GARA
BILBO

Euskal emakume zinemagileen jardunari bultzada

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zineuskadi elkarteak Noka Mentoring ekimena jarriko dute martxan, euskal emakume zinemagileek ikus-entzunezko sektorean duten pisua eta ikusgaitasuna indartu nahi duen formakuntza eta laguntza programa berria. Ekimen honen bidez egun dauden «kristalezko sabaiak» apurtu nahi dira eta emakumeei laguntza eskaini nahi zaie zinema- proiektuen garapeneko beren lehen esperientzietan.

Asmo horiek lortzeko, «mentoring» eta laguntza pertsonalizatu programa berri bat jarriko da abian. Horren bitartez, hiru zinema proiektu hautatuko dira, hirurak film luzeak, eta urtebetez, 12 mentoreren bidez, formakuntza eta aholkua eskainiko zaie. Babes hori eskainiko duten aholkulariak nazioarteko zinemagintza industriatik aukeratuak izango dira, euren ospe eta ibilbideagatik.

«Mentoring» eta laguntza programa hau hastear dago eta astelehen honetan bertan ireki da proiektuak aurkezteko epea. Deialdia abenduaren 14an itxiko da, eta interesatuek noka@zineuskadi.eu helbidera bidali beharko dituzte eskaerak (deialdiaren xehetasunak eta bidali beharreko materiala Zineuskadiren webgunean kontsulta daitezke).

Zinema proiektuak dituzten EAEko emakumezko zinemagile guztiek eman dezakete izena Noka Mentoring programan, eta egitasmoak fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan daitezke. Proiektuak hautatzeko ardura izango duen batzordeko kideak hauek dira: Maialen Beloki (Donostia Zinemaldia), Pau Guillen (Zinegoak), Jara Ayucar (Zineuskadi) eta baieztatzeke dagoen beste pertsona bat. Batzordeak hiru proiektu hautatuko ditu, istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua eta nazioartekotzeko ahalmen komertziala kontuan hartuz.

Programak urtebete iraungo du, 2019ko urtarriletik abendura arte. Esan bezala, 12 mentoreak nazioarteko zinemagintzari begiratuta hautatuko dituzte. Izen batzuk aurreratu zituzten atzo: Anahi Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar Garcia Zubiri ekoizlea (Arena Comunicación) eta Punto de Vista Jaialdiko zuzendari Garbiñe Ortega.