Joseba Garmendia
EHUko irakaslea
GAURKOA

Estatus berrirantz

Itzal luzeko begirada historikoa lagungarria izan ohi da une klabeak ebaluatzeko orduan. Nondik gatozen eta erreferentziazko helburu batzuekiko zer-nolako bilakaera izan den kontsideratzea beharrezkoa da eraldaketa sakona ekar dezakeen eztabaidaren erdian. Gasteizeko Legebiltzarrean izaten ari den estatutu edo estatus berrirako prozesua une honetan euskal gizartean dagoen hausnarketa garrantzitsuena da, eta hala ere, egoitza bateko hormen artean itxia dagoela dirudi, gizartean eta bere adierazpen antolatuetan barreiatuta egon beharrean.

Perspektiba historikoaz begiratzeak antsietatearen kalteak saihestu ditzake. Independentismo versus autonomismo termino bitar sinpleetan kokatzeak eztabaida desitxuratu dezake. Porrota, iruzurra edo herri honen aspirazioetarako motz geratu den autonomien estatu gaurkoaren eta Nazio Batuen Erakundean eseriko den eskubide osoko estatu independentearen artean subiranotasun maila ezberdineko egoerak anitzak dira.

Santoñan 1937an bildutako gudari garaituen amets zapuztuetaraino ez dugu joan behar distantzia hartzeko. Azken lau hamarkadetako abertzalegoaren eskaera gorena lurraldetasuna eta erabakitze eskubidea jasoko zituen autonomia estatutu bat izan da, «herri masen —eta, batez ere, langile klasearen— bizi eta lan baldintzak hobetzea» helburu, «Euskal Herriaren aurrerabide nahiz ongizaterako egitura ekonomikoak» ahalbideratu lukeen autonomia estatutua, hain zuzen, Espainiako ordenamendu juridikoan txertatua egongo zena. 1980ko hamarkadan, autonomia estatuaren beharraren justifikazioak etorkizuna gidatzeko eta independenteak izateko herri honek gaitasuna frogatzea eta bere biziraupena ziurtatzeko tresnak eskuratzea izan ohi ziren. Independentzia utopikoa eta urrun ikusten zen, eta bidean geltoki trantsitorioak beharrezkotzat jotzen ziren. Gaur egun, ordea, independentzia bideragarria dela eta Estatu propioa kudeatzeko gai garela inork gutxik jar dezake zalantzan. Are gehiago, gaur egungo autonomia estatua bera eta bere bilakaera murriztailea, zentralizatzailea eta Katalunian aplikaturiko 155. artikuluarekin ageriago geratu den izaera subordinatzaile eta unilaterala, euskal gizartearen aspirazio eta erronketarako muga dela egiaztatuago dago. Horratx, azken hamarkadetako jauzi erraldoia! Ahaztu gabe historiak erakusten digula independentziarako nahiak biderkatu eta indartuak atera daitezkeela prozesu autonomistei Espainiako Gorteek eman ohi dizkieten erantzun traketsen ondorioz; Kuba eta Katalunia adibide.

Marko autonomiko hau gizarte honen premia, erronka eta jomugentzat oztopo eta hesia dela ziurtatzen duten txostenak argiratuak daude. Jaurlaritzaren “Esparru instituzional berri baterako arrazoi ekonomikoak” (2003) eta “Informe sobre los efectos negativos del incumplimiento del Estatuto de Gernika” (2015) dira horren erakusle. Arlo sozioekonomikoari eta eskubide sozialei erreparatzen badiegu, gaur egungo egitura instituzionalak gabezia eta muga garrantzitsuak ezartzen dizkie euskal gizartearen sei erronka nagusiri: ongizatea, lan merkatua, politika industriala, finantzak, energia eta irakaskuntza arloetan.

Ongizateari dagokionez, populazioaren zahartzeaz eta piramide alderantzikatuaz ezaugarritu daitekeen trantsizio demografikoaren testuinguruan, gizartearen kohesioa eta zaintza ziurtatzeko erronka dugu ateari joka. Erakunde zentralek ongizate estatuari murrizketa sakonak eragin dizkiote, datozen hamarkadetan nabarmenago egingo direnak pentsio sistemaren erreformekin, besteak beste. Galdera da: gure bizitza maila kaskartuko duen bidetik herrestan eramanak izan nahi dugu, edo herrialde aurrerakoienen bidetik ongizate eta elkartasun mekanismoak indartu nahi ditugu. Bigarren bideak gizarte segurantza arautzeko eta kudeatzeko eskuduntza eskatzen du, gaur egun ez duguna. Are gehiago, gizarte segurantzaren kudeaketa ekonomikorako eskuduntza bera (kotizazioak jasotzea eta banatzea, barne) ez da transferitu, nahiz Estatutuan aitortua izan.

Lan merkatuari dagokionez, azken urteotako erreformek langileen bizi eta lan baldintzak kaltetu dituzte, negoziazio kolektiboaren zentralizazioaren eta enpresarien alde balantza are desorekatzearen bitartez. Murgildu gaituzten soldaten debaluazioaren bidea ez dator bat gure egitura industrialarekin eta oztopoa da berrikuntzan, balio erantsi altuko jardueretan eta langileen parte hartzerako paradigma inklusiboetan oinarrituriko eredu produktiboak sustatzeko. Sindikatuek aspalditik aldarrikatutako euskal lan esparru propioak, ezinbestez, lan mundua arautzeko gaitasun juridikoak eskatzen ditu.

Aurrekoa lotuta dago politika industrialarekin. Anbizio handiagoko sustapen politikak aurrera ateratzeko autonomia maila zabalagoa behar dugu, bai arlo merkantileko arauketari dagokionez, bai lurraldeko ondarea eta azpiegiturak kudeatzeari dagokionez, esate baterako. Zentzu honetan, politika industrial proaktiboa egiteko tresna egokiak behar ditugu ekintzailetza publikoa eta eragile pribatuen inplikazioa eta ardura areagotuko dituen plangintza indikatiboa garatzeko. Finantza arloak horretan zeresana du.

Madriletik bideratu diren finantza eta banku sistemaren erreformek gure gizarteak eta erakunde publikoek zituzten tresna garrantzitsuenak –Kutxabank eta CAN–, pribatizatu, desagerrarazi edota sustapen ekonomikorako baliogabetu dituzte. Ahaztu gabe gure finantza sistemak behar ez zituen erreskateetan xahututako dirutzaren (60.613 milioi €) %7,84 euskaldunoi ordaintzea egokitu zaigula: 4.752 milioi, 1.680 € biztanleko gutxienez. Esperientzia honek erakusten du finantza, banku, aurrezki kutxa eta kredituaren arloetan legegintzako eta betearazteko eskuduntza posible osoak behar ditugula.

Antzekoa gertatzen da irakaskuntza sistemarekin. Ez soilik euskara edo euskal kultura, ezagutza eta historiaren transmisioa sendotzeko, baizik eta hamarkadetan hezkuntzako komunitateak ehundu dituen eredu aurreratuekin eta gure gizarteak eta ekonomiak dituzten beharrekin bat ez datozelako erreforma estatalak (Lomce, LOU…).

Amaitzeko, datozen hamarkadetan azeleratu beharko den energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetikorako trantsizioaren gaia dugu. Elektrizitatearen salneurriaren igoerak egungo erregulazio sistemaren desegokitasunak eta oligopolioen boterea lehen planora ekarri ditu. Gure lurraldeko ondare naturalen kontrolak eta energiaren esparru osoa arautzeko gaitasunak trantsizio horretarako bide propioa, eta ziurrenik eraginkorragoa, ibiltzeko aukera eskainiko liguke.

Arrazoi gehiago egon badaude, tartean zerga eta aurrekontu sistemari dagozkionak, baina sei erronka hauek estatus berri baten premia azpimarratzen dute plano sozioekonomikoan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autogobernua eguneratzeko ponentzian adostu diren oinarriek proposamen egokia luzatzen dute aipaturiko erronkei aurre egin ahal izateko. Marko juridiko instituzionalaren aldaketa sakona dakar, gutxiestea komeni ez dena. Aitzitik, gizartean eztabaida nagusia bilakatu beharko luke. Estatuarekin harreman bilaterala, berdinetik berdinerakoa, eta izaera konfederalekoa oinarri hartuta, eskumen maila altua eta eskumenak blindatzeko mekanismoak zehazten ditu. Gaur egungo marko instituzionala gainezkatzen du eta eskubide historikoen aitorpena txertatzen du muinean.

Proposamen guztia zeharkatzen duen logika egituratzaile nagusia eskubide politiko, sozial, linguistiko eta kulturalak ziurtatzea zein gauzatze benetakoa ahalbideratu dezaketen tresnak eta aktuazio tartea eskuratzea da. Horregatik harritzekoa da gizarte eskubideak lehenestea ikurtzat duen alderdiaren boto partikularra. Eskubideen aitortza formalarekin nahikoa ez izanik, «konpromiso argi, erreal eta lotesleak» eskatzen dituzte. Baina, aldi berean, ariketa naif edo hipokrita batean, «ahalik eta botere handiena lortzeko beste instituzio batzuekiko eskumen gehien eta esklusibotasun esparru batean izateko lehia» kritikatzen dute. Eskubideen aitortza eta konpromisoak hutsalak dira, gauzatzeko tresnak ez badaude. Eta horrek eskuduntza eta boterea esan nahi du.