08/09/2018

Floren Aoiz
@elomendia
Ahaztu dezagun moralina, mesedez; estrategia da kontua
Estrategia arazo nagusia delarik, hitz egin dezagun estrategiaz. Eztabaida dezagun, esaterako, nola sakondu Nafarroako herriak agindutako aldaketa, kalean, lantokietan, irakaskuntzan, baita instituzioetan ere

Sinadurarik gabeko irain edo sermoneo moralista gisa agertzen da batzuetan gogoeta estrategikoaren falta. Honek erakusten digu zeinen garrantzitsua den estrategia eraginkorra aukeratzea: emantzipazioaren helburuak lortzeko hobe jarduera agendan asmatzea, deskalifikazio sutsuak hedatzea baino.

Harritu nauten gauza asko irakurri ditut azken egunotan, egunkari honetantxe euskaraz idatzi nuen zutabe batean nioena aintzat hartu ez, eta, esanguratsuki, handik hamabost egunera gaztelaniaz idatzi nuena manipulatuz. Ene hitzak kritikagarriak dira, jakina, iritziak plazaratzen ditut, besterik ez (sinaturik, hori bai). Honenbestez, eztabaida ongi etorria da, baina ideien arteko lehia gauza bat da, eta testosterona inflazioa, beste bat. Nik ez dut “Brianen bizitza”-ko pertsonaia ezagunen moduan ibili nahi, benetako Judeako Fronte Herritar Iraultzailea zein den gora eta behera.

Mundua aldatu nahi dugun guziongan daude bizio eta inertzia kaskarrak, konfort esparruekiko menpekotasunak eta ezberdintasun ttikien nartzisismoak. Ederki dakit kritikatzen dudana niregan eta nire ondokoengan ere badagoela, aldatu nahi dugun jendartean bizi garelako geu ere, gustatu ala ez. Kontua da zer egiten dugun horrekin, eta, ene ustetan, zintzoagoa da kontraesanak ausardiaz kudeatzea besteei erru moduan leporatzea baino.

Estrategia arazo nagusia delarik, hitz egin dezagun estrategiaz. Eztabaida dezagun, esaterako, nola sakondu Nafarroako herriak agindutako aldaketa, kalean, lantokietan, irakaskuntzan, baita instituzioetan ere. Mahai gainean jar ditzagun bideratu beharreko ekimenak, egin beharreko proposamenak, lortu beharreko adostasunak eta onartu behar ez diren mugak. Baina, batez ere, hitzen ondoan gure lana, gure ahaleginak, gure energiak jar ditzagun. Hori egiten moralinarekiko menpekotasunetik aldenduko gara eta eraldatzaileon benetako eginbeharrari eutsiko diogu, hau da, jendartea eraldatzeari. Ea ba...