Asier AIESTARAN
PILOTA

Badaezpada hirugarren amaitu nahi dute

Finalaren atarian geratzearen pena gainditu eta amaiera on bat eman nahi dute Oinatzek eta «Urrutik».

Finalak beti sortzen duen burrunbatik aparte, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak hirugarren posturako lehia jokatuko dute igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Motibazioa berdina ez den arren, biek saiatu nahi dute hirugarren postu hori lortzen, azken orduko lesioren bat egonez gero igandeko irabazlea sartuko bailitzateke finalean ordezko moduan.

Hori bakarrik ez. Tolosan irabazten duenak Asegarceko pilotari onena izatearen ohorea ere izango du, bi finalistak Aspekoak izanik. Gainera, Bilboko enpresarentzat kaiolako txapela jantzi duten azken bi pilotariak dira Bengoetxea (2016) eta Urrutikoetxea (2015). Eta aurrekari moduan ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten partida gogora daiteke: Lekunberrin izan zen, aurreneko jardunaldian, urriaren 14an, eta Oinatzek 22-14 menderatu zuen Mikel.

«Partida hura beste une batean jokatu genuen, ez du ezer esan nahi orduan nik irabazi izanak»; hala kendu zion garrantzia leitzarrak bere garaipenari. Izan ere, nafarrak Urrutikoetxearen gorakada nabarmendu zuen, azken asteetan behetik gora egin duela aipatuz eta bere aurka jokatzea oso zaila izango dela berretsiz. Hori bai, aurreko larunbateko finalerdian erakutsi bezala, eskuak oso ongi omen ditu eta neurketa on bat egiteko ilusio handiz dago.

Urrutikoetxeak, bere aldetik, onartu zuen kosta egiten dela partida honi merezi duen garrantzia ematea. «Finalaren atarian geratu izanaren pena beti hor dago finalerdia galtzen duzunean, baina partida hau jokatzea ere polita da», esan zuen atzo Tolosan egindako material aukeraketan.

Aurkariaz galdetuta, Bengoetxea «momentu oso onean» dagoela azpimarratu zuen eta «gogor borrokatu» beharko dela hari irabazteko. Irabazi edo galdu, ziur Zaratamokoari ongi etorriko zaiola horrelako dema estu bat bere maila onena berreskuratzen jarraitzeko.

Jaialdia gaur Ataunen

Txapelketatik kanpo, jaialdi polita antolatu dute gaur arratserako Ataungo Auzoeta pilotalekuan (19.30ean, ETB1ek gauean). Partida nagusian Olaizola II.a eta Imaz Arteaga II.aren eta Albisuren aurka neurtuko dira.