GARA
HERRI KIROLAK

Nafarroako bost finalistak, erabakita

Iker Vicente izan da asteburuan jokatu den Nafarroako Aizkolari Txapelketaren kanporaketan azkarrena. Uharteko Toki-Alai pilotalekuan 17 minutu eta 25 segundoan bete zituen lanak: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Finalera sailkatu ziren besteak Jon Rekondo (18:09), Ruben Saralegi (19:24), Oier Kañamares (19:51) eta Joxean Etxeberria (20:49) izan ziren. Juan Jose Lopez (20:52), Eneko Saralegi (21:03), Julen Kañamares (21:08) eta Donato Larretxea (21:21), aldiz, azaroaren 16an Donezteben jokatuko den finaletik kanpo geratu ziren.

Eta Bizkaian bederatzi aizkolarik hartu zuten parte bigarren mailako txapelaren bila. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bat eta oinbikoa ebaki behar izan zituzten. Irabazlea David Naredo izan zen 16 minutu eta 56 segundoko denborarekin, eta atzean utzi zituen Julen Mendieta (19:32), Daniel Lopez (19:44), Fermin Santamaria (22:30), Unai Aldape (22:31), Aritz Oregi (22:40), Mikel Arregi (22:41), Esteban Muñiz (27:32) eta Dene Intsausti (38:37).

Bestalde, Urrezko Aizkolarien eta Harri-jasotzaileen Kopa hastear da. Egur Sport da antolatzailea eta aizkolari sorta ederra arituko da Eusko Label Sarian. Larunbat eguerdian hasiko da Zorrotzan Julen Larrea eta Oier Kañamaresen arteko lehiarekin, eta 17.30ean Markinan Donato Larretxea eta Joxean Etxeberria neurtuko dira. Zortzina kanaerdiko izango dituzte lehenbiziko egunean. Finala, abendaren 31n Asteasun. Harri-jasotze Kopa ere larunbatean hasiko da Markinan, ehun kiloko hiru harri eta bi minutuko txandetan.