze zein mobilizazio joerak aztertzeko elementuak eskaintzen ditu: erantzunen bat-batekotasuna, sare sozialek elikatutako fenomenoak edo mugimendu feminista aintzat hartu gabe egiten diren deialdi anonimoak, kasu. Badirudi herritarren suminduratik ateratako iniziatibek, sareen laguntzaz, antolatutako kolektiboen bitartekaritzatik aldentzeko joera dutela. Eta horrek antolatutako feminismoek diskurtsoa zehaztu eta proposamenak egiteko duten aukera murrizten du. Gainera, masa hauek, desartikulatuagoak izanik, erabilgarriak dira sistemarentzat. Adibidez, espainiar Estatua noraez autoritarioan dagoen honetan, eta espetxearen lekua indartu nahi duenean, ez al da saiatuko feminismoa xurgatzen jarrera zigortzaileak errotzeko? Eta horrek ez ote luke ekarriko feminismoak potentzial politikoa galtzea? Adi egon behar dugu.

Une puntualen indarra vs eguneroko giharra. Biak behar ditugu. Unekako olatuek aukera ematen digute beto mediatikoaz harago, gure ikuskerak jendarteratzeko. Baina sakoneko aldaketetarako mugimendu feministaren koordinazioa eta inurri lana ezinbestekoak dira.

Bitxia da fenomeno masibo hauen alboan, beste indarkeria batzuk nola pasatzen diren oharkabean. Erailketa matxistek, esaterako, 50 lagun inguru bildu ohi dituzte elkarretaratzeetan. Zergatik? Erailketa bada biolentzia matxistaren adierazpenik muturrekoena? Badirudi egunerokotasunean integratu ditugula. Beraz, feminizidioa normalizatu dugu? Edo, sareetako kanpainak talde feministen deialdiak baino gehiago entzuten dira?

Bestalde, mobilizazio grina asko aldatu ei da, erasotakoa nor den, horren arabera. «Manadaren» behin-behineko sententzia atera eta gutxira, Huelvako marrubi-ustiapen landetan langile diren emakume marokoarrek sistematikoki jasaten dituzten irainen eta bortxaketen berri izan genuen. Kasu honetan, baina, ez ginen berdin mobilizatu. Honek agerian uzten du mugimendu feministak intersekzionalitatea eremu diskurtsiboan aldarrikatu bai, baina praktikan gauzatzeko beharra duela oraindik. Feminismo erradikal bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa izango zaigu feminista zurien pribilegioen berrikusketa kolektiboa egitea.

EMMn indarkeriaren kontzeptua zabaldu eta sistema arteko indarkeriaren marko diskurtsiboa definitzen hasi gara. Ez delako berdina emakume guztiok indarkeriaren aurrean dugun zaurgarritasun maila eta bortxa egoera asko ez ditugulako ikusten. Hainbat kolektiborekin ari gara lanean: aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume etorkinak, edota emakume gazteak, besteak beste.

2013tik EMMk duen erailketa matxisten kontrako protokoloa biziberritzeko eta erantzun moldeak berrikusteko espazioak ere sortu ditugu. Borroka eredu berrien beharra argia da, emozioei, gorputz adierazpenari eta memoriari bide emateko.

Indarkeria sexistaren aurkako borroka ez da gauetik egunera ernatu den lorea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honi eutsi dioten talde eta kide feministei; baita borroka hau beren egin duten herri eragile, aktore sozial eta politiko guztiei ere. Argi dugu erasoen aurkako borrokan autodefentsa feminista eta mugimendu feministaren lidergotza –inoren koptaziorik onartuko ez duena– direla oinarri. Gaua luzea da oraindik, baina lorez, antortxaz eta elkartasun sarez argitzen ari gara!