Toti Martinez de Lezea
Unicef-eko #UnNombreUnaVida kanpaina
KOLABORAZIOA

Izena badu, bada

Euskal esaera zahar batek dio «izena badu, bada». Edo, beste modu batera esanda, izenik ez duena ez da existitzen. Bateren batek galdetzen badit zein den, nire iritziz, Naturaren miraririk handiena, giza bizitza erantzungo dut inolako zalantzarik gabe. Zeren eta mirari bat baita emakume baten sabelean bizitza bat ernaltzea, izaki bat, behin jaiota, bere ibilbideari ekin, hitz egin, pentsatu, maitatu, barre, negar, lan egin, bizitza gehiago ernaldu eta, kasurik onenean, urteen poderioz hilko dena. Pertsona horrek izen bat izango du, bere bizialdian zehar entzungo duen izena, eta berari esker besteen oroimenean iraungo duena.

Haurren heriotza tasa gaitz bat izan da Historian zehar, eta halaxe jarraitzen du izaten. Izurriek, goseteak, gerrek, babesgabeenengan, errugabeenengan, ahulenengan dute eraginik handiena, hori badakigu. Albisteak entzun edo ikusten ditugunon ezintasunaren aurrean, eta zenbaitetan axolagabetasunaren aurrean ere egunero hiltzen diren haur horiek existitu egiten dira, izenak dituzte. Eta beste hildakoak daude, ikusezinak, hilda jaiotzen diren haurrak edo ordu edo egun gutxira hiltzen direnak; zoritxarreko bizitzak, arrastorik uzten ez dutenak, ez baitute izenik ere eta zifra modura gehitzen dituzte estatistiketan.

Europan, beste garai batzuetan, klase aberatsetako emakumeek erditu aurretik sinatzen zuten euren testamentua, erditzean edo ondoren hiltzeko izugarrizko arrisku handia zutelako une oro arreta jaso arren. Haiek bezala, seme-alaba ugari hiltzen ziren bizi izan gabe eta, izan ere, bizirik irauten zutenei ez zitzaien “haurrak” deitzen, “heldu txikiak” baizik. Dena den, ez da kontuan hartzen haurren kopuru handi hori, hirietan edo landa eremuan medikamentu gabeziagatik, goseteagatik, izurriengatik eta gatazkengatik hiltzen diren haur horiek. Emakume aberatsak eta behartsuak ere animatu egin ohi zituzten, baita behartu ere, familia ugaria izatera jaioberrietako batzuek bizirik irautea lortzeko, eta horrela despopulazioa eta herrialdeen hondamendia saihestu ahal izateko.

XIV. eta XV. mendeetan izugarrizko beherakada izan zuen demografiak, eta horren eraginez sorginen ehiza jazarpen bat izan zen emaginen eta sendalarien aurka, haiek baitziren erdi-urren zeuden emakumeei arreta ematen zietenak. Hala, haiei leporatzen zieten hilda jaiotzen ziren edo erditu eta handik ordu batzuetara hiltzen ziren haurren heriotza eragitea. Errua egotzi zitzaien, baliabiderik ezean, emakumeek belaunaldiz belaunaldi egin bezala, amei arreta emateaz arduratzen zirenei. Beste kasu batzuetan, sinesmen erlijiosorik ezari egotzi ohi zitzaion heriotza eta jainkoaren zigor bat bezala ere ikusten zen, gurasoek egindako bekatuengatik. Euskal tradizioan, badira kondairak non deabrua jaioberri baten arima erauzten saiatzen den bataiatua izan aurretik, hau da, izen bat izan aurretik; hala, horrek erakusten du gai horrek kezkarazi egiten zituela gure arbasoak. Hala eta guztiz ere, bataiatuak izan ez zirenez eta lur sakratuan ehortzi ezin zirenez, izenik gabeko haurrak etxeetako teilatu hegalean hilobiratzeko ohitura ere zabaldu zen, familiako kide izaten jarrai zezaten.

Gaur egun, jakin badakigu, orokorrean, haurren heriotza, erditu aurretik edo ondoren, ez dela deabruak eragindako zerbait, ez eta jainkoen zigor bat edo begizko baten edo madarikazio baten ondorio ere, hauek baitira orain eragileak, higiene falta, baziloak eta praktika okerrak, gure herrialdean antzina gertatu bezala, baina gose endemikoa, edateko urik ez izatea, emakumezkoen infantizidioa... ere izan daitezke eragileak; ugariak dira oso arrazoiak milaka gizaki ez existitzea edo ez existitu izana berekin ekarri dutenak.

Zazpi mila haur hiltzen dira egunero munduan, erditzean edo bizitzako lehenengo hilabetea bete aurretik; bi milioi eta erdi haur baino gehiago urtero. Heriotza horien ehuneko laurogei neurri sinpleekin saihestu daitezke. Historian zehar kontaezinak dira zesareaz edo jaioberriak hilda jaio direnak edo ordu edo egun batzuk geroago hil direnak; horietako askok ez dute izenik, ez dira, desagertu egiten dira familiaren, tribuaren, komunitatearen memoriatik. Eta zorigaitz hori arintzeko ahaleginak eta ikaskuntza behar izan dira mende luzeetan zehar. Duela ez asko, gure amonek beren seme-alabak galtzearen trantze mingarri hori sufritu izan dute eta, askotan, beren bizitza galtzeraino gainera. Nahiz eta, neurri batean, medikuntzan eta gizartean izan diren aurrerabideek lortu duten herrialde aurreratuetan heriotza tasak nabarmen murriztea, ezin da gauza bera esan planetako eskualde pobreenei eta, beraz, atzeratuenei buruz ari garenean, non hildako haurren kopuruak ikuspegi orotatik diren onartezinak.

Medikuak, erizainak, laguntzaileak, psikologoak, aholkulariak behar dira, haurdun dauden emakumeei eta beraien seme-alabei laguntzeko, eta haiek botikak, ospitaleak, ur putzu garbiak eta nekazaritzako sistema produktiboak helmenean izatea lortzeko, horrela lortuko baita ahal den heinean izaki ikusezinek existitzeko aukera bat izatea. Munduko gobernu aberatsek hondamendi hori arindu lezakete armamentuan inbertitzen duten horren zati txiki bat besterik ez bada ere eskainiz gero, baina ez dute halakorik egiten, eta zeregin hori Unicef-en eta erakunde humanitarioen erantzukizunaren pean geratzen da. Erakunde horiek, aldi berean, borondate oneko pertsonen laguntza ekonomikoa behar izaten dute beren lana aurrera eramateko, gobernuetatik iristen diren subentzioak edo laguntzak, baldin eta horrelakorik badago, urriak baitira hainbeste haurren bizitzaren alde borroka egiteak berekin dakarren lan izugarriaren aurrean. Ezin dugu gauza handirik egin bakarka; ordea, gure ahalmenaren arabera lagundu dezakegu. Ekarpen horiek, edozein izanik ere, lagungarriak izango dira nolabait milaka jaioberrik bizitzeko eskubidea izan dezaten lortzeko. Bizitza orok merezi baitu izen bat, izen orok merezi baitu bizitza bat.