Nagore BELASTEGI
Donostia

1936ko gerrak Bizkaian utzi zituen istorioak dakartza «Ekaitza urrun» lanak

Benetako gertakari historiko bati fikziozko osagarriak gehitu dizkio Joanes Urkixok bere lan berrian. Amaren familia nazionalista zuen, eta, aitarena, berriz, sozialista. Horietan oinarritu da Gabino protagonistaren familia osatzeko. Ertzaintzaren sorreran eta hasiera batean osatu zen Nazioarteko Polizian izandako gorabeherak kontatzen ditu «Ekaitza urrun» lanean. Izan ere, indar hartako buruaren aitaginarrebak espioitza lanak egin zituen frankistentzat.

1936ko irail eta azaro bitartean kokatzen da “Ekaitza urrun” nobela, Joanes Urkixo helduen literaturara bueltan ekarri duen liburua. 1982an idazten hasi eta 90eko hamarkadara arte eleberriak, antzerki lanak, poemak, ipuinak eta haur eta gazte literaturako lanak eman bazituen ere, etenaldia egin zuen literaturgintzan gidoilari lanetan aritzeko.

Orain nobela historiko batekin dator Erein argitaletxearen eskutik. Idazleak berak aurkezpenean azaldu zuenez, «eleberria eta historikoa da, ordena horretan». Izan ere, aspalditik kontatu nahi zuen gertaera historiko batean du oinarri lanak, baina Urkixoren helburua literatura lan bat egitea izan da, eta, horregatik, esaldi eta pertsonaia landuak eskaintzen dizkigu. «Batzuetan, lan historikoa denean, literatura aldetik barregarri edo eskas izaten da», aipatu zuen idazleak.

1936ko gerra Bizkaira iritsi zenean kokatzen da akzioa, Ertzaintzako buru Luis Ortuzarren aitaginarrebak egindako espioi lanak oinarri hartuta. Gizon hura fusilatu egin zuten, traidorea izateagatik. Urkixo espioi haren ondorengo batekin dago ezkonduta, eta horregatik zen garrantzitsua berarentzat istorio hau liburu batera ekartzea. Baina benetako gertaera batean oinarritzeak ez du esan nahi guztia egia denik, irakurlearentzat kontakizuna deigarriagoa izateko fikzioa ere txertatu duelako.

Protagonista Gabino da, Galdakaoko familia bateko anaia gazteena. Senideen artean beste aita batena den anaia bat dago, familiarekin hazi ez arren Gabinorekin harreman estua duena. Anaia Basaurira doa lanera eta bertan komunista egiten da. Aitak bien arteko harremana begi onez ikusten ez duenez, Gabinori frontera borrokara joatea debekatzen dio eta Nazioarteko Poliziara (gero Ertzaintza bilakatuko zena) lanera bidaltzen du. Bertan, anaiak kontatutakoak bere bizipenekin konparatzen ditu, eta gerraren kontraesanez ohartzen hasten da. Tartean, familia frankista bateko neska batekin maitemintzen da.

Neutral ez, errespetuz bai

Urkixoren amaren familia nazionalista zen eta aitarena sozialista. Horietan oinarritu da protagonistaren familiako gatazka politikoa islatzeko. «Ni ez naiz neutrala, eta ez dut neutrala izan nahi nire ideologia dudalako», esan zuen idazleak eleberrian bando baten aldeko kontakizuna dagoela aitortuz. «Nola nire neutraltasun faltaz kontziente naizen, saiatu naiz pertsonaia guztiak errespetuz tratatzen», azpimarratu zuen.

Adibidez, frankistentzat espioi lanak egin zituen “gaizkilea”, eleberrian «ez da gaizkile bezala agertzen, bere arrazoiak zituelako: erlijioa, familia eta negozioak». Protagonistaren antagonista, beraz, ez da espioia, bigarren mailako pertsonaia bat baizik, gutxi agertzen den arren paper garrantzitsua duen nazi bat.