BIARRITZ

Latinoamerika Biarritzera ekartzen duen festibala Uruguaira begira

Biarritz Festibalaren 27. edizioa datorren astelehenetik igandera izango da. Latinoamerikako ikus-entzunezkoen berritasunak ekarriko ditu, kultur giroa bertaratzearekin batera. Aurtengo izarretako bat «La Flor» film argentinarra izanen da; 14 oren irauten duen film luzea sail ofizialean sartzeko, hamarretik zortzira murriztu dute hautagai kopurua. Gonbidatu berezia izanik, Uruguaiko zinematografia eta kultura hobeto ezagutzeko parada ere izanen da.

«Edizio bereziki anitz eta aberatsa izanen da aurtengoa. Animazioak indartu ditugu Latinoamerikako festa giroa Biarritzera ekartzeko. Aldi berean, profesionalen arteko topagune gehiago antolatu ditugu, jaialdia proiektu berrien sorgune izateko baliabideak jarri nahi ditugulako». Hitzokin aurkeztu du Antoine Sebire zuzendariak aurtengo jaialdia.

Ohi bezala, film luzeen atala izanen da festibalaren muina. Laurent Cantet zuzendaria presidente izanen duen epaimahaiak erabakiko du lehian dauden zortzi lanen artean zein izanen den irabazlea. Hautagaien artean “La Flor” nabarmendu du Lucile de Calan-ek: «Ohiko arauetatik kanpo kokatzen da, zinegintza birmoldatzen du. Bere 14 orenekin historiako filmik luzeena izanen da seguruenik». Filmak sei istorio kontatzen ditu, eta hiru zatitan banatzen da, baina zati bakoitza bere aldetik ikusita ere uler daiteke.

Sei kontakizun horiek elkar osatzen dute, “lore” bat sortuz. Lau istoriok ez dute bukaerarik, bat osorik dago, eta bestea erditik hasten da. Filmak «zinema egitearen benetako plazera erakusten du, eta fikzioarekin egin daitekeen guztia esperimentatzen» duela gaineratu du zuzendariak. Epaimahaiak zein hautatuko duen zain, selekzioa egin duten Sebirek eta Calanek argiki adierazi dute obrak sortu dien interesa.

Alta, beste zazpi produkzio ere egonen dira lehiaketan; horien artean aurtengo gonbidatua den Uruguaiko “Compañero”. Argentina eta Estatu espainiarraren koprodukzioa, Alvaro Brechnerrek zuzendua.

Julio Hernandez Cordonen «Comprame un revolver» fikzio lanak Mexikoko bortizkeria erakusten du. Brasilgo Joana nerabearen egoera aurkezten du Flavia Castrok “Deslembro”-n. Txile eta Argentinaren artean kokatzen da Che Sandovalek egin duen “Dry Martina”.

Ekuador eta Argentinaren artean egindako “La Muerte del maestro” zuzendu du Jose Maria Avilesek, Santiago Lozaren “Malambo, el Hombre bueno” obrarekin egonen dena lehian. Azkenik, “Pájaros de verano” obran Kolonbiako wayuu familia indigenaren zailtasunak ezagutzera ematen dituzte Cristina Gallego eta Xiro Guerrak. Sorkuntza guztien artean «kontatzearen plazera erakusten dute, eta zinemaren generoak» berriz asmatzen dituztela baieztatu zuten antolatzaileek.

Ohiko kopurua atxikiz, hamar dokumentalen artean onena aukeratu beharko du Catalina Villarrek gidatuko duen epaimahaiak. Selekzio honetan ere herrialde gonbidatuko “Locura al aire” izanen da. Brasilgo “Bixa Travesty”, Kuba eta Estatu Batuen artean egindako “La Musica de las esferas”, Kolonbia eta Estatu espainiarraren artean ekoitzitako “Amanecer”, Mexikoko “M”, Kolonbia eta Estatu frantsesaren artean garatutako “Modelo Estereo” eta Costa Rica eta Mexikok koproduzitutako “Nosotros las piedras”.

Dokumentalen artean Argentinaren presentzia oso handia da, film luzeen artean bezala, non zortzi filmetatik bostean aurki dezakegun. Hori nabarmendu zuen jaialdiko zuzendariak: «Oso urte argentinarra da. Ia jaialdi oso bat egin zitekeen hango produkzioak soilik hartuz». “Años luz”, “Buenos Aires al Pacifico” eta “Teatro de Guerra” dira Hego Amerikako herrialdeko dokumentalak.

Sail ofizialari bukaera emateko film laburrak aipatu behar dira. Hautaketa egiteko 135 obra ikusi zituzten, non gazteak oso presente dauden. «Talentu berriak bilatzea gustatzen zaigu, gero denboran zehar jarraitu ahal izateko», azaldu du Sebirek.

Lehiatik kanpoko filmen artean “Cassandro The Exotico” nabarmendu da. Borroka mexikarrean urteak egin dituen Cassandrok bere burua homosexual gisa aurkeztu eta, Exoticos taldearen buru egin zeneko istorioa kontatzen du. Protagonista bera Biarritzen egon zen festibalean duela urte batzuk, eta “catch” lehia egin zuen Kasino zaharrean berarentzat egokitu zen gunean.

Uruguai gonbidatu

Biarritzeko ekimenak urtero herrialde gonbidatu bat izaten du, eta horren ikus-entzunezkoen mundua ezagutzera gonbidatzen ditu ikusleak. 3,5 milioi eta erdi biztanle besterik ez dituen herrialde horretan dagoen «aberastasun artistiko harrigarria» azpimarratu dute antolatzaileek. Zentzu horretan, zuzendariak hau gaineratu zuen: «Espero zitekeena baino kalitate handiagoa dute. Oso izaera berezia duen adierazpen artistikoa da, eta hain txikia izanik ere urtero jaialdian ordezkatua da».

Aurkeztuko diren ikus-entzunezko guztiak jaialdiren batean saritutakoak dira. Horien artean, “Jamas Lei a Onetti” dokumentala atzeman daiteke, non Juan Carlos Onetti idazleari omenaldia egiten zaion. Aurkezpenerako protagonista bera izanen da Biarritzen.