GARA
BILBO

Itunpeko hezkuntzako sindikatuek aurreko ikasturteko grebarekin jarraituko dute

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek datorren hileko greba berrietan parte hartzeko deia egin diete EAEko itunpeko hezkuntza arloko langileei. Protestek 9.000 langile eta 100.000 ikasleri eragiten diete. Patronalek pausorik eman ez dutela-eta, greba egun gehiago egitea erabaki dute.

Joan den ikasturtean itunpeko hezkuntzan egin zituzten greba egunei aurtengoan jarraipena ematea erabaki dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Horien arabera, jarraipen maila %65-70 artekoa izan zen; beraz, orain presioa egiteko bide horrekin jarraituko dute sektoreko patronalek ez dutelako «zirkinik ere egin»; oraindik negoziazio-mahaia ez dute deitu eta ez dute langileek egindako eskakizunik bete.

Egoera honen aurrean, eremu honetan ordezkaritza duten sindikatuei ikasturte honetarako adostutako eta ekainean publiko egindako mobilizazio eta grebekin «jarraitu beste biderik ez» zaiela geratzen adierazi zuten. Hala, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi dituzte datorren urriaren 9 eta 10eko grebak babestera, eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Horrez gain, ikastetxeetan bultzatzen ari diren batzar eta elkarretaratzeetara joatera deitu zuten, bai eta «borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere, benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean».

Eskakizun berberei helduz

«Sektore honetako langileak ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, erosahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino», salatu zuten sindikatuek.

Azaldu zutenez, sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugarituz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekaritatez, eta horiek dira, hain zuzen, «feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea».

«Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta Haur Hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen», azpimarratu zuten. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan, langileen arabera; «DBH-1 eta DBH-2ko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea», aldarrikatu zuten.

Horiek hala, beste behin ere, hezkuntzako langileak kalera aterako dira enpleguari eusteko, soldatak igotzeko, lanaldiak eta lan-karga murrizteko, eta bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kideen lan baldintzak hobetzeko eskatzera.