GARA
GASTEIZ

Erizainen kalitatezko arreta legez bermatzeko sinadurak biltzen hasi da Satse

«Merezi dugun osasungintza. Erizain ratioen legea» kanpainarekin, Madrileko Diputatuen Kongresuan legegintzako herri ekimena aurkeztu nahi du Satsek, erizain gehiagoren beharraz eztabaidatu dezaten.

Satse erizaintza sindikatua sinadurak biltzen hasi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, erizain bakoitzari dagokion gehienezko paziente kopurua legez mugatzeko legegintzako herri ekimena eztabaida dezaten Diputatuen Kongresuan. Osasun zentroetan, esparru soziosanitarioan eta herritarren artean bilatuko dituzte atxikimenduak, osasun arreta seguruagoa eta kalitatezkoa bermatzeko.

Estatu osoan 500.000 sinadura lortu behar dira halako herri ekimenak Kongresura heltzeko. “Merezi dugun osasungintza. Erizain ratioen legea” sentsibilizazio eta informazio kanpainan egiten ari dira bilketa. Helburu orokorra erizainen lanpostu kopurua handitzea da eta, hala, «gaur egun indarrean dagoen dirua aurrezteko irizpidea saihestu eta zainketen kalitatea eta segurtasuna hobetzea». Erizain bakoitzeko sei paziente izatea proposatzen dute.