Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Iruindar bat Danimarkan, eta haren istorio odoltsua

Danimarkako irla txiki batean kokatzen da Xabier Etxeberriaren lan berria. Iazko Zubikarai saria irabazi ostean, «Berriro itzuliko balitz» nobela idatzi du, Danimarkan arrotz sentitzen den euskal musikari baten istorioa, gerora thriller bilakatzen dena.

«Idatzi duen nobelarik odoltsuena eta krudelena» bezala definitzen du Xabier Etxeberriak “Berrio itzuliko balitz” lana. Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera ematen duen Zubikarai saria lortu zuen iaz eta horri esker nobela garatu ahal izan du.

Atzerrian arrotz sentitzearen ideiaren inguruan sortu zen istorioa, pixkanaka nobela beltzerako noranzkoa hartu zuen, Etxeberriari genero hori gustatzen zaiolako, eta, azkenean, inoiz egin duen libururik bortitzena atera zaio. «Ohitura daukat liburuetan kantu zatiak gehitzeko», azaldu zuen aurkezpenean eleberriaren izenburuari erreferentzia eginez, Xabier Leteren habaneraren hasiera hori baita. Hala ere, L.P. Hartley idazlearen esaldi batean oinarritu da: “Iragana atzerriko herrialde bat da”. Zita hori buruan zuen aspaldi, eta bere ideiak apuntatzen dituen koadernoan behin idatzitako beste ideia batekin lotu zuen: «‘Harrotza = harro + hotza’. Alegia, batzuetan atzerritarrei zuzentzen diegun begirada ‘harrotza’».

Idazlearen intentzioa zen protagonistarekin enpatizatzea eta pentsatzea zer sentituko lukeen leku batean arrotza balitz. Hala, atzerritar bat Euskal Herrira ekarri beharrean, iruindar bat atzerrira eraman zuen, Danimarkara. «Danimarka aukeratu izanaren arrazoia ez da nobela beltz nordikoen kutsua eman nahi izana eleberriari», azpimarratu zuen, eta azaldu zuen istorioa lantzen ari zela erreportaje bat irakurri zuela herrialde horretan hazten ari den arrazakeriari buruz. «Beti eredu izan dugu Danimarka. Bada, orain, Europako herrialde arrazistenetakoa da. Eta buruan hasi zitzaidan bertan istorioa kokatzeko ideia sendotzen», aipatu zuen.

Era berean, Danimarka aproposa iruditu zitzaion gogoa zuelako uharte txiki batean nobela bat kokatzeko, eta herrialde horretan irla asko daude. “Berriro itzuliko balitz” lanerako irla bat asmatu du, endogenikoa, bertara ferryan iritsi behar den leku bat.

Bi protagonista

Nobelan bi pertsonaia nagusi agertzen dira. Alde batetik Karlos Jaso dago, Iruñekoa eta jazz talde bateko musikaria. Alargun gelditzen da, eta, taldea utzita, 3 urteko alabarekin emaztearen jaioterrira doa, bertako musika eskolan irakasle lanetan aritzeko. Bestalde, Ebbe ezagutzen dute ferryan, desagertutako alabaren bila dabilen emakumea. Hasieran istorio lasai bat dirudiena laster korapilatuko da.

Liburuan garrantzia duen beste gai bat aitatasunarena da. «Ni nire etxean ez naiz idazlea, aita naiz. 20 urte nituenean ez nuke hau kontatuko eta orain bai. Seme-alabekiko dugun maitasunagatik zer egitera irits gaitezkeen aztertzen du nobelak; gauza onak eta txarrak».

Erabilitako hizkuntzari dagokionez, idazleak esan zuen saiatu dela estilo sinplean egiten, baita muntaia zinematografikoa lantzen ere liburuan zehar bira argumentalak sartuz. Umore ukitu batzuk ere baditu, baina aurreko nobelekin konparatuta askoz ilunagoa atera zaio, agian gaiak hala eskatuta. «Gauzak transzendente jartzen direnean txisteak sartzeko joera daukat. Aurrekoetan umore gehiago zegoen, baina ez da kontzientea izan», onartu zuen.

Gainontzeko nobelekin duen beste desberdintasun bat da lehen pertsonan idatzi beharrean, hirugarren pertsona hautatu duela, pertsonaia denek, protagonistak barne, sorpresak emateko. Horrela intriga mantentzen du zer pentsatzen duten ez dakigulako.