GARA
DONOSTIA

EHUren Uda Ikastaroak, martxa onean, 13.000 lagun eta gogobetetasun handia

Gustura daude EHUren Uda Ikastaroen antolatzaileak. Kasik 200 jarduera, 13.270 parte-hartzaile, 16 herritako 26 agertoki, 8,52ko gogobetetze maila ikasleen artean, 9,45ekoa irakasleen aldetik, 250 erakunde kolaboratzaile... «Datuok argi hitz egiten dute». Udazkenean ere bada eskaintza, tartean 12 online kurtso.

Zenbakiengatik ez ezik, landu dituzten gaiengatik ere egiten dute balantze ona EHUren Uda Ikastaroen antolatzaileek. 37. edizio honetan hainbat foku piztu dituzte. Bat generoaren gainean, hainbat ikuspuntutatik landuz: zinematografikoa, literarioa, politikoa, osasunarena eta juridikoa. Beste argi bat naturaren inguruan jarri dute. Klima aldaketa, elikadura burujabetza eta naturarekin lotutako heziketa jorratu dituzte.

Kulturari dagokionez, Kirmen Uriberen lana aztertu dute, Joan Mari Torrealdai omendu dute, eta lantegiak egin dituzte Mariasun Landa eta Luisa Etxenikerekin. Guggenheim museoak ikastaro bat prestatu du eta Ekainberrik beste bat bere hamargarren urtebetetzean. Europako erreplika interesgarrienei buruzko ikastaroa arrakastatsua izan da, «Victoria» ontziari buruzko Nazioarteko Biltzarra bezala, Juan Sebastian Elkanok munduari bira emanez egindako balentriaren bosgarren mendeurrenaren atarian.

Ikuspegi politikotik, ikasgeletara ekarri dituzte proces katalana eta Euskal Herriko prozesua. Gure herriak Estatu espainolarekin duen mendekotasunaren kostua, nazioarteko harremanak, lurraldeen Europa eta gobernuen gardentasuna landu dituzte, besteak beste.

Zahartzea eta honen eraginak

Gai sozialen artean, haurrenganako sexu abusua, haurdunaldi subrogatua eta suizidioa aztertu dituzte. Gure jendartearen zahartzea eta horren ondorioak ere jorratu dituzte.

Aurtengo eskaintza ez da oraindik bukatu. Hala, irailaren 24an “GeoEuskadi: kartografia eta informazio geografikoa” biltzarra eginen da Miramar jauregian eta “Hizkuntzaren garapenaren alderdi soziolinguistikoak haurtzaroan” ikastaroa izanen da Lesakan. Nanofotonika Biltzarra eginen da Donostian; Idiazabal Gaztarena Ordizian; eta lurzoru degradatuen berreskurapenari begiratuko diote Gasteizen. Datorren ediziorako ikastaroak proposatzen ahalko dira urriaren 8tik aurrera.