GARA
BILBO

Langileentzat «tresna baliagarria izateko» hazi nahi du LABek

Kurtso berriaren hasiera honetan, Euskal Herri osoan egin ditu LABek delegatuen batzarrak. Azkena atzo, Bilbon. Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa izan dute ardatz, eta ekintza sindikal berriak ekarritako emaitzak eta sektoreetako esperientziak ere aipatu dituzte, helduen egoitzetakoa kasu. Bitarteko gehiago eskaini nahi dizkiete langileei.

Kurtso berriaren etorrerarekin, Gipuzkoan, Araban, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan izan ditu LABek ordezkarien batzarrak. Atzo Bizkaiko delegatuen hitzorduaren txanda izan zen, Bilbon. Hala eman zioten amaiera errondari. Beste batzarretan bezala, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa izan zuten ardatz, eta, horrekin batera, ekintza sindikal berriak ekarritako emaitzak eta zenbait sektoretako esperientziak partekatu zituzten; helduen egoitzetakoa, kasu.

“Zure bidelagun” leloarekin bete-betean sartuta daude hauteskunde sindikalen aldi trinkoan, eta herrialde ezberdinetako delegatuekin konpartitzen ari dira hauteskundeetarako helburu eta erronkak. Bilboko Itsas Museoko ekitaldian, helburuen berri eman zuten LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak.

Beteranoei aitortza

Zenbait sektoretako delegatuek ere hartu zuten hitza. Adibidez, Bizkaiko helduen egoitzetako ordezkari batek lantokiko eta sektoreko borrokaren berri eman zuen, eta Erandioko Sanitas Loramendi egoitzetako langileek abiatutako greba mugagabea oroitu zuen.

Aurretik, LABeko ordezkari beteranoak igo ziren oholtzara, merezitako aitortza jasotzeko. Gainera, Euskotreneko ordezkari batek bere esperientzia kontatu zuen, eta, hori oinarri hartuta, lantokietan antolatzeko beharra azpimarratu zuen.

Hazi egin nahi du LABek, baina Garbiñe Aranburuk argitu zuen gisan, «ez helburu korporatibo hutsalengatik», baizik eta «gero eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat» izan nahi dutelako. «Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jokatu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko», adierazi zuen.

Sindikalgintza soziopolitikoa

Aranburuk azpimarratu zuenez, langileek dituzten erronka handiei heltzeko, sindikalgintza «inoiz baino beharrezkoagoa» da. Zehazki, «kontrabotere sindikalgintza bat, sindikalgintza soziopolitiko bat» defendatzen dute, «patronalaren aurrean eta prekarizazio prozesuaren aurrean eragin gaitasuna handitzeko; dauden politika publikoen norabidea aldatzeko; eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde egin eta kalean dagoen mobilizazio sozialean eragile aktibo izateko».

Erantsi zuenez, aldaketa politikoak bultzatuko dituen sindikalgintza ere egin nahi du LABek. «Izan ere, eraldaketa sozialerako bokazioa dugun sindikatuok aldaketa politikoaren alde ere egin behar dugu borroka, ez baitago erabakitzeko ahalmenik gabe, bitarteko juridiko eta politiko egokirik gabe, erabateko eredu sozial berririk eraikitzerik», azaldu zuen idazkari nagusiak.

Udal eta foru sektorean indartu nahi du sindikatu subiranistak

Hauteskunde sindikalei begira Bizkaian jarritako erronken inguruan, lehenik eta behin herrialdeko argazkia zein den azaldu zuen LABek Bilboko ekitaldian. Hain zuzen ere, Bizkaian 1.332 delegatu ditu, ordezkaritzaren %15,19. 

Helburuen artean ditu sindikatu subiranista %15,3 eta %15,5 artean kokatzea eta zenbait sektoretan presentzia indartzea; «Udal eta foru sektorean, besteak beste, ELAren hegemonia hausteko».GARA