GARA
IRUÑEA

Nafarroako EHNEk egoitza berria ireki du Arrotxapea auzoan

EHNE Nafarroa egoitza berria ireki zuen atzo Arrotxapean. «Sektorean ditugun beharrak bideratu, eskatu, eztabaidatu eta proposatzeko, baita nekazaritza eredu bat defendatzeko ere, gune nagusi izaten jarraituko du egoitza berriak», azpimarratu zuen Imanol Ibero sindikatuko presidenteak. Honek azaldu zuenez, aldaketak gune «bizi eta berritu baten hasiera» ekarriko du.

Iruñeko Garde kalean dagoen egoitza berrian nekazari eta abeltzainei zerbitzuak eskainiko dizkie sindikatuak, hala nola lan kontratazioak, lege aholkularitza, nekazaritzako zein bestelako aseguruak, ingeniaritza proiektuak, makineriaren inguruko dokumentazioaren kudeaketa eta laguntza eskaerak.

Iberok beste eredu baten aldeko apustua egin du. Lurrari lotutako kalitate oneko elikagaiak ekoiztu eta diru iturri izan ez ezik, ingurua eta herriak bizi mantenduko dituen eta baliabideak agortuko ez dituen nekazaritza baten alde.