Patxi GAZTELUMENDI
AZPEITIA
Entrevue
XABIER GANTZARAIN
IDAZLEA

«Historia hurbila artearen bitartez azaldu behar banuen gatazkak hor behar zuen»

Euskal Herriko 23 artelan aukeratu eta horiei buruz idatzi du Xabier Gantzarainek «Zuloa» liburuan. Arte Ederretan lizentziatua da eta gaur egun Azpeitiko Dinamoa artegunea sustatzen ari da. Ez du katalogo bat idatzi, ezta arteari buruzko saiakera bat ere. Bere liburuaz eta artearen funtzio sinbolikoaz jardun gara San Agustin kulturgunean.

Ibon Aranberri artista, bere zitak, estetika, Itziar herria bera sarri aipatzen dituzu.

Ibon Aranberri artista izango da, seguru asko, egin dituen gauzekin-eta, gehien identifikatzen naizena. Egiten duen guztia gustatzen zait, eta niretzat beti izan da erreferentzia. Madrilen masterra egiten ari nintzenean, elkarrizketa egin nion berari, hotel bateko hall batean. Geroztik harreman ona daukat berarekin, eta askotan joan izan naiz berarekin kafe bat hartzera Itziarrera, hitz egitera. Libururako azkenean bere bi lan hartu ditut, baina askoz gehiago sartzea ere izango nuke. Gu baino pixka bat zaharragoa da, 69koa, baina gure belaunaldikotzat daukat.

Liburu hau atzekoz aurrera irakurriko bagenu, «Zuloa» testua bera euskal gatazkatik edo aferatik urrutien geratuko litzatekeen testua izango litzateke beharbada.

Gatazka bera nola ulertzen den da kontua. Batzuetan gatazkaren presentzia esplizituagoa da; Txomin Badiolaren “Malas formas” erakusketan ertzainak agertzen dira, kaputxatudunak, pistolak, lotutako jendea… gatazkaren iruditeria oso bat agertzen da, zeharka bada ere. Gatazkarekin lotzen ditugun irudiak dira. Baina “Zuloa” niretzat gatazkaren muinera jotzen duen lan bat da, gatazka politikoa edo armatua. Baina niretzat gatazka politikoa oinarritzen da euskaldunaren jatorrian, ezberdintasunean, bere kulturaren ezaugarrietan… nolabait gatazka hor oinarritzen da. Ibonek, lan horrekin, jatorri mitiko hori ukatu egiten du. Ez dago jatorri mitikorik Aranberriren lan horretan. Oteizaren jardun guztia ukatzen du; euskaldunak, cromlechak eta hori guztia. Berdinak garelako daukagu libre izateko eskubidea. Zuloa horregatik dago portadan eta hasieran gainera. Azken urteotako historia hurbila artearen bitartez azaldu behar banuen, dudarik gabe, gatazkak hor behar du. Arteak egin duen irakurketa planteatu nahi nuen. Arteak bere garaiari buruz jarduteko duen gaitasuna edo modua azpimarratu nahi nuke.

Gainontzeko lanetan argiagoa da, ordea.

Liburua ez da gatazkari buruzkoa bakarrik. Saioa Olmoren “Euskadi ™” ez da gatazkari buruz berez, baina “Euskadi” nola ulertzen den eta zertarako erabili nahi den turistikoki edo ekonomikoki azaltzen du lan horrek. “Euskadi” futbol ekipo baten elastikoan eta ondoan “Tenerife” publizitatea duen beste futbolari bat. Arteak bere garaiari buruz jarduteko duen modua aztertu nahi nuen, eguneroko martxak eta zaratak sortzen duen horretatik urrundu eta beste patxada bat eskaini.

Hautatu dituzun lan gehienak XXI. mendekoak dira, eta bakan batzuk 90eko hamarkadako azken urteetakoak.

Zumeta, Ameztoi eta Arias sartu ditut aurreko mendekoak, baina beste guztiak ondorengoak dira. Zumetaren lana, adibidez, 90eko hamarkadakoa da, “Gernika”-ren bere bertsio handia.

Ibon Aranberri edo Txomin Badiolak pisu handia dute artearen munduan, mundu mailan gainera. Asier Mendizabal edo Itziar Okariz ere munduan barna dabiltza, erakusketak egiten. Baina ez dakit Euskal Herrian ezagunak diren. Izenak ezagututa ere, beren lana ezagutzen du jendeak?

Bulkada ezberdinak izan nituen liburua hasteko. Beka bati esker egin dut liburua, baina hasierako txispa ekarri zidan Euskal Herrian bertan gure artistak ezagunak ote diren zalantzak. Oteiza, Txillida edo Basterretxea ezagutzen ditugu bai, ulertzen ditugu, etxekotzat ditugu. Bestetik, ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenean, GARA egunkariak Zumetaren “Gernika” agertu zuen azalean eta kontrazalean. Pentsatu nuen: “Albiste historiko hau emateko eta ilustratzeko azala eta kontrazala biak irekita eginda koadro bat agertzen zen, artearen funtzio sinbolikoa kontuan hartzen da horrelako albiste historiko bat emateko”. Gero, Zumetaren “Gernika” koadroari buruzko kapitulu bat egin dut.

Nori idatzi diozu?

Arte munduko jendearentzat ez idaztea erabaki nuen. Edozeinentzako moduko liburua egin nahi nuen, artea gustuko duenari edo kezka kulturala baduenarentzat. Ez dut artista baten azterketa eta eraginetan murgildu nahi izan. Nire helburua nagusia izan da artelan bat hartu eta nigan sortzen zuena aztertzea, baita Euskal Herriko historia hurbilarekin zuen lotura ere. Batzuetan nire bizitzarekin lotu dut, edo hainbat gertaerarekin. Nire lana hori izan da, ikusle baten paperean jarri eta ikusleak ikusten duen hori norbere buruari kontatzea.

Erabili duzun idazketa edo narratiba berezia izan da; ez da katalogoa, baina ezta saiakera bat ere.

Ez du kanonik ezarri nahi, baina, era berean, egin egiten du, 23 artelan aukeratzen dituelako. Ez da kazetaritza lan bat, baina hortik ere badauka. Saiatu naiz gauzak ahal bezain hotz edo “Wikipedia” estiloan azaltzen. Bere gauzak kontatu nahi dituen pertsona gailendu zait.

Obra guztien irudi edo argazkiak ere jarri dituzu gainera. Irakurleak asko eskertzen du hori.

Artista guztiek utzi didate obra jartzen. Oso eskertua nago alde horretatik. Hasieratik garbi neukan irudiak sartu nahi nituela, eta lehenengo momentutik horrela hitz egin nuen argitaletxearekin, eta gogoan nuen Susak Jon Alonsoren “Camembert helburu” publikatu zuenean zelan egin zuen. Pliego batean sartu nahi nituen obra guztiak, beste paper batekin eta irudiak koloretan, ondo eginda. Obra ezagutzen ez duen irakurleari helduleku bat eman nahi nion. Ezagutzen ez duzun obra horri buruz lasaiago jarduteko.

Zumetaren “Gernika”-ren kasuan, irudia ezagunagoa da. Eta gainera, irudien hurrenkera nola gelditu den asko gustatzen zait.

Memoria ariketa bat egin duzu zuk ere, gustura sentitu zara lan honetan?

Ardura bat sentitzen nuen, baina ez memoriagatik, artista batzuei buruz idazten ari naizelako baizik. Artelan horiek ahalik eta ondoen azaltzen saiatu naiz. Memoriarekin badut ardura bat, baina memoria oso tranposoa iruditzen zait, oso modu hipokritan jokatzen dugula iruditzen zait. Memoria behar bat izan da, adinean aurrera goazen heinean gure buruari gauza batzuk kontatu behar izan dizkiogulako.

Guk nola bizi izan dugu gatazka armatua? Asteburuetan juergan ateratzen ginen, gure bizitza egiten genuen. Eta saiatu naiz hori ekartzen, azaltzen.

Garaien lekukotasun honetan emakume artista ugari ageri da. Hautua ala errealitatea?

Ez da hautu bat, ez nuen bereziki sartu beharrik ikusten, egon badagoelako. Garai batean ez bezala, gaur egun emakumeak gehiengoa dira. Gazteen artean gehiago ikusten dira. Ez da kantitate kontua bakarrik. Adibidez, Ibon Aranberrirekin asko identifikatzen naiz, baina, obra bat aukeratu beharko banu, Itziar Okarizen lana izango litzateke, bere obra oso garrantzitsua baita niretzat. Ez da emakumeak derrigor sartu beharra izan, egiten duten lana interesantea iruditzen zaidalako daude hor.

Artearen munduan non kokatzen duzu zure burua? Idatzi idazten duzu arteari buruz, liburu azalak ere egin izan dituzu...

Liburu hau idazterakoan askatasuna sentitu dut, ni arte munduan ez nagoelako. Artikuluak idatzi izan ditut, baina ez naiz hor bizi. Jarraitzen dut eta distantzia bat daukat. Ez daukat inorekin zorrik, ezta konturik eman beharrik ere.

Nire erara jarraitzen dut artea, eta hori gustatzen zait, eta horrelako gauzak idazteko orduan mesede egiten dit.

 

«Beste ezerk lortu ezin duen funtzio sinbolikoa dauka arteak»

Felix Likinianok sortu zuen ETA erakundearen “Aizkora eta sugea” ikurra eta Koldobika Jauregiren eskutik etorri da “Bakearen arbola”. «Beste ezerk lortu ezin duen funtzio sinbolikoa dauka arteak, berez lotzeko zaila direnak elkartzen ditu arteak», Gantzarainen aburuz.

«Koldobika Jauregik egin duen irudi horrek eta gerora eskultura bihurtu denak badu funtzio sinbolikoa. Horregatik eskatzen zaio artista bati, artelanak funtzio sinboliko bat beteko duelako».

Eta Xabier Gantzarainek azaldu duenez, ulertzen du GARAk Aieteko Adierazpenaren osteko ETAren su-eten iraunkorra irudikatzeko Zumetaren “Gernika” lana aukeratu izana: «Zumeta euskal herritarra da, 60ko hamarkadatik artean murgilduta dagoena, kartelak egin ditu, artelanak, Mikel Laboaren diskoen azalak, eta, gainera, ‘euskaldunon Gernika’ da Zumetarena, gure ‘Gernika’, eta bere funtzio sinbolikoa betetzen du horrek». Eta egunkari honek Oteizaren lan bat oinarri duen logotipoa egunero azalean argitaratzen duela gogorarazi digu Gantzarainek.

60ko hamarkadatik gaur egunera arteak bete duen funtzioa aldatzen joan da egilearen ustez. «Garai bateko eskultoreen irudiak oraindik egunero ikusten ditugu: Euskal Herriko Unibertsitatea, Kutxa, Gestorak, Txillidaren lan asko… Horren irakurketa ironiko bat egin zuen Ibon Aranberrik, guztiak banderatxoetan jarrita Elektronikaldia batean». Eta berak ere kritikari heltzen dio: «Bere funtzioa bete badute ere, Oteiza edo Txillidarekin gabiltza oraindik. Hori gainditu beharra ikusten dut nik. Ondorengoak zertan ari dira? Hori da nire abiapuntua».

Eta jarraian arrapostua: «Zergatik ez zuen GARA egunkariak Ibon Aranberriren ‘Nova era’ lana jarri portadan?». Artiumen jarritako obra bat da, metalezko xafla bat, zuloz marraztua, tiroekin, ikurrina bat irudikatuz. «Badakit ezinezkoa dela, GARA egunkariak ezingo zuen hori plazaratu, baina niri oso ona iruditzen zait. Zuloekin egindako ikurrina. Baina ze estaturen oinarrian ez dago ba gerra bat edo hildakoen odola? Irudi horrek irakurketa ezberdinak ekar ditzake».P.G.