GARA
BILBO

«Erlea» literatura aldizkariak hamabigarren eta azken zenbakia aurkeztu du

“Erlea” aldizkari literarioaren hamabigarren zenbakia aurkeztu zuten atzo Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Hain zuzen ere, euskal akademiaren mendeurrenari buruz dihardu zenbaki berri honek, garrantzitsuak izan ziren gertaerak eta pertsonaiak erakutsiz, modu hurbilean.

Bernardo Atxaga idazleak zuzentzen duen aldizkariak agur esango die irakurleei zenbaki honekin, bere ibilbidea bukatutzat eman ostean. 2009. urtean abiatu zen proiektua ixten du zenbaki honek, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak azken ia hamar urteotan eginiko ahalegina nabarmendu nahi izan zuen prentsaurrekoan: «Hasiera-hasieratik gure asmoa izan zen ‘Erlea’ euskal kulturako erreferenteetako bat bihurtzea, eta esango nuke lortu dugula, Bernardoren, Asun Garikanoren, Txema Aranazen eta Pamielaren laguntzarekin, bestelako kolaboratzaile guztiak ahaztu gabe. Izugarrizko lana egin duzue», adierazi zuen Urrutiak.

Jarraipena izango al du?

2009an, estreinako zenbakia kaleratu zenean, Bernardo Atxagak agindu zuen aldizkari «profesionala» izango zela, zenbaki bakoitzak «atmosfera» jakin bat izango zuela, eta aldizkari guztiek jarraitu izan diote eredu edo lerroburu horri. «Tamalez, sortzaile batzuk kanpoan geratu dira, baina XXI. mende hasierako euskal sorkuntzaren lagin garrantzitsua da ‘Erlea’», esan zuen Atxagak.

Aldizkari honen ibilbidea amaitu da, baina baliteke etorkizunean bestelako jarraipenik izatea, Atxagak berak iragarri zuenez: «Aurrerantzean, asmoa litzateke ‘Erlea’-ren antologia berezi batzuk argitaratzea. Bat egina daukat. Hori bai, gizarteak inplikatu beharko du horretan, antologia horiek ez baititut plazaratuko tartean eskaera jakin eta serio bat ez badago».

Esan bezala, azken ale honen gai nagusia Euskaltzaindiaren ehun urteak dira, eta eskaintzen dituen edukien artean hastapenetako euskaltzainen profilak, gordetako testu batzuk, iraganeko pertsonaien argazki berriak edota Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko hizketaldia proposatzen dituzte. Poemak, testuak eta iruzkinak ere badaude, ohi bezala.