Nagore BELASTEGI

KUKAI DANTZAK «ERRITU» BATEN PARTE IZATERA GONBIDATZEN GAITU

Norbanakoen barne bidaiak eta komunitatera nola egokitzen garen aztertu nahi du «Errituk». Euskal dantza erritualak oinarrian baditu ere, ez du inolako kutsu erlijiosorik eta zerikusi gehiago dauka ikusleek sentitzen dutenarekin: erritu baten parte direla.

Hondarribiko Itsas Etxean zitatu gintuen Kukai Dantza konpainiak “Erritu” ikuskizunaren berri emateko. Aretora sartu eta berehala sumatu genuen lortu nahi zuten efektua. Kea zegoen eta dantzari bat jada mugimendu erritmikoak egiten ari zen. Musikarik ez zegoen, baina soinu bat entzuten zen, dantzariaren oin-kolpeekin eta arnasarekin nahasten zena.

Denak eserita geundela hasi zitzaizkion gainontzeko dantzariak gehitzen, haiek ere mugimendu erritmiko eta errepikakorrekin. Argiztapenak ere zerbait iradokitzen zuen. Hain nabarmena zen, ezen momentu batean, soinuak gora egitearekin batera, argiak dardarka hasi ziren. Motel hasieran, azkarrago ondoren, ezinegona sortzera iritsi arte.

Entseatzen ari ziren, baina dena eman zuten agertokian. Ikuskizunaren elementu garrantzitsu batzuk falta ziren arren –David Azurzaren abestiak eta abesbatzaren babesa– emanaldi interesgarria gelditu zitzaien. Konpainiako zuzendari Jon Maya adi-adi zen dantzariek egiten zutenari begira; amaitzean zehaztu zuen oraindik ere egun batzuk bazituztela aurretik dena kontrolpean izateko. Areto horretan bertan, Hondarribian, egingo dute gaur “Erritu” biraren aurrestreinaldia, hilaren 31n Bilboko Arriaga antzokian estreinaldi ofiziala egin aurretik.

Ondoren Donostian, Biarritzen, Gasteizen, Basaurin (Social antzokiaren mendeurrenarekin bat eginez) eta Iruñean izango dira. Datorren urtera begira Estatu espainolera salto egitea espero dute. Hala ere, herriz herriko martxari ez diote uko egingo, eta, ahal duten heinean, ikuskizuna espazio bakoitzera moldatuko dute, orain arte egin duten bezala. Horren erakusle, euren lanaren lagin bat leku oso leku berezietan erakutsi izan dute, beste formatu batean, agertokirik gabe, publikoak egindako borobilaren barruan dantzatuz: Nafarroan Aralarren egitekoak ziren baina eguraldi txarrak behartuta Altsasura jo zuten, Valladoliden Cupula del Milenio espazioan egin zuten, Huescan bertako plazan, eta, Manresan, La Seu katedralean.

Antzokietara eramango dutena lan amaitua izango da. Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Uharte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dantzariekin batera, David Azurza abeslaria eta hogei emakumek osatutako abesbatza bat igoko dira oholtzara (abesbatza aldatzen joango da hiriz hiri). Guztiak dira beharrezkoak nahi duten giroa sortzeko.

«‘Gelajauziak’-en dantzaren alderdi soziala landu genuen, ‘Topa’-n hip hoparekin nahastu genuen alderdi ludikoa aztertuz, ‘Oskara’-n dantza urratsak kontzeptuak ziren. Aspalditik banuen gogoa dantza erritualetik jotzeko eta baita musika koralarekin zerbait egiteko ere. Nahiz eta orain antzokiko ikuskizun bilakatuko den, ezohiko espazioetan lan egiteko gogoa ere banuen», azaldu zuen Jon Mayak entseguaren atsedenaldi batean.

«Benetako erritual bat gertatzea nahiko genuke eta jendea antzokira iristen denean benetako erritual bateko partaide dela sentitzea. Interpreteentzako, dantzarientzat zein abeslarientzat, bidaia bat da ikuskizunean sentitzen dutena. Giro jaso eta landu bat sortzen da, espiritualtasunera jotzen duena. Kontzeptu horiekin jokatu dugu», bota zuen zuzendariak.

Dantzari guztiek lan aparta egiten duten arren, Urko Mitxelenaren ekinak atentzioa ematen du, denbora luzean bakarrik aritzen delako dantzan, izerditan, ia atsedenik hartu gabe. «Fisikoki exijentea da. ‘Oskara’ ikuskizuna teknikoagoa da, eta honek esfortzu fisiko gehiago eskatzen digu. Gainera, emozionala ere bada, sentimendu asko daude agertokian. Errepikapenean sartzen naizenean bakarrik sentitzen naiz, eta, norbait agertzen denean, bizitzako une latzetan lagun bat agertzen den bezala, indarra ematen dit. Psikologikoki ere gogorra da. Batzuetan gertatzen zait hasi aurretik datorrenean pentsatzen hasten naizela. Baina gero burua joan egiten zait eta momentura nago; jarraitu egin behar dut», azaldu zuen dantzariak berak.

Era berean, Mitxelenak gehitu zuen David Azurza eta gainontzeko kideekin batera familia osatzen dutela, eta elkarrekin dantzatuz energia nabari dela. «Eneko eta Ibonek, gainera, indar eta oreka mugimenduak egiten dituzte. Euren artean ondo ulertu beharra dute, bestela lurrera doaz-eta», aipatu zuen bere kideei buruz.

Sharon Fridmanekin elkarlana

Ikuskizunaren hasierako ideia Jon Mayarena izan bazen ere, koreografia Sharon Fridman dantzari israeldarrarena da. «Berak esaten du prozesuan anaiak izan garela. Asko konpartitu dugu, baina koreografoa bera izan da. Horrelako elkarlanak beti dira aberatsak; Sharonek teknika garaikideak ditu eta guk dantza tradizionala. Horrez gain, Euskal Herriko erritu tradizionaletan inspiratu nahi genuen. Hori guztia batzeak badu nahikoa pisu», adierazi zuen zuzendariak.

Mayaren ustez, Sharon Fridman uneotan dantza garaikidean den pertsona interesgarrienetakoa da. Israelgo dantza tradizionala landuz hasi zen, eta pixkanaka dantza garaikidean murgildu zen. «Kuriosoa da nola egun erabiltzen duen contact hori, gorputzen kontaktutik datorren mugimendua, bere amak duen gaixotasun baten ondorioz erabiltzen hasi zen, ibiltzeko laguntza behar duelako», azaldu zigun Mayak.

Proiektu honetarako Sharon aukeratu izana ez da kasualitatea. «Berak ere dantza tradizionaletik garaikiderako bide pertsonal bat egin du. Eta horrek suposatzen du baduela egungo begirada bat, baina baita mugimendu tradizionalak ulertzeko gaitasuna ere. Bestalde, proiektu sozial ugari ditu, oso espirituala da, oso gordina, gardena, eta uste nuen horrelako proiektu baterako aproposa zela. Deitu eta minutura jada pentsatzen ari ginen zer egingo genuen. Berak ere esaten du bere bizitzako momentu honetan bere konpainiatik kanpo gonbidatu gisa lana egiteko gogoa ere bazuela. Gainera, azken bi urteotan oso bide paraleloak izan ditugu; jaialdi eta azoketan topo egin izan dugu, ‘Oskara’-rekin gu eta bera bere konpainiako ikuskizunarekin. Elkarri segika ibili gara», kontatu zuen. Hala ere, ez zuten elkar ezagutzen eta harreman hau hasi izana positiboa da Kukairentzat.

Dantzariez gaindiko elementuak

Ikuskizunak ordubeteko iraupena dauka, baina horri gehitu behar zaio antzokiko atea zabaltzen den unetik hasten direla dantzariak lanean. Entseguan bezala, ikuskizunean ere hala izango da: publikoa aretora sartzen den bitartean dantzariak mugimendu errepikakorrak egiten arituko dira dagoeneko. Antzokia txikiagoa bada, introa motzagoa izango da. Antzoki handietan, ordea, luzeagoa.

Sharon Fridman eta konpainiako argiztapenaren arduradun David Bernues elkarlanean aritu dira obra prestatzen. «Egia esan, lehen egunetan, nik neuk ikusten nuenean ere, izugarrizko inpaktua eragiten zidan emaitzak. Argi diseinu aldetik oso ikuskizun potentea da eta uste dut horrek obra beste maila batera eramaten duela. Uste dut argiztapena badela ikuskizunaren puntu fuerteetako bat», aitortu zuen Bernuesek.

Jantziek ere badute garrantzia. Ikerne Jimenezek sortu ditu, aurretik ere Kukairentzat lan egin izan duena. «Oso ondo planteatu da jantzitegia, ez dielako beste elementuei gaina hartzen. Osagarri on bat dira. Abesbatzarentzat ere badaude jantziak. Bestalde, Kukairen lerroarekin bat datozen euskal jantziteriako elementuak ikus daitezke, erabat garaikideak direnak ere bai, eta genero bereizketarik ez izaten saiatu gara. Aurreko lanetan ere hori landu dugu», aipatu zuen.