GARA
Iruñea

Gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du azken lan istripuak salatzeko

ELA, LAB, ESK-Steilas, Ehne, Hiru eta CGT-k Ondarroan eta Iruñean protesta egin zuten Ataungo irakaslearen eta Soraluzeko beharginaren heriotzak salatzeko. Bestalde, lan istripu horiek hizpide, CCOOk beste elkarretaratze bat egin zuen batasunera deituz.

Azken egunetan izan diren lan istripuak salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Ondarroan eta Iruñean. Joan den astean N-121A errepidean istripuz hildako irakaslearen heriotza salatu dute sindikatuek, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Ostegunean gertatu zen ezbeharrean, Oneka Auzmendi Aierbe, Ataungo 26 urteko gaztea, hil zen auto istripuz, Beran, lanera zihoala.

Argitu zutenez, autoaren kontrola galdu zuen eta kontrako norabidean zihoan furgoneta bat jo zuen. Ataundarra aldi baterako irakasle lanetan ari zen Donezteben. Hori dela eta, ELAk, LABek, ESK-Steilasek, Ehnek, Hiruk eta CGTk behin-behinekotasunak dakarren prekaritatea salatu zuten.

Irakaskuntza sektoretik harago, azken asteetako lan istripuak aipatu zituzten, Ondarroan laugarren solairu batetik erorita hil zen Soraluzeko langilearena barne. Egoera aldatzeko prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten eta, beraz, erakunde publikoek ezin dutela beste alde batera begiratu.

Iruñeko elkarretaratzean Beran hildako irakaslea izan zuten gogoan, eta Ondarroan, Soraluzeko behargina. Era berean, gogorarazi zuten urtea hasi zenetik, jada 47 langile hil direla, sindikatuen datuen arabera, horietako hamabost, abuztuan eta irailean.

Sindikatuen batasuna

CCOOk Ondarroako heriotza dela-eta beste elkarretaratze bat egin zuen bertako udaletxearen aurrean, “Ez dezatela zure bizitza jokoan jarri, lan istripu gehiagorik ez!” lelopean. Era berean, ohar bat igorri zuen istripuen erantzun bateratua eman behar dela eskatuz.

«Sindikatu guztiok argi dugu lan istripu baten aurrean beti errudunak berberak direla: prekaritatea, neurriak hartzen ez dituzten enpresak eta patronala, eta etekin ekonomikoa ateratzeko nahia. Horregatik, sindikatu guztiok berdin erantzuten dugu: kalean, enpresen zein patronalaren aurrean egoera salatuz», adierazi zuten.

CCOOk elkarretaratzea bere aldetik egin arren, gainerako sindikatuekin bat egin zuen aldarrian, esanez ikuspuntu desberdinak dituzten arren helburuak berberak izan ohi direla eta horietako bat dela lan istripuen kontrako borroka. «Beharrezkoa da lan istripuak protokolizatzea protagonismoa enpresa batzordeei emanez, salaketa beraiek egin dezaten», adierazi zuen kasu askotan jada hala izaten ari dela argitu aurretik. «Batzordeak dira publikoki salatu eta elkarretaratzeak deitu behar dituztenak, eta sindikatuak horiek babestu behar dituztenak», azpimarratu zuen.

Hori oinarri izanda, CCOOk uste du «lan istripuak era bateratuan salatu behar direla, pankarta bakar batekin eta parte hartu nahi duten sindikatu guztien izenarekin».