Ariane KAMIO
DONOSTIA

... baina egin du

Telmo Esnal ausartu da ur handitan sartzen eta gai konplexu bati irudia ez ezik mugimendua ere ematen. «Dantza» film bakarra da, berezia, eta zinemaren esentzia hartzeko gai da. Dantzen sinbologia hartu du, irentsi, eta fikzio forman jaurti du, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltz lagun. Kosta zaio, zaila izan da. Baina egin du.

Ez zegoen urduri, bere buruarekin lasai egoteko nahikoa arrazoi baditu. Beste lanetan kirioak dantzan izan ei ditu estreinaldiaren egunean, baina atzo, “Dantza” publikoaren aurrean lehen aldiz erakutsi aurretik, patxadaz hitz egin zuen Telmo Esnalek. Urteak eman ditu film hau burutu nahian. 6, 7, 8... asko, lehenengo almute dantzak Igartubeiti baserrian grabatu zituztenetik. Finantzazio falta. Betikoa. Ideiak bai, dirurik ez.

Txintxua Films ekoiztetxea izan du betitik alboan Esnalek, eta oraingoan ere bai. Apustua egin zuten, eta iaz Zinemaldiko Glocal in Progress saria eskuratzea lortu zuten. Behar zuten azken bultzada eskuan, falta zen azken eszena grabatu –«maratonianoa izan zen, hiru egunetan egin behar genuena bitan egin baikenuen eguraldi txarra zetorrelako. Amaitu eta hamar minutura euria hasi zuen eta ez zen hilabete osoan gelditu!»– eta muntaia osoa egin zuten. Nahasketak. Egin beharrekoa egina zegoen. Eta momentuz ez du kopeta mahaiarekin jo, Zinemaldian egin baitzuen atzo estreinaldia, Sail Ofizialean, lehiaz kanpo.

Juan Antonio Urbeltzen unibertsoa irenstera ausartu da Esnal. Betitik du pasio dantza, baina folklorista iruindarrak 50 urtez egindako lana barneratzea ez da ez nolanahiko ariketa. «Behin esan zidan [Urbeltzek]: ‘Ados egongo haiz edo ez, baina eztabaidatu behar badiagu, nire 10.000 folio irakurri beharko dituk!’», bota zuen Koldobika Jauregik.

Urbeltzekin hitz bi gurutzatzeko aukera izan duen edonork jakingo du bere bizitzan egindako ikerketatik eratorritako jakituria mugagabea dela, zenbatezina, sailkaezina, izugarria. Eta hor eskua sartu eta ideia argi bat ateratzea dagoeneko bada meritua. «Bere sinbologia mundua zaila da, hainbeste urtez lanean egon den pertsona baten munduan sartzea zaila da».

Esnalek eta Jauregik unibertso zehatz bat eraiki dute Urbeltzek jaten emandakotik. Eta ziklo natural bat egin dute oinarri. Urte oso bat. Negua, udaberria, uda, udazkena eta negua berriro. Bizitza ziklo bat; sagarraren ernatzea, sagardoaren sortzea, festaren zentzua eta maitasunaren zertzelada bat.

Ideia konplexua da, eman lezake euskal kodeekin soilik egina dela, baina izaera unibertsala gordetzen du bere baitan. «Herri bat sortzea bezalakoa izan da. Erakustea nola euskal dantzek baduten zerikusirik munduko beste dantza batzuekin. Zer daukagun komunean besteekin edo besteek zer elkarbanatzen duten gurekin», azaldu zuen zuzendari zarauztarrak.

Horretarako Koldobika Jauregik sortutako mundu estetikoa baliatu du. Paisaia bereziki erakargarriak erakusten ditu, kolore kontraste ondo jorratuak, dantza jantzi propioak. «Gama kromatiko zehatz batekin lan egin dugu eta interesgarria da ikustea koloreek filmean nolako garapena duten», gehitu zuen Jauregik.

Telmo Esnalek 200 dantzari ingururekin lan egin izan du denbora honetan guztian. Haietako hiruren laguntza izan zuen atzo hedabideen aurrean: Gari Otamendi, Ainara Ranera eta Amaia Irigoyen. «Beraiek dantzariak dira. Errodaje batean 10 orduz dantzan eduki nituen. Errepikatu, hemendik egin behar da, beste aldetik… Oso gogorra izan da, badakit. Lan ikaragarria egin dute. Bakoitzak bere rola oso ondo bete du. Denek. Baina ez hemen daudenek bakarrik, baizik 200 dantzariek».

Dantzarientzat esperientzia berria izanik ere, beraiek dakitena egin dutela azpimarratu zuten atzo. «Hainbeste grabazio ordu eta gero ahaztu egiten zaizu kamerak hor daudela. Dantza da egiten dakiguna, ez gara aktoreak, baina interpreteak bai, hori sinestarazi digute behintzat. Eta horretan saiatu gara. Esperientzia ederra eta indartsua izan da. Dantzan gozatu dugu». Segi dantzan!