Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Munduko masters lehiaketa: Australiarrak nagusi Azoreetan

Rob Bain, Dave Macaulay eta Layne Beachley izan dira 45 eta 55 urtetik gorako munduko lehiaketen irabazleak. Olatu onak, eguzkia eta giro bikaina izan dira nagusi Azoreetan. Guztira 66 lehiakidek hartu dute parte eta arrakasta itzela izan du txapelketak.

Duela 30 urte bezala, estatubatuarren eta australiarren arteko lehia izan zen Azoreetako hitzorduan, baina, iraganean ez bezala, lehiakideen arteko giroa askoz lasaiagoa izan zen. Lehian gogor aritu baziren ere, uretatik kanpo surflari mitikoek haien artean zuten giroa oso ona zela ikus zitekeen. Horren erakusle garbiena, honakoa: txanden amaieran erreportariak surflariei hitz batzuk eskatzera gerturatzen ziren bakoitzean, guztiek txantxetan erantzuten zuten.

Olatu ederrak, eguzkia eta batez ere lehiakideen zein ikusleen arteko giro ederra izan ziren nagusi Azoreetako masters txapelketan. Kasu gehienetan ile gutxiago eta tripa gehiago izanagatik, oraindik ere sasoian direla erakutsi zuten surflari beteranoek. Itxuraz zahartu eta aldatu badira ere, olatu gainean guztiek lehengo estilo eta indar bera izaten jarraitzen dutela erakutsi zuten.

Hiru kategoria eta 66 lehiakide izan ziren guztira. 36 surflari aritu ziren mutilen masters kategorian (45 urtetik gorakoak). 55 urtetik gorako grand masters kategorian, ostera, 18 lehiakidek hartu zuten parte. Nesken kasuan, azkenik, kategoria bakarra zegoen, 45 urtetik gorakoena, eta 12 lehiakide aritu ziren.

Kasu guztietan uste baino lehiakide gehiago izan ziren, hasiera batean soilik 26 surflarik parte hartu behar zutela iragarri baitzuten. Ordea, denborak aurrera egin ahala, lehiaketa ikusmina sortzen hasi zen eta gero eta arreta handiagoa bereganatu zuen. Horrela, pixkanaka lehiakide kopurua handituz joan zen. Ondorioz, gonbidapenezko txapelketa bat izateko, azkenean lehiakide kopurua handia izan zela esan daiteke.

Rob Bain, zorioneko

Bi australiar izan ziren uretan 55 urtetik gorako grand masters kategoriako finalean, Rob Bain eta Cheyne Horan (58 urte), aspaldiko lehiakide eta lagunak. Lehena goofy-a (ezker surflaria), eta, bigarrena, erregularra (eskuin surflaria). Txapelketan zehar bi metroko olatu ederrak izan baziren ere, finalean olatuen tamainak apur bat behera egin zuen eta metro bateko olatu garbiak izan ziren.

Txapelketa hondartza batean izan zenez, olatuak ezker-eskuin lehertzen ziren, baina lehiakideek batez ere ezkerrera jotzen zuten. Rob Bain alde handiz nagusitu zen 8,17 eta 8,93 puntuko bi olatu egin baitzituen.

Bain zorioneko izan zen, izan ere, 56 urte betetzen zituen egunean bertan eskuratu zuen grand masters txapela. Baina ez zen Portugalen bere urtebetetze egunean munduko lehiaketa bat irabazten zuen lehen aldia, 1989an ere mundu mailako garaipena eskuratu baitzuen Portugalen bere urtebetetze egunean. Gainera, orduko hartan, munduko txapelketa bat lehen aldiz irabazi zuen.

«Noski buruan nuela bigarrenez txapela nire jaiotze egunean eskuratzea», azaldu zuen Bainek. Jarraian, zera gaineratu zuen: «Lehen aldi hartan ere egun nire emaztea denarekin nengoen, baina, oraingoan, nire semea ere hor izan da. Zinez pozgarria izan da». Saria hartzeko oholtzara igo zenean, “zorionak zuri” abestu zioten lehiakide eta ikusleek ozen.

Dave Macaulay

Masters kategorian Dave Macaulay australiarra eta Shane Beschen estatubatuarra izan ziren finalean. Macaulayk ondo merezitako txapela irabazi zuen, izan ere, 55 urterekin bera baino bederatzi urte gazteagoa den arerioa garaitu behar izan zuen. Macaulayk ezker olatuak hartu zituen, eta, Beschenek, ostera, eskuin olatuen aldeko apustua egin zuen. Azken horrek, ordea, ez zuen zorte handirik izan, finalak iraun zuen 35 minutuetan olatu on bakar bat hartu baitzuen.

«Jake Peterson, Luke Egan, Shane Beschen... horiek guztiek dominatu dute txapelketa egunotan, horregatik, ezin dut sinetsi nik irabazi izana. Egidazue atximurka hau egia dela sinesteko!», esan zuen pozarren Macaulayk, mikrofonoa eskuan oholtzatik hitz egin zuenean.

Txapelketan zehar gainontzeko lehiakideek ere behin eta berriz errepikatu zutena aipatu zuen Macaulayk, alegia, txapelketaz harago ekitaldi zinez ederra izan zela, aspaldiko lagun eta arerioak ikusi eta momentu gozoak pasatzeko parada ezin hobea eskaini baitzien txapelketak guztiei. Surflarien artean zen giro ona begi bistakoa zen. Uretatik atera ostean WSLko erreportariari kamera aurrean egiten zizkioten adierazpenetan ere umore ona izan zen nagusi. «Hurrengo txandako lehiakidea prestatu dadila, txikitu egingo baitut», edo «agure baten kontra arituko naiz» bezalakoak esaten zituzten txantxetan.

Beachley beste behin ere

Zazpi bider munduko txapeldun izandakoak irabazi zuen nesken kategoriako txapela. Lehen aldia zen nesken munduko masters txapelketa egiten zutela eta Layne Beachley australiarrak eskuratu zuen titulu preziatua.

Rochelle Ballard estatubatuarrak ez zion erraztasunik eskaini australiarrari. Azken segundora arte lehia gogorra izan zuten bi surflariek eta oso berdinduta egon ziren finalak iraun zuen denboran. Baldintza zailak ziren eta olatu on bat topatzea oso zaila zen. Horixe bera falta izan zitzaion Ballardi, bigarren olatu on bat. Azkenean Beachleyk 12,93 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin, eta, Ballardek, ostera, 10,43 puntu.

«Oraindik gure buruak proban jarri nahi ditugu eta irabazteko grina daukagu, baina egia esan ez dut batere faltan botatzen lehiaketa. Ahaztua nuen zein gogorra den lehiatzea, ez dakit 19 urtez nola iraun nuen lehiaketan, zinez eromena baita!», nabarmendu zuen nesken lehen masters txapelketa irabazi zuen australiarrak.